3
— Asper-asper eginda utzi nuen unibertsitatea —esan ohi zuen Oliveirak.
Oskarrek bakarrik ezagutzen zuen egia. Gainerakoek gertakariaren bertsio faltsua baino ez.
— Antihumanista da unibertsitatea, jende otzana ekoizteko fabrika.
Antihumanista hitza etengabe erabiltzen zuen garai batean; gustukoa zuen haren soinua, eta esanahi ustez jasoa ere bai.
Oliveirak ezinagatik utzi zuen unibertsitatea. Noraezean ibili ondoren erabaki zuen amore ematea. Zuzenbidean matrikulatuta egon zen urtebetez, Historian beste urtebete batez. Alferrik. Halako batean, unibertsitatera joatekotan zenean, etxeko eskaileratan behera hartu zuen erabakia: ez zen gehiago estolda hartara itzuliko. Kisketaz itxi zituen atea, pertsianak, leihoak; ohean sartu zen, eta burusiekin estali. Bere arnasa entzuten geratu zen, autoen joan-etorria, etxeko isiltasuna.
Ezin zion bere buruari zentzuzko azalpenik eman. Gertakariak errepasatzen hasi zen. Eskolan gaizki sentitu zen lehen aldian hiru urte zituen. Andereñok plastilinaz 'm' bat egiten irakatsi zien. Mugimendu azkar batez egin zuen letra Andereñok; formarik gabeko zatia 'm' bilakatu zen, aztikeria baten antzera. «Egin ezazue zuek orain» agindu zien haurrei. Lanean hasi ziren. Ingurura begira geratu zen Oliveira, izututa, handik ihes egiteko premiaz. Alboan zeukan Oskar, 'm'-a eginda. «Nola egin duk?» galdetu zion. «Mendi bat egin behar duk aurrena» esan zion, «gero bestea, eta gero hirugarrena; eta ondoren denak elkartu». Erraza! Mendi bat egin zuen, gero beste biak, eta elkartu egin zituen azkenik. Orekarik gabe geratu zitzaion, plastilina gaizki banatuta, baina 'm'-a zen! Oliveirari, hala ere, ondoeza geratu zitzaion, besteek gauza bat azaldu eta berak ulertzeko biderik ez aurkitzearen sentipen nekagarria.
— Gaur 'm' bat egin dugu plastilinaz —esan zion amari.
— Oso ondo, Raul, 25 letra bakarrik falta zaizkizu!
Amak asmo txarrez esan ez bazuen ere, kezkaren harra sortu zuen Oliveiraren barruan. Gauean amesgaiztoak izan zituen plastilinazko letra madarikatuekin: ikastolako patiotik ihesean doa, eta atzetik plastilinazko piztia erraldoiak; haur guztiek «Gezurrezkoak dira!» oihukatzen diote barreka. Gezurrezkoak, bai zera, piztia likits letratu ikaragarriak dira!
Plastilina: bere ezintasunaren ehundura biguna, malgua eta lazgarria. Usainak ere higuina emango zion aurrerantzean. Urrutiko plastilina eta unibertsitatea uzteko erabakia lotu zituen Oliveirak, hantxe, ohean sartuta. Ez zuen ikara handirik izan. Artista izango zen.
Bere burua imajinatu zuen: bufanda zuria, jaka laukiduna, betaurrekoak, panazko galtzak. «Raul Oliveira, begira ezazu hona», plak!, «Oliveira jauna, Oliveira jauna!». Eta aldamenean izango zuen ama, soinekoz jantzita, ezpainak gorri, irribarrez: «Ondo Raulito, oso harro nago, aitak ikusiko bazintu!».
Baina ama ez zen harrotu. Belarrondoko bat eman zion.
Gero bost egun eman zituzten sokatiran, eta Oliveirak ez zuen amore eman.
— Aita bezalakoa zara —gaitzetsi zion amak, bizitzan sarritan esango zion horixe bera.
Gibeleko minbiziak jota hil zen aita. Bizitza osoa urre gorriari itsatsita. Gizon txikia zen Isaias Oliveira, ona eta zintzoa. Ez zen mozkor erretxindu horietakoa. Umore finekoa baizik. Galegoen ironia. Beti sesioan aritzen zen amarekin, egunero hausten zuelako bezperan egindako promesa:
— Bukatu da zakur bizitza hau —esaten zuen, baina etxetik irten orduko sartzen zen tabernan.
Etxetik bota zuen azkenean. Baina ez guztiz. Goizetan etxean sartzen zen, zer edo zer jaten zuen (saltxitxoi ogitartekoa aukeran) eta pixka bat garbitzen zuen bere burua, lotara joan aurretik. Ordu batzuk geroago itzultzen zen, amarekin topo ez egitearren. Janaria eginda uzten zion amak, hitzik gabeko hitzarmena zuten.
Aitak gaua non igarotzen zuen, hori ez zuen Oliveirak sekula jakin. Nahiz eta behin galdetu egin zion.
— Ez dut inoiz lorik egiten!
Ez zen gezur erabatekoa izango seguruen. Nolanahi ere, erantzun bikaina iruditu zitzaion Oliveirari, eta maiz kontatzen zuen lagunartean.
Figura iheskorra, lanbroa zen aita, baina oso maitea zuen. Lausoaren lausoaz, gauza txarrak desagertu egin ziren Oliveiraren memoriatik. Aita gozotasuna zen, baikortasuna. Eta abilezia: Joaquinen tabernan bera zen tutean onena. Sarritan joaten zen hara Oliveira, arratsaldeko saioak ikustera. Txanpon batzuk ateratzen zituen aitak, Oliveirari dirutza iruditzen zitzaiona, eta batere tranparik egin gabe. Karta handiak gordez, bereak zirenak eta ez zirenak irabazten zituen. Ez zuen barkatzen.
Bizitzaren artea erabateko xumetasunera ekarri zuen gizon hura hain pozik egoten zen, aho ertzean txotxa eta patxaran kopa eskura izan ez balitu ume batekin nahasiko baitzuketen.
Oliveirak unibertsitatea utzi zuen astean bertan, lana bilatzen hasteko agindu zion amak, bien arteko sokatirari gustua hartzen hasi zitzaiola konturatuta. Oliveirarentzat etxean gozo egoteko aitzakia bilakatu zenez eztabaida, amak azkar jarri zuen erremedioa, aitaren aldrebeskeriak akorduan.
— Etxe honetan bizi nahi baduzu, zoaz lan bila.
Unibertsitatea utzi zuen honenbestez. Baina artista izango zela erabaki zuen egunean amaren zaplaztekoak utzitako arrain kerua usaindu zuen, apaindurarik gabeko erantzunaren arrastoa.