Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
aurkibidea

Aurkibidea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

18

19

20

21

22

23

24

25

26

Erosi: 16,15
Ebook: 3,12

Aurkibidea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

18

19

20

21

22

23

24

25

26

 

 

17

 

Maitek beste aurpegi bat zeukan. Ezin zuen hori ukatu. «Gosaldu nahi al duzu?», benetan hori galdetu zion sukaldean topo egin zutenean. Lau urte izango zituen hori azkenekoz galdetu zionean, sei edo zazpi agian; bizitza ozpinez bete aurretik gerta zitezkeen halako mirariak.

        Hozkailutik gurina atera zuen, ogi zahar xerra batzuk moztu zituen eta mahaiko papurrak bildu zituen obsesiorik gabe. Beti bezala zegoen: kulerotan eta hanka-hutsik. Zango sendoak zeuzkan, lanak gizondutakoak, zutik mendeetan irauteko eginak ziruditenak. Batetik bestera zebilen sukaldean, hartu kafetera, utzi ogia zartaginean, ogi xerraren zabalera osoa burdinarekin kontaktuan jarri arte eskuaz ongi zapaldu, hartu gurina, kendu estalkia, hartu koilara tiraderatik, atera galletak armairutik... Labanaz ireki zuen esne kaxa eta muturreko kartoi zatia guztiz kendu gabe hasi zen lapikoa betetzen. Oliveira mahaian eserita zegoen, pijamaz jantzita.

        Amak hitz egiteko gogoa izango ote zuen? Balantzea egiteko, nolabait; elkarri kontuak eskatzeko. Eta Maite ere bere buruari galdetzen ariko zen, semeak hitz egiteko gogorik izango ote zuen? Biak horretan pentsatzen ariko ziren beharbada. Baina Oliveirak bazekien (entzun zuelako), Pepelu ordubete lehenago alde egina zela etxetik, eta, hortaz, amak bestelako kontuak edukiko zituela gogoan; hain justu horri esker jango zuen Oliveirak amak prestatutako gosaria. Horrek erakustean zuen, nahiko modu prosaikoan, Pepelu ez zela horren gertakari txarra.

        Gauza guztien gainetik, ordea, gizarte-arauen arrastotik atera beharrak sumintzen zuen, jendeaz horren ezberdin izan beharrak. Ez bera, baina bai bere familia. Bere etxea. Eta Pepelu horren segida zen. Alkandora loreduna, kamioilari espainiarren itxura narrasa... gauza txikiak ziren, baina Oliveirarengan betiko sentimendu ozpina egiaztatzen zuten. Ohiko bizitza maskarada hutsa zen, bera irabazle izan zitekeelako ideia fantasioso horiek guztiak, bera besteak bezalakoa izan zitekeelako ustea... Pepeluren irudiarekin batera, bere patua azaltzen zitzaion, madarikazio baten gisa, sorginkeriaren bat. Benedettiren liburuan bezala, su-etena zen zoriona: bizitza errealari lapurtutako une labur bat. Begira ezazue, jaun-andreok, begira ezazue horren trebe eta horren fin munduratu nahiko lukeen gaztearen ahalegina, jendaila izateari uzteko esfortzu nekagarri hori. Ba ote daki bere ahaleginak antzuak direla?

        Oliveirak bazekien ustezko normaltasunik ez zegoela. Teoria hutsa zela. Hedabideen propaganda. Lanerako deia. Otzantasunaren aldeko maniobrak. Joan zaitezte lanera, irents ezazue telebistaz helarazten dizkizuegun bizitza ideal horien zorion dosi egunerokoak, teknologiza zaitezte, alda ezazue zeuon Corsa zaharra GTI tankerako auto moderno batengatik, eraman itzazue aita-amaginarrebak asteburuetan etxera bazkaltzera, zoriondu itzazue ilobak euren urtebetetzeetan, egin ezazue otoitz joan direnen alde... Hori guztia bazekien, baina zein gutxi balio zuen teoriak sentimenduak arrapaladan etortzen zitzaizkionean!

        — Zure jornalik ikusi gabe jarraitzen dut —esan zuen amak.

        Hortxe zen, bueltan, betiko ama.

        — Oraindik ez dugu soldata jaso.

        — Jasotzean abisatu.

        Gurinez eta mermeladaz estalitako tostada sartu zuen ahora Oliveirak.

        — Ama —galdetu zuen orduan—: zergatik ez duzu pijama bat erosten?

        — Badauzkat pijamak.

        — Eta zergatik ez duzu horietako bat janzten?

        — Halaxe eroso nabilelako.

        — Nahiagoko nuke pijama jantziko bazenu, jende arruntak bezala.

        — Jende arruntik ez dago, Raul. Eta zuk nahiko zenukeen familia perfektu hori ere ez. Daukazuna daukazu, eta daukadana daukat neuk ere.

        Familia perfektu ugari ezagutzen zituen Oliveirak. Enekorena, adibidez.

        Amak tostadaren ertzak jaten zituen lehendabizi, arratoien moduan, karraska. Beti egin izan zuen hala.

        — Pepelurekin joan nahiko bazenu... bere etxera esan nahi dut, ez nintzateke haserretuko.

        Zeharka begiratu zion Maitek, jateari utzi gabe, karrask, karrask, karrask.

        — Etxea saltzea nahi al duzu?

        — Ez, ez dut horregatik esaten. Esan nahi dut ez nukeela gaizki hartuko.

        — Badakit, maitea —irri egin zuen Maitek—. Zaude lasai, ez naiz joango.

        Mahaia jasotzen hasi zen. Hotza sentitzen zuen Oliveirak ama oinutsik ikusita, hanka gorrixka horiek baldosaren gainean.

        — Zerorrek joan nahi baduzu, ni ere ez naiz haserretuko —esan zion amak.

        — Nora joan behar dut ba nik?

        — Ez dakit.

        — Ez daukat nora joan. Nora nahi duzu joatea?

        — Hori ez da nire arazoa. Ikasi eta lan on bat aurkitu, horixe egin behar zenuen; eta ez zenuen nahi izan.

        Eztabaida apur bat desbideratzea erabaki zuen Oliveirak.

        — Lan on bat? Lan puta bat izango nuke, ama. Ba al dakizu nola dagoen lan merkatua?

        — Goizero lauretan esnatzen naiz. Zuk baino askoz hobeto dakit nola dagoen lan merkatua.

        — Gazteontzat okerrago dago.

        — Okerrago? Ba al dakizu zuk zer den lan merkatua alargun batentzat?

        Katilua harraskan kolpe batez utzi zuen amak. Oihu egiten ari zen.

        — Ume harro tentel bat besterik ez zara... zure aita bezala.

        — Nire aitak ez dauka zerikusirik honetan.

        — Badauka, bai.

        — Ez dauka.

        Iturria ireki zuen Maitek.

        — Pepeluk aipatu dit baduela lan bat zuretzat. Lan on bat. Ez daukazu aitzakiarik. Lana nahi baduzu, izango duzu.

        — Badaukat lana.

        — Lan on bat.

        — Zer lan da ba, abokatu?

        — Plastikorako injekzio lantegia dauka Lezon.

        — Lan bikaina, dudarik gabe.

        Aldi Baterako Lan Enpresa baten arduraduna zirudien hizketan, baina kulerotan zegoen.

        — Ez niri esan orduan lanik ez duzula.