Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

25

 

Esnatzean hotza usain zitekeen. Burusietan kiribildu zen, baina ezin hura gorputzetik aldendu. Dutxa bero bat hartzea erabaki zuen, burusietatik etxeko izotzera amiltzea zaila izango zen arren. Bezperako esaldiak zetozkion arrapaladan: Gabrielaren trikimailuak, zaharraren loa, patata frijituak jateko Paularen manera (banaka, lehenik puntak ahoratuz, goxoki bat ahoratzen ariko balitz bezala), kabinako deia Enekori, diskoak sukaldean barreiatuta, katuaren urrumak, Temple of the Dog-en erritmo prometagarria, Ibainet pareko enkontrua, Paula errepidea zeharkatzen, Txiki tabernako elkarrizketa, kasete oparituak, Oskarren eta Enekoren begirada sarkorrak, Paula lagunen arteko eztabaidari jarraiki (burua eskuan bermatuta), zigarroa nerabeen ziurgabetasunaz erretzen.

        — Ongi pasatu dut.

        Zergatik alde egin zuen hurrengo enkontrurako aztarna harekin eramanda? Amonaren laguna izango zen agian Oliveira, besterik gabe. Mutil sinpatikoa, noizbait bi zinta eman zizkiona. Tarteka ikusiko zituen bi kaseteak idazmahaiaren gainean eta haiek noizbait entzuteko promesa egingo zion bere buruari, inoiz konplituko ez zuena. Kanpoko paperean abestien zerrenda jarri izan balu, baina ez zuen astirik izan. Narraskeria barkaezina.

        Zaratak entzun zituen sukaldean, hitz solteak, katilu hotsak. Demonio!

        Gelatik burua atera zuen Oliveirak eta, bainugelarako bidea garbi zegoela egiaztatuta, saltoka abiatu zen. Atea kisketaz itxi eta pijama erantzi zuen. Maiteren orrazia zegoen, basoaren barruan, konketa gainean. Xaboi pastilla bat, euskarririk gabe, eta haren inguruan xaboiak utzitako arrasto berdea, ia fosil bilakatua.

        Sukaldean sartu zenean ogi xigortua jaten ari ziren ama eta Pepelu. Brinko batean jaiki zen Maite:

        — A, Raul —berriz eseri zen.

        — Egun on —esan zuen Pepeluk.

        — Berdin —Oliveirak.

        Armairutik bere katilua hartu zuen, Alf-en marrazkia zeukana, ikasturte amaierako bidaian Benidormen erosia. Kafea zerbitzatu zuen. Mahaian eseri zen, lotsa apur batez. Akaso azalpenak eskatu beharko zizkien etxeko bi nerabeei: «Bakoitzak bere etxean egin dezala lo; ikastolan nahikoa egoten zarete elkarrekin» eta abar. Baina bere ama zen, arraioa, eta bestea amorantea. Lehen hanka etxean zeukan amorantea.

        — Goiz esnatu zara —esan zion gizonak.

        Gurina ogitan zabaltzen ziharduen, auzo osoa elikatzeko tamainan, potoa ogi xerra bakarrean husteko beldurrik gabe. Aulkitik altxa eta hozkailua zabaldu zuen Maitek, beste poto bat hartzeko. Harrituta geratu zen Oliveira, ama bata batez jantzita ikusi zuenean.

        — Amak esan zizun —hasi zen gizona—, Lezon fabrika txikia daukagu. Lana soberan dago han. Toki bat egingo dizugu, nahi baduzu.

        Oliveirak baietz erantzun zuen buruaz eta leihora begiratu zuen, leihotik kanpora beste bizitzaren bat ba ote zen ikusteko.

        — Nahi duzunean etorri. Hantxe gaude. Jakin dezazun esaten dizut.

        Gizonaren begiratua sentitu zuen Oliveirak masailean, ia ukitu egin zezakeen. Ez zuen begiradak gurutzatzeko adorerik, baina hantxe zeukan gizonaren soa, konplizitatezko enkontru txikiaren zain. Burua biratu eta baietz egin zuen berriz buruaz.

        — Primeran! Orain badakizu, ez duzu zertan kezkatu.

        — Nahi duzu kafe gehiago? —galdetu zion Maitek Pepeluri.

        — Jakina, jakina —eta ukondoak mahaian paratuz eskuak elkartu zituen kokotsaren azpian—. Lanpernak gustuko al dituzu, gazte?

        — Ez dakit. Lanpernak? Ez dakit.

        — Nola ez dakizula.

        — Aspaldi ez ditut jan. Ez nekien lanpernarik bazegoenik ere.

        — Nola ez duzu ba jakingo? Lanpernak arroketan daude, Jesus!, betiko tokian.

        — Aspaldi ikusi ez nik.

        — Kristo maitea, lanpernak ote dauden... bost minutura Jaizkibel izanda...

        — Hemen ez dugu lanpernarik jaten. Aspaldi da halakorik jaten ez dugula.

        — Laster amaituko dira ohitura txar horiek hemen.

        Maitek eta Pepeluk irribarre bat gurutzatu zuten.

        — Nahi baduzu, lanpernak hartzera eramango zaitut. Hartu al duzu inoiz lanpernarik?

        — Nola hartuko ditut ba lanpernak? Ikusi ere ez ditut egin.

        — Lanpernak hartzea bezalakorik ez dago. Itsas behera dagoenean hartzen dira, baina olatuekin erne ibili behar da. Non dauden jakinez gero, otarreak eta otarreak bete litezke. Ez orain, jakina, orain ez da garaia, baina udaberrian ikusiko duzu.

