Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

20

 

Aurreneko soldata jasotzeko egunean Oliveira ez zegoen bereziki kontent. Poza... lagun iheslari hura.

        Beraunera oinez igo eta Oskarren etxe paretik pasatu zen; haragi egosi usaineko erlauntz hartan bizi zen, tropa osoarekin batera. Koldo Mitxelena institutuan basket kantxan ikusi zituen ikasleak. Ehunka bider ibilia zen bera ere kantxa hartan, ez abilezia handiz; futbolean baino hobea zen behintzat saskibaloian. Tamalgarria da kiroletan txarra izatea: idazle bilakatzeko atariko aproposa, munduaren kontra arranguraz matxinatzen den gizakia izaki idazlea. Besteentzat erraza zirudiena egiteko gaitasun falta harrigarria zeukan Oliveirak; buruz bai jokaldi ederrak, baina burutik agindua besoetara edo zangoetara helarazi orduko akabo; gorputz adarrak besteren baten buruak gobernatzen zizkiolako susmoa izaten zuen, beste partida batean eta, are, beste kirol batean ziharduen buru batek. Ze koordinazio falta!

        Institutu aldameneko kafetegian ikasi zuen musean, belaunaldiko gehienek baino zatiaz lehenago, haiek unibertsitatera arte ez baitziren gezur eta amarrukerien jokoan trebatu. Goiztiarrak izan ziren Oliveira eta Oskar eskolatik baimenik gabe hanka egiten. Bi bidaide aurkitu zituzten euren abenturetan, oiartzuarrak biak: Juan Kruz eta Ismael. Musean hiru urterekin hasitakoak ziren haiek, baratzean eta ehizan bezala. Adiskide onak egin ziren, elkarren artean arrotzak izan arren. Juan Kruzek, gainera, urdaiazpiko ogitartekoa ekartzen zuen egunero, amak goizean zartaginean frijitutakoa. Hamaikak iritsi orduko haginak izerditan jartzen zitzaizkion Oliveirari, gutizia hura gogoan. Egunero kentzen zion mokadu bat eta egunero haserretzen zitzaion Juan Kruz: «Alde egintzak hemendik!».

        Oliveirak institutuan hasi bezperan egin zuen bere bizitzan aurrenekoz bibotea. Erabaki azkarra izan zen, oso ondo neurtutakoa. Bazekien bibotea kentzen bazuen iseka egingo ziola Oskarrek, baina era berean bazekien institutua sudurpeko itzal harekin hasten bazuen, eskolak hasita tokatuko zitzaiola bibotea egitea, eta orduan eskola kide guztien aurrean eman beharko zituela azalpenak. Eta ez zuen arrazoirik falta. Banaka-banaka ikasle guztiei iritsi zitzaien besteen txantxak entzuteko trantzea. Juan Kruzi salbu. Sekulako bibotea zeukan Juan Kruzek, sarria, urte osoan kendu ez zuena. Axola ere gutxi. Uda pasata bibotea egingo zuelakoan zeuden denak, baina uda pasa eta ez zen itzuli, Lanbide Heziketara aldatu baitzen, Martutenera. Ez zuen mediku izateko asmorik, zertarako denbora galdu. Trigonometria ikastetik libratu zen behintzat.

        Behin edo behin kalean aurkitu zuen Juan Kruz, eta inoiz ahaztuko ez zuen gauza bat esan zion:

        — Lehen bakarretakoa ninduan piper egiten. Orain bakarretakoa nauk klasera agertzen, pentsa ezak.

        — Eta zer egiten dute klasetik kanpo?

        — Makilaz autoetako kristalak puskatzen zizkietek irakasleei.

        — Basapiztiak! —Oliveirak pentsatu zuen unibertsitatea baino toki probetxugarriagoa izango zela hura.

        — Ez, basapiztia ni nauk. Horiek astakirten koadrila bat dituk, deabru putaseme batzuk.

        Oliveira, badaezpada ere, ez zen ausartu amari esaten Martuteneko eskolan benetako gizonak hezten zituztela (eta ez unibertsitate txatxuan, jende otzana ekoizteko fabrika hartan).

        Pena sentitu zuen ikasle gazteak kantxan ikustean, igual ariko ziren pentsatzen latineko klaseari izkin egiteko aitzakiaren bat, aitaren sinadura imitatzeko artea ikasten, auskalo. «Irakasle jaun agurgarria, nire seme Mikel gaixo dagoela esateko idazten dizut, horregatik egin duela huts matematikan azken sei klaseetan» eta abar. Infernua.

        Vivaldi taberna aurrean aurkitu zuen Oliveirak Universal Fundazioko bere koadrila. Tinoren bulego ibiltaria (autoa) zabalik zegoen, eta inguruan hainbat kaxa. Itxura txarra zeukan enpresa hark, urrutitik antzematen zitzaion.

