Aurkibidea
TRACTATUS CIVICUS
TRACTATUS MAGNANIMUS
Zure gatzaren malko batzuengatik
TRACTATUS INNAVIGABILIS
Aurkibidea
TRACTATUS CIVICUS
TRACTATUS MAGNANIMUS
Zure gatzaren malko batzuengatik
TRACTATUS INNAVIGABILIS
DISIDENTZIA
Neurrigabeko neurritasun
albertxiko batek
ertzatzen dizkizu masailak
amodio korapilatsu bat
diskordiarekin
konfortaren eta subertsioaren erdigunean
sosegutik liskarrerako trantsizioan
bizirauten duzu
zauritua
trebea
borrokaren eta elkartasunaren
fribolitateen artean.
Ez naiz zure
baina leunki
kulunkatzen nauzu
trasgresioaren
periferietan.
Orain tradizioa ohitura bihurtu zaizula
eta desakatoa
zure tragedien erdigunean
umotu,
orain inbasioak debekuan
berandutzen zaizkizula
ez Boscorik
ez Danterik
zortea duzu
ni zugandu gabe jarraiturik.
Ez naiz zure
baina haztatzen nauzu
zure eskuek
errutina despistatutik
erauzteko ahaleginean
daramaten
mugimendu lehiatuan
intimitate bilakatzen nauzu
egonkortasun asebete horretan
zamalkatzean.
Orain adarkadak desberdintasunean
berandutzen zaizkizula,
orain zure lotsak
nire aurpegia
estutu duela
lirainki hots egiten didazu
itsatsiaren eta
urratuaren
trokazko tartean
samurra eta lotsagaldua
nahi nauzu etxeko
sosegutik liskarrerako trantsizioan
ozarrari diozun
amodio herabe horretan.
Ez naiz zure
ez zenuke jakingo
zer egin
horrenbeste disidentziarekin.