        Zapi batekin mahaia garbitzen hasi zen Maite. Jaikitzeko gogoa zuen Oliveirak, baina larunbata luze joango zela konturatu zen. Bederatzi eta erdiak ziren. Bederatzi eta erdiak! Non ote zebilen Paula? Egun osoa igaro beharko zuen zain, asteburu osoa akaso. Astelehenean joango zen Gabrielaren etxera. Ordura arte tripak jaten eman beharko zituen orduak. Oskar Lazkaora joana zen bere xake taldekideekin, Euskal Ligako jardunaldia baitzeukaten. Astebururo gauza bera. Bi astean behin etxean jokatzen zuten behintzat, eta Oliveira klubera joaten zen Oskarri zigarroak eramatera, irabazten ari ote zen galdetzera. «Ez zakiat» erantzuten zion beti. Lau orduko partidetan, nola jakin nork irabazi behar zuen amaieran? Edozer gerta zitekeen. Lau xakelarik jokatzen zuten beste lauren aurka: onenak onenen kontra eta txarrenak txarrenen kontra. Onenen kontra jokatzen zuen Oskarrek: Luis Olaizola, Iñigo Argandoña edo Txus Agirretxeren aurka, eta tarteka lortzen zuen irabaztea. Ez beti, baina batzuetan bai behintzat. Gasparren askok galdetzen zuten larunbat iluntzean: «Nola joan da partida?». Oliveirak erantzuten zuen Oskarren ordez. Joxemarik trago bat ateratzen zion irabazten zuenean (Oskarri bakarrik, kontua ez baitzen negozioa hondatzea).

        — Zein lan egiten duzue fabrika horretan? —galdetu zuen Oliveirak.

        — Plastikozko aplikeak; etengailuak eta entxufeak. Niessenek erosten dizkigu eta Ameriketan saltzen dituzte gero. Lan erraza da. Plastikoa moldean sartu, urtu, prentsatu eta atera. Gero pieza guztiei bizarra egin eta kito.

        — Bizarra egin?

        — Bai, bi moldeen arteko arrakalaren arrastoa geratzen da piezetan, eta hori esmerilaz kendu behar da. Lan delikatua da, baina erraza. Ongi irakatsiko nizuke.

        Oliveirak kafea bukatu zuen.

        — Zenbat ordainduko zenidake?

        — Lana nahi al duzu, mutil?

        — Ez, lana ez: dirua.

        — Raul! —oihu egin zuen Maitek.

        — Utzi, utzi —esan zuen gizonak—, arrazoi du. Niri ere ez zait lan egitea gustatzen. Arrazoia dauka, bai. Zintzoa da behintzat.

        — Jakin nahiko nuke zenbat irabaziko nukeen, gero gaizkiulerturik egon ez dadin.

        — Zer iruditzen... ehun mila pezeta?

        — Gutxi. Ehun eta berrogeita hamar.

        — Raul, aski da!

        — Utzi!

        — Ez, Pepelu, ez. Aski da. Zer uste du ba ume honek?

        — Uzteko esan dizut, Maite, jainkoarren!

        Oliveirari ez zitzaion gustatu ustel horrek zerabilen tonua, baina ez zuen ezer esan. Soldata negoziatzen ari zen patronalarekin.

        — Ehun eta berrogeita hamar ez, ehun eta hogeita bost.

        Kafeak utzitako arrastoari begiratu zion Oliveirak. Hasperen eginez onartu zuen:

        — Ados.

        — Gogotik lan egin beharko duzu —ohartarazi zuen gizonak.

        — Bai, bai. Lana, jakina.

        — Goizero zazpietan hasita. Zazpietan, ez zazpi eta erdietan. Zazpietan hasten gara lanean.

        Ukabil koskorrekin begiak igurtzi zituen Oliveirak. Hasi aurretik damutu behar al zuen ba?

        — Zazpietan azalduko naiz.

        Bostekoa luzatu zion gizonak. Listua irentsi zuen Oliveirak. Biloz estalitako eskua estutu zuen. Bazekien bere burua traizionatzen ari zela. Baina sukaldera sartu orduko jakin zuen, gizon hura ez, bera zela etxean soberan zegoena. Etxean gera zitekeelako hipotesia fantasia hutsa zela ordurako. Ametsetan zebilela, etxeko gonbidatua gizona zela pentsatzen bazuen. Hala ere, soberan egoteko manerarik txarrena zen, hain justu, handik patrikak hutsik atera behar izatea. Gizonak bera erosteko egiten zituen ahaleginak baliatu behar zituen, berak ere jokoan zerbait irabazteko. Denek irabazten zuten hala: amak, gizonak eta Oliveirak.

        Zeharka begiratu zion Pepeluri. Alai zegoen, etxe arrotza konkistatzeko gertu, inoiz baino gertuago. Liburuak saltzen zituenean bezala sentitzen zen Oliveira: hormak, mahaia, aulkiak... dena beste norbaitena balitz bezala. Sentimendu higuingarria zen, baina ezin zion itzuri.

        — Autoan eraman zaitzaket —esan zuen burusoilak.

        — Ez naiz bizikletaz joango —Oliveirak.

        — Ez dago haraino doan autobusik...

        — Lastima. Benetan gogoko ditut katxarro zahar horiek —esan zuen Oliveirak, nahiz eta benetan autobusean ibiltzea eramangaitza egiten zitzaion: bidaiari guztiak buruak alde berera mugitzen... hura zen jendailaren pare sentitzea!