Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

13

 

Ezkaratzeko argia piztu ahala arakatu zituen zokoak, Freddy Krueger handik ote zebilen; ezingo zuen harekiko beldurra inoiz gainditu. Azkar igo zituen eskailerak, bere buruaz puska bat lotsatuta. Atea ireki aurretik etxe barruan ahotsak entzutea iruditu zitzaion.

        — Non dauzkazu kubiertoak? —esan zuen gizonezko batek.

        Korridorearen erdian gelditu zen Oliveira.

        — Beti gustatu izan zait mahaia jartzea —jarraitu zuen ahotsak.

        Nor arraio zen sukaldean zegoena?

        — Hortxe dauzkazu armairuko lehen tiraderan... Ez, beste aldean... Bai, hortxe —argitu zion Maitek.

        — Jesus, baldarra naiz gero!

        Hitz maitagarriak eta konplizeak zerabiltzaten; beraz, ez zen etxekoa (ezta urruneko senideren bat ere, haiekin ere ez baitzen gozoa) eta ez zen kalean jasotako norbait. Aldez aurretik ezagutuko zuten elkar.

        Sukaldeko atetik ikusi zituen: ama, muskuilu bat zartaginera botatzeko prest; adineko gizon burusoila, botila ardoa ezkerreko eskuan eta daratulua eskuinekoan.

        — Muskuiluak, zeinen goxoak!

        Oliveirak segundo gutxi zituen figura beltzen mugimendua erabakitzeko:

        1. Ospa egin (zaldia atzeratu).

        2. Sartu eta ezikusiarena egin (peoi bat aurreratu).

        3. Sartu eta zakarra izan (alfilaz oldartu).

        4. Sartu eta zibilizatua izan (endrokea).

        5. Sartu eta biak tiroka garbitu (taula irauli).

        Gizonak Oliveira ikusi zuen atepean, ez atzera ez aurrera.

        — Hara! Zu Raul izango zara noski —gizonak botila mahai gainean utzi eta eskua galtzetan xukatu zuen berari luzatzeko.

        Bostekoa eman zion.

        — Hau Pepelu da, lagun bat —esan zuen Maitek.

        Lagun bat!

        Buruaz keinu bitxi bat egin zuen gizonak, akaso adierazgarria izan nahi zuena, baina Maiterentzat bakarrik. Litekeena zen ordurako euren artean koderen bat erabiltzea.

        60 urte ingurukoa, azal zuria, alproja itxura, makarra xamarra nolabait (makarra izan gabe). Gauza arraroa. Oliveirak amaren titien artean imajinatu zuen Pepelu, animalia baten orroak egiten.

        — Gurekin afalduko al du honek?

        — Bai —amak lakar.

        — Uste nuen familia arteko afaria genuela gaur...

        — Raul, ez ezazu ergel plantarik egin, mesedez. Hemen afalduko du —ez zen dialektikan denbora galdu zalea.

        Gizonak zapiak hartu zituen armairutik, txistuka ari zela, «Etxe barruko aferetan ez naiz sartuko» esanez bezala. Plateren aldamenean paratu zituen, maitasunik gabe, mahaia gutxitan jarritakoa zela agerian utziz. Oliveirak bizitzaren okerra gogoratu zuen: zein zabala den mundua, zein jendez betea, eta hantxe zegoen bera, gutxien desio zuen tokian.

        — Usain ederra dago, alajaina! —esan zuen Pepeluk alai—. Ez al da hala, mutil?

        Pepelu ez zen berehala etsitzen dutenetakoa, eta Oliveirak ez zuen asmatu zakar portatzen. Beste era bateko barruak behar dira jendeari gauzak zuzen-zuzenean esateko: «Honekin egiten al duzu larrutan, ama, trapu zahar honekin?».

        — Ez da oso hitz egin zalea —ohartarazi zion Maitek Pepeluri.

        Honek zapi biribildu bat hartu zuen suaren ondotik. Oliveirari mutur aurrean jarri eta zabaltzen hasi zen, lau izkinak banaka, magoen antzera.

        — Eta, zer diozu orain?

        Oliveirak zizare pila bat ikusi zuen zapian. Mugitzen ari zirela iruditu zitzaion.

        — Ez ditut inoiz dastatu, jauna.

        Jauna?, tira ba, motel, Gabon zaharra da!

        Oliveirak ez zuen grina hari izkin egiteko biderik topatu.

        — Dastatuko ditut —esan zuen, ahoa apenas ireki gabe.

        — Jakina! Aurrera, Maite, bota zartaginera gutizia hauek! —zapian bihotz bat eramango balu bezala hurreratu zen sutara.

        Maitek eta Oliveirak elkarri begiratu zioten istant batez. Aspaldi zen ez ziotela elkarri segundo erdiko begirada ere eskaintzen. «Hau al da aitaren ordezkoa?». Amak zainzurien alboan paratu zituen muskuiluak (pixka bat erreta zeuden); foie zatitxo bat ere bazen mahai gainean, langostinoak eta urdaiazpikoa. Oliveirak gogoratzen zuenetik, gauza bera afaltzen zuten Gabonetan eta Urtezahar gauean. Beti gauza bera jartzeko tema amari nondik zetorkion, hori ez zion inoiz galdetu. Bestetik, berari bost, mahaian zer zegoen. Mahaian nor zegoen, horra zerk zuen erabateko garrantzia.

