Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
aurkibidea

Aurkibidea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

Erosi: 16,15
Ebook: 3,12

Aurkibidea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

 

 

12

 

Gaztaina erre usaina zegoen urteko azken egunean. Elur pinportak erortzen hasi ziren, zoru labainkorra ukitu baino lehen desegiten zirenak. Lepoak bufandaz estalita eta eskuak jaken patriketan zihoazen Oskar eta Oliveira, goiz erretiratzeko asmotan.

        Etxeetan izurriteen aurkako garbiketa egin izan balute bezala, kalean zegoen mundu osoa, denak apain festarako. Zarpailago zebilen baserritarrez jantzitako taldea Santxoenea kalean. Mutil bat bereizi zen multzotik Paraiso taberna parean, eta kideek pixka bat atzera egin zuten elkarri bultzaka. Morroi jatorra zirudien, hitzaren zentzu zehatzean jator, Oliveirari beste arraza batekoa iruditzen zitzaion horietakoa: patxadatsua, errotua, umorerik gabea, ondratua. Bere argazkia egongelan jarria izango zuen amak, hildako baten gisara: jaunartzeko jantzi zuriekin eta gurutzea lepotik zintzilik. «Masail gorriak ditu!» esango zuen amak urrez inguratutako argazkia jasotakoan; «Ume osasuntsua duzu» erantzungo zion argazkilariak, beti erabiltzen zuen esaldia errepikatuz. Mutilak besoak jaso zituen eta kantuan hasi ziren gizon-emakumeak, poliki, aire izoztuan lurruna botaz. Atzeko pintadari erreparatu zion Oliveirak: Policía asesina, taldearentzat propio jarritako atrezzoa. Gizonezkoek kokotsa beheititzen zuten behar bezain grabe abesteko, eta burua goititzen zuten emakumeek, txoriek bezala. Halako batean ume kozkor batek zerbait utzi zuen gizon potoloenaren oinetan: argi izpi batetik kea zerion oparia. Pam! lehertu zen. Lodikoteak asaldatuta begiratu zuen gibelera. Bolbora usaina zabaldu zen jendartean. Beste puntatik emakume bat hurbildu zen lasterka, umea besotik hartu eta, haserrea antzeztuz, tas-tas egin zion ipurdian. Umeak barre besterik ez zuen egiten.

        — Gustura egingo nikek gauza bera neronek ere! —esan zion Oskarrek Oliveirari.

        — Bai, gustura hartuko hituzke horrek emandako ipurdikoak.

        Umeak beste petardo bat piztu zuen. Abesbatzaren gainetik bota eta zuzendariaren aldamenean erori zen. Pauso bat egin zuen eskuinera, gorputzaren posizioa milimetro bakar bat ere aldatu gabe. Pam! lehertu zen berriz. Airian dabil orbela, etxe hontako jende leialak, gabon Jainkoak diyela jarraitu zuten, baina buruez bihurrikeria gaitzesten. Zuzendariak bekainak altxa zituen: arreta pixka bat, faborez. Gizon muzindu bat agertu zen jendartetik. Bazetorrela ikusi zuen umeak ihes egin zion, bidean aurkitzen zituen helduen atzean babesturik. Gizona besoa luzatuta zebilen harrapaka, han eta hemen diskulpan: barkatu, barkatu, barkatu... baina ez zuen umea atzematea lortzen. Azkenean urrutitik agindu zion hurbiltzeko, eta umeari irria desagertu zitzaion orduan: «Nik ez dut ezer egin». Barrabas mukizuak amore eman zuenean, gizonak petardoak kendu eta patrikan gorde zituen. Akabo.

        — Utzi mutikoari jolasean! —oihu egin zuen Oliveirak, adarra jotzeko.

        Ernegatuta begiratu zion abesbatza osoak: Lezo ta Errenteriya, irugarrena Oiartzun; nere lagunak, Dios te salve garbuarekin erantzun. Alaitasunerako eta anaitasunerako deia zebilen kalean, alaitasuna eta anaitasuna zer ote ziren herri hartan inork gutxik zekien arren.

        — Baserritarrez mozorrotu eta astebete langostinoak zuritzen pasatzeari esaten zaiok zoriona herri triste honetan —esan zuen Oskarrek.

        Oliveirari krustazeo hitza etorri zitzaion burura, baina ez zen Andoni Egaña krustazeo hitzarekin hitz-jokoak egiteko.

