Aurkibidea
GERTAERA SINPLEAK
Ekialdeko estrata jendetsuan,
non andreak balkoietan dantzatzen diren
esku gazteen txaloei jarraika,
irudimenerako materiala eskaintzen didazu,
kontakizun berrietarako akzioak.
Garai bateko estrata iguala izanagatik
eraikinetako itzalen formak aldatu dira,
beste berba batzuek deskribatzen dituzte
orain elkar ukitzen duten figuren eiteak.
Kanpo-behatzaile soil bilakatuta
irri konplizeak aztertzen dihardut
xehetasun oro neureganatu guran.
Keinu sinpleenak ere zailak izan daitezke azaltzen,
esaterako aurreko guztia
idazteko nahiaren zergatia:
zer dela eta eszena hau eta ez beste bat?