        — Has zaitezte —agindu zuen Maitek.

        Pepeluk eskuak igurtzi zituen. Urdaiazpiko xerra bat hartzen ahalegindu zen. Dirua zenbatzen ari den bankuko bulegaria zirudien. Bizpahiru xerra hartu zituen azkenean, ogi tartean sartzeko. Ehunka ogitarteko egindakoa zela antzematen zitzaion.

        Otarrainxka bat hartu zuen amak, hanka batetik tiraka, eta astiro ipini zuen platerean, zabar azaltzeko beldur. Disekatuta zegoela zirudien, ganorazko azaldu nahiak zurrunduta. Hatz mamiekin zuritu nahi zuen, eta halaxe ekin zion. Osorik zuritzerako mahatsak jaten hasi beharko zuen.

        Zakurrak baino gosetuago iritsi zen Oliveira, baina ez zekien nondik eraso egin, herabe, beste norbaiten etxean egoteko sentimenduaz. Bere etxean zegoen, ordea, bere amari larrutan egiten zion gizonaren aldamenean eserita, eta honek irribarre egiten zion, hortz txikiak erakutsiz, akaso etengabe jaten ibiltzeagatik makestuak.

        — Eta... zertan zabiltza, Raul, jakin badaiteke?

        — Handik eta hemendik ateratzen dut bizibidea.

        — Ez duzu ergel plantarik, ez jauna!

        Amari so egin zion. Begiratu mortu bat itzuli zion amak, hieratikoa. Gizona ez zen kikildu: koipekeria bat (inbidia diet gazteei), laudorio bat (argia zara), eta abar. Horrek beste galdera berri bat egiteko eskubidea emango zion Pepeluri. Horretarako botatzen baitira laudorioak, besteen bizitzan are gehiago arakatzeko.

        — Zein planta dute ba ergelek? —esan zuen Oliveirak.

        Pepeluk ahoa okertu zuen beherantz eta bekainak gorantz.

        — Galdera ona! —foiez igurtzitako ogi xigortua ahoan sartuz erantzun zuen—. Segituan antzematen zaie. Eta zuri ere bai, ergela ez zarela, alegia.

        — Begiak, ezpainak, sudurra... aurpegiko zerk uzten du agerian norbait ergela edo azkarra dela?

        Keinua aldatu zitzaion Pepeluri, alaitasunak ziplo ospa egin izan balio bezala. Maite azaldu zen erreskatean:

        — Atsegina izan nahi zuen, Raul. Ez zaitez pedante jarri.

        — Nik galdera bat besterik ez dut egin.

        — Nire ustez —ausartu zen gizona— pertsona argi batek ezin du ederregia izan, ezta zatarregia ere.

        Zientzia!

        Oliveirak bere burua ikusi zuen Pepeluri labana bizkarrean sartzen. Honen kexu abaildua, katu baten eztularen tankerakoa, amaren oihuak, odola alkandora loredunetik behera. Anabasa horretatik ateratzeko zailtasunak irudikatu zituen gero. Eskailerak arrapaladan jaitsi, mendira alde egin, egun batzuk noraezean pasatu, auto bat lapurtu, ogi gogorra jan, iturriren batean garbitu... Erailketa gehienak segundo erdi batengatik saihesten dira, ekintza bera baino are zailagoa baita ondorioei ihes egitea. Nagikeria hutsagatik daude zientoka lagun bizirik hor zehar, norbaiten amets asasinoen jomuga direnik ere jakin gabe.

        Hasperen egin zuen Oliveirak. Poztu egin zen Pepelu bizirik ikusteaz, ez horrenbeste bera bizirik egoteaz. Maiakovskiren hitzez oroitu zen: «Denoi! Ez dadila inor nire heriotzagatik arduratu, arren, zurrumurrurik ez. Hildakoari bereziki gogaikarriak zitzaizkion. Ama, arreba nireak, kamaradak, barkaidazue; hau ez da biderik onena, (ez diot inori gomendatzen), baina ez daukat beste irtenbiderik».

        Angulak mahaira ekarri zituen Maitek. Artile lodiko jertsea zirudien platerak goitik begiratuta. Usain gozoa zuten. Sardekada handia hartu zuen Oliveirak.

        — Kontuz! —oihu egin zuen Pepeluk—, ez dira espagetiak!

        Lehen laudorioen ondoren, lehen aholkuak. Horrela bereganatuko zituen Pepeluk botere esparruak etxe hartan, lausenguak eta gaztiguak tartekatuz, modu gozo batez hasieran, aitakeriaz gero. Oso zuhur ibili beharko zuen Oliveirak bakoitza bere tokian jartzeko.

        Aurreneko botila hustu zuten. Suziriak entzuten ziren kalean, baina etxea isilik zegoen; sukaldeko argiak firrinda egiten segitzen zuen beti bezala. Oliveirak hormako erlojuari behatu zion: ordubete falta zen gauerdirako. Pepeluri gorritu egin zitzaizkion begiak, maltzurtu aldartea. Ez zitzaion horregatik gosea berdindu. San Markoko zabortegiak ez luke gau bakarrean janari gehiago hartuko.

        — Onak daude ipurdiko zizare hauek —esan zuen Oliveirak.

        Pepeluk eta Maitek oso serio begiratu zioten elkarri.