Tractatus
Tractatus
2014, poesia
128 orrialde
978-84-92468-57-7
azala: Laura Esteve
Jule Goikoetxea
1981, Donostia
 
2024, nobela
 

 

GLORIA

 

ez zintuen inork

Demokritorekin nahastu

baina susmoa zegoen

ez ote zenuen bizitza luze

eta ankerra izango

 

oso

oso urtetsu

hilko zinen

Olinpo prekario batean

 

besterik ezean

gazte hiltzea

hautatu zenuen

gazte

eta glorian

 

sablez

porrotez

eta konspirazioz

lehorte hordiz

eta tolerantzia arriskutsuz

beteriko glorian

 

Sokratesen gisara

bizi izan zinen

zirikatzeari utzi gabe

Eoloren antzera

zatikatua

desagertu zara

itsasoaren babesera

 

zure azken hatsean

ducados batekin

bedeinkatu duzu Marx

eta hortxe utzi duzu Hegel

gorputza trokaturik

eta sozialistak zorabioan

aulki baten inguruan

jira-biran

 

Zinikoekin biziatua

anaideia

ez dirurik ez lotsarik

Feboren moduan

portatu zinen

bizirauteagatik

 

Diskordia bezala

identitateagatik

 

baina aspaldi du dakigula

Oteizarena

Benitorena

eta KGBrena zarela

 

demokraziaren

eta

klandestinitatearen

gerra hotzarena

 

sablez

bizitzaz

eta konspirazioz

lehorte hordiz

eta tolerantzia arriskutsuz

beteriko glorian