Tractatus
Tractatus
2014, poesia
128 orrialde
978-84-92468-57-7
azala: Laura Esteve
Jule Goikoetxea
1981, Donostia
 
2024, nobela
 

 

MUSEOA

 

Goya Akelarrean

mozkortuak eta

zorigaitzak beren poztasunean

ez arraitasunik

ez elkartasun uzkurtu baten

zantzurik

piztia kirastuak besterik ez gara

zaratatsuak korrokadunak

eta planeatzen dugularik

suntsitzeko baino ez da.

 

Saturnok ez du deus jakin nahi

ugaztun berritsuez

bere ile gris harrotuarekin

irensten du etorkizuna

jabegozko foneman

oraina (koskorra eta desarmatua)

torturatuko du

 

eta orainak ere sakrifikatuko du

(zibilizazioa da)

ahulena eta babesgabeena

babesgabetasunik eta ahuleziarik

gabeko

etorkizun baten izenean.

 

Piztiakeria erretratuak

mina argiaren eta kolonizazioaren

irazkinaz

puruak bilatu trafikanteak aurkitu

pintura anglosaxoia eta

industria bankari pelotoia

beste botere mozkorraldi bat

Apolo delako baten atzealdera itsatsia

ipurdi hilezkor on bat

jainkoak boterea usatu

dezaketen lekuetan bakarrik

kokatzen baitira

diote

Herkules seinalatuz

marmol bihotz

aurpegiarekin

Egeo itsasoari eutsiz

soinean ageri duela

betiereko erronka hilkorra

trafikoak eta Nikek arindua

hankutsik eta militarra

ibiltzen du Omonia

areto amaieraraino

mila soldadu

Zeusen aldareko

gudurako bertan zain dituela.

 

Simetria eta harmonia klasikoa

egungo hondamendiaren aurka

arrakala asmatuak

biziro kokatuak edozein kaosetan

arte gisa eskainia

MTV banderatxozko

txango jendetsuei

azenario krema zarrastada

eta Albaceteko zutabe dorikoei.

 

Inperioen bidegurutzea da

boterearen

edertasunaren eta minaren

elkargunea

sarkasmoaren

argiaren eta

ergeltasunarena.