        — Zaila zirudik langostinoek eguberri-aurreko bizitza izan dutela pentsatzeak, bizirik igerian ibili izan direla inoiz —norabiderik gabeko elkarrizketa filosofikoan murgildu zen Oliveira—. Bazirudik plater baten gainean etzanda bizi izan direla betidanik.

        — Igerian? Joder, horiek ez zakitek igeri egiten. Kolpeka mugitzen dituk.

        — Zer kristo da kolpeka! Kolpeak zeren kontra?

        — Ez zakiat, baina hala ibiltzen dituk, txop-txop, dardara batean.

        Gabrielaren bilobarekin akordatu zen Oliveira, haren sudurpeko biloez eta erakargarritasun misteriotsuaz.

        — Zarateren biloba ezagutu diat.

        — Pintore horrena?

        — Neska polita.

        — Sinesten diat.

        — Ez zakiat polita den edo... ez zakiat.

        — Polita da ala ez!

        — Polita duk, bai, baina ez oso apaina.

        — Noiz ezagutu duk ba?

        — Ez duk neska pinpirina, badakik, bere itxuraz kezkatua eta abar. Baina polita duk. Eta azkarra ematen dik, aspertzen ez hauten horietakoa.

        — Eta gorputzez?

        — Ez zagok gaizki.

        — Zer arraio da ez zagok gaizki?

        — Ongi dagoela.

        — Zarateren etxean izan haiz berriro?

        Isilik geratu zen Oliveira, elur pinportak ahoan lerratzen uzten. Neska ahuspez etzanda irudikatu zuen, eta bera aldamenean gezurrak asmatzen: gezurrak, gezurrak, gezurrak. Beti hausten diren promesak egiten.

        — Ez diat uste hemen barrena ibiliko denik. Donostian ibiliko duk, Eskola Ingeleseko lagunekin.

        Oinez jarraitu zuten, ingelesez hizketan egiteko kapaz ez zirela pentsatzen. Elkarri etxera laguntzeko ohitura zeukaten, zuri-beltzezko filmetako maitaleen modura. Ezkaratz aurrean azken berriketa laburra egingo zuten gero. Biak berandu iritsiko ziren etxera, baina ase.

        Porlanean zutik gelditzen ziren malutak, bigundu egiten ziren gutxika, eta zoruaren poroetan desagertzen ziren azkenean, arrasto ilun bat utzita.

        — Ez du zurituko —esan zuen Oliveirak.

        — Ez du inoiz zuritzen.

        Biteri kalea ere langostino zuritzailez beteta zegoen, tabernaz taberna dohainik ateratako gozoak jaten ibilitakoak. Jendartetik taxi bat azaldu zen diesel marrantaz. Etsita zihoan txoferra, tarteka aurreko leihoan ukabileko hezurrekin jotzen, bidea irekitzeko itxaropenez. Atzeko eserlekuan emakume edadetu bat, larri, festa bera gabe hasiko zelakoan: «Festa bukatuko da, eta ni hemen, jendailaren artean galduta». Taxilariari esan, ez zion esango, baina ziur pentsatuko zuela: «Zanpatu itzazu lasai!».

        — Oso zakarra duk. Alaba bakarra izango duk beharbada. Familia onekoa, erretxindua, zorrotza, gupida gabekoa.

        — Nor?

        — Zarateren biloba. Bere amonari entziklopedia saldu izana aurpegiratu zidak. Sekulakoak bota zizkidak.

        — Zer axola dio berari?

        — Ez zakiat. Nola jakin liteke neska batek zer pentsatzen duen?

        — Errieta egin al dik?

        — Errieta ez, baina... tira, bai.

        — Eta jada hasi haiz ametsetan: liskar batekin hasitako maitasun istorio bat...

        — Hoa popatik!

        — Oliveira, ahaztu errieta egiten duten neskak: bi egun ere ez dituk aguantatzen.

        — Bost axola neska horrek! Baina dena duk pixka bat arraroa: amona, margolaria, biloba...

        — Posizio interesgarri bat, alegia.

        — Horixe. Jokoaren erdira ailegatu eta aukera guztiak zaudek zabalik: beltzek zein zuriek irabaz zezaketek.

        Bat-batean pausoa gelditu zuen Oskarrek:

        — Zergatik esaten duk joko? Zergatik esaten duzue denek joko? Xakea ez duk joko bat, puñetas!

        — Puñetas...?

        — Bai, puñetas!

        — Nire amak erabiltzen dik hitz hori.