        Koro kaxetako batean arakatzen ari zen. Burua altxatu zuen Oliveirak agurtu zuenean:

        — Ez dut uste hor ezer aurkituko duzunik.

        — Kaixo... —musu gorrituta erantzun zion Korok.

        Postura hartan ipurdia muturren aurrean erakutsi baitzion, Korok berehala asmatu zituen Oliveiraren pentsamenduak. Gizakia da abere guztietan ipurtzuloa ezkutatzearren bere morfologia aldatu duen bakarra. Ez da txikikeria bat. Sexuaren inguruko mitologia osoa elekeria hutsa izango litzateke, ez balitz elkarren bizkarra ikustean, uzkiaren ordez, haragizko obra bikain hau ikusten dugula, bizkarraldearen amaierako bihurgune preziatu hauek. Kontuz ipurdiaren ahalmena gutxiesteko joerarekin.

        Auto barrendik atera zen Tino, paper mordoa eskuetan. Kartazal bat eman zion Oliveirari: lehenengo soldata! Ez agiririk, ez sinadurarik, ez protokolorik. Lege zaharra. Oliveirak kartazala haztatu zuen: ez zirudien milioi asko zegoenik. Zabaldu zuen: 45.000 pezeta.

        — Hau al da dena?

        — Zure salmentak dira —erantzun zion Tinok.

        — Eta soldata?

        — Soldataz hitz egin al genuen ba?

        — Aberastu egingo nintzela esan zenidan. Zer ostia da limosna hau?

        — Aberastuko zara, Raul. Baina tema gehiago jarri beharko duzu lanean. Mario Conde aberats jaio zela uste al duzu? Mario Conde enkarguak egiten hasi zen...

        Lankideekin bazkaldu ez izanagatik, artaldetik ateratako ardiari jarritako zigor eredugarria besterik ez zen hura.

        — Ni ez naiz pailazo hori bezala ilea olioz beteta sekulan ibiliko. Horrek amabirjina ere puta sartuko luke sos batzuk irabaztearren. Ez niri halako jendaila eredutzat jarri, faborez.

        — Bale —esan zuen Tinok—, beste adibide bat jarriko dizut...

        — Ez lanik alferrik hartu —eten zion Oliveirak—. Justua dena besterik ez dut nahi. Lanean irabazitakoa.

        — Hortxe eman dizut irabazitakoa.

        — Honekin ez daukat urratutako zapatak erosteko ere.

        — Zapata italiarrak janzteko ez —esan zuen Tinok—, horiek janzteko amabirjina saldu beharko duzu!

        —Grazia putarik ez daukazu!

        Tinok besoak zabaldu zituen:

        — Oliveira, Oliveira, ez zaitez horrela jarri. Ba al dakizu zenbat saldu duten horiek? Ez zenuke jakin nahiko. Zu baino askoz ere gehiago saldu dute. Ez dute kexurik. Baina utzidazu gauza bat esaten: zu eurak baino hobea zara. Ez zaude kontzentratuta ordea. Ez duzu sinesten!

        Horiek beste lankideak ziren, une hartan zeharka begiratzen ari zirenak.

        — Ezin dut zu baino bizkarroi handiagorik imajinatu —esan zion Oliveirak.

        Tinok ezpainak estutu zituen. Biboteak dardara egin zion.

        — Zeure burua engainatzen duzu horrela hitz eginez zerbait irabazten duzula pentsatuta. Orain harro egongo zara, baina bihar lan bila hasi beharko duzu berriz. Eta zer daukazu? Zer ikasi duzu, harroputz jauna? Nork nahi du zu bezalako mutil zahar eta bakarti bat bere ondoan?

        Touché.

        — Zurea bezalako lan beltzak erruz aurkituko ditut, Tino, hain justu hauek dira inork nahi ez dituenak. Material astuna eta baldarra, eta ugazaba eskasagoa.

        Eskasa hitza da gizakiari hobekien egokitzen zaiona: kaskarra, txarra, okerra.

        — Ugazaba eskasik ez dago, saltzaile traketsak asko.

        — Saltzaile ona izateko lapurra izan behar da. Nik etika gehiegi daukat.

        — Etikak ez du jaten ematen.

        — Ezta zure limosnak ere.

        — Ez dut eztabaidatu nahi, Oliveira. Horiek gustura daude euren sariarekin. Zuk ikusi: lanean jarraitu nahi baduzu... Serafin Sierra kalea egokitu zaizu gaur, eta bazkaltzeko betiko tokian egongo gara.

        Horixe zen dena: ezberdina besteen mailara ekartzeko setakeria.

        — Joan zaitez gregario horiekin zu zeu. Nik amaitu dut.

        Marrazoen bizkarraren kolorea zuen zeruak goizeko bederatzi eta erdietan. Egunkaria erosi eta kafea hartzera joan zen, denbora pixka bat egitearren Zaratetarren etxera joan aurretik. Kontuak argitzeko garaia zen.