Aurkibidea
TRACTATUS CIVICUS
TRACTATUS MAGNANIMUS
Zure gatzaren malko batzuengatik
TRACTATUS INNAVIGABILIS
Aurkibidea
TRACTATUS CIVICUS
TRACTATUS MAGNANIMUS
Zure gatzaren malko batzuengatik
TRACTATUS INNAVIGABILIS
HEREDATU NUEN
Berandu agurtu ninduzun
arratsalde despistatu hartan
goiztiar jaio bainintzen
horrela zioen agenda
besapean:
«Hiru urterekin kaskoa eskuratu
altzairuzko batea zazpirekin
armarri osoa hamahirurekin.
Eta hiltzera!»
Orain
zure gorputzaren
hutsaldi jasanezina
nirean egokitu da
bizitzera
gesalbegiz
ziurtasuna
giharrak estutzen
pasioa deritzan lurralderik gabeko
zauri alderrai honen
oroimen bortitzean.
Zu zenduta
nigan bertakotuko da pasioa
mundua ohartu arte
hemen barrena ibili zela
elkarrekin idatzi genuen
historia honen uneren batean
penarik
kulparik gabe
heredatu nuen
heresia alai
kiebra
heredatu nuen
diziplina
ohitura
heredatu nuen
inkisizioa
desafiatzeko
ahaleginean lehertu gabe
xuxurlatzen zenidan egunero
ikastolara eramaten ninduzunean
zure betiberanduan
nik, graziaz eta ostia ozpinduz betea,
heredatu ez nuena.
Bizia heredatu nuen
kostaz osatua
minez eta erresistentziaz gainez egindako
baretasuna
umiliazioa fabrikatik dator
gizartean
horregatik hitz egiten genuen
institututik bueltan
errespetuaz eta ekonomiaz
ekonomiaz eta politikaz.
Gipuzkoarra zen ogasuna
bilbotarra speeda.
Begitan dut
ziurtasuna
giharrak estutu eta
dardaratzen dituen hori,
pasioa deritzan
lurralderik gabeko
denbora alderrai honetatik eraitsitako
hauskortasunaren oroimen iraunkorrean.
Zu zenduta
nirean bertakotuko da pasioa
antzematen duen arte munduak
hemen barrena ibili zela dantzan
elkarrekin idatzi genuen
historia honen uneren batean
gauero
Gordon's bakoitzeko
zure partzialitate alprojarekin nik,
graziaz betea,
heredatu nuena.