        — Seguru hire amak ere joko esaten diola xakeari, redios.

        Alfer-alferrik zen eztabaidatzea.

        — Zer da ba xakea?

        — Joko bat ez behintzat.

        — Baina zerbait izango duk.

        — Xakea, xakea duk. Kito.

        — Eta nola esaten da ba jokaldi bat?

        — Xakean ez zagok jokaldirik, mugimenduak zaudek. Xakelariek ez ditek jokaldirik egiten, ez dituk Romario eta Lopez Ufarte. Pieza eskuan hartu eta mugitu, horixe egiten ditek.

        Ile sarria zuen Oskarrek, elur malutak bertan geratzen hasi zitzaizkion.

        — Ezin duk horren serio hitz egin, ilea malutaz beteta daukaala. Txizagura ematen duk!

        Eskua patrikatik atera eta elurra kendu zuen. Ezin zuen ulertu: nolatan uste zezakeen munduak xakea joko bat dela? Horra, urtea amaitzeko galdera garrantzitsu bat.

        Iberdueroko maldan agurtu zuten elkar. Ez zen ohikoa han banantzea, baina hotzegi zegoen. Gora joan zen Oskar, Beraunera. Pontikara segitu zuen Oliveirak.

        Eguberri puta haiek! Gabrielaren etxean egotea desiratu zuen. Rukula entsalada eta horrelakoak jango zituzten han: brika, hostopilak, gauza finak. Mahai azpitik oinarekin potroak igurtziko zizkion Gabrielaren bilobak, komunera ihes egingo zuten eta larrutan egingo zuten konketa gainean. Horren ordez amarekin afalduko zuen Oliveirak eta hitzik gurutzatu gabe pasako zuten gaua: fluoreszentearen zarata, kroketak eta langostinoak.

        Aitak Mitsubishi bideoa ekarri zuen egunaz gogoratu zen. 1989ko Gabonak. Touringek bigarren urtea zuen hirugarren mailan. Egunkari paperean bilduta zegoen oparia, baina zabaldutakoan ezusteko txundigarria hartu zuen Oliveirak. Hantxe agertu zen handi-handian Mitsubishi hitza, Mitsubishi 4 heads. Aitak hatza 4 heads hitzaren gainean jarri zuen: «Badakizu zer esan nahi duen honek? Irudia gelditzeko edo kamera geldoan ikusteko tramankulu bikaina dela. Hala esan dit dendakoak. Ez dago hoberik». Biharamunean Pontikako bideo-klubera joan zen, filmak ilaran ikusi zituen, milioi bat egon zitezkeela kalkulatu zuen: Gremlins, En busca del arca perdida, Goonies, Karate Kid, Bruce Leeren dozena bat, Superman, Regreso al futuro, Alien, Excalibur, Willow, Esperanza y gloria... Bideo-klubeko arduradun burusoila kasete sorta bati paper-zati laranjak ipintzen ari zen mostradorean: «Alokatua». Axolagabe begiratu zion Oliveirari eta bere zereginarekin segitu zuen. La guerra de los Rose, Tiburón, Amadeus, Cyrano de Bergerac, Misery, Terminator, Blade Runner, Poltergeist, El color púrpura...

        — Ba al daukazue Robert de Niroren pelikularen bat? —galdetu zion, bai baitzekien aitak huraxe zuela gustukoen.

        Mostradore atzetik irten eta korridorean zehar abiatu zen gizona. Hatzak filmen gainetik mugitzen zituen, gatza botatzen ariko balitzaie bezala, alde batetik bestera, lerroaren luzera osoan, Robert de Niro ditxosozkoa noiz agertuko.

        — Hauxe! —El corazón del Ángel erakutsi zion—. Badituzu gehiago, nahi izanez gero: El Padrino, Taxi driver, El cazador, Toro Salvaje, Érase una vez en América, La misión... denak oso onak.

        — Horiek ikusita dauzkat. Ez daukazu Novecento?

        — Ez, hori ez.

        — Eta Los Intocables?

        — Hori berrietakoa da. Alokatuta dago. Eraman ezazu arrakasta gehien duena.

        Pesadilla en Elm Street jarri zion eskuan.

        — Freddy Krueger! —garrasi egin zuen burusoilak, eta atzamarrak altxa zituen mehatxagarri; ondoren algara egin zuen, zerbait oso barregarria esan izan balu bezala.

        Érase una vez en América eraman zuen. Gozatu handia hartu zuen aitak.