Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

16

 

Goizeko seietan irten ziren Reynatik, Enekorekin eta bere lagunekin. Diskoentzako poltsa zeraman Enekok, postariek bezala alde batera. Balantzaka zihoan Oliveira, Oskarren eta Enekoren arteko elkarrizketan sartzeko ahaleginean.

        Gasparrera heldu zirenean hodei ilun bat zen jendea. Bultzaka sartu ziren. Jaka eta bufanda egurrezko eserlekuan utzi zituen Oliveirak, tabernako azken zokoan: maizter zaharraren abantaila zen jakarentzat zoko egokia ezagutzea.

        Eta orduan norbaitek, atzetik, begiak estali zizkion:

        — Lapurra —esan zion belarrira.

        Segituan ezagutu zuen: Gabrielaren biloba!

        Egurrezko eserlekutik whiski botila hartu zuen Oliveirak, zerbait esateko gaitasuna berreskuratuko zuen esperantzaz.

        — Bibotea egin duzu —esan zion.

        — Bibotea bakarrik ez.

        — Zer gehiago?

        Neskak erdiko hatza ahoan sartu eta aurpegi parean jarri zion. Hatza harrapatzea lortu zuen Oliveirak, bustita zegoen oraindik. Haserre plantak eginez askatzeko gaztigatu zion neskak.

        — Ez, barkamena eskatzen ez badidazu. Ni ez naiz lapurra.

        — Bazara, bai.

        — Orduan ez zaitut askatuko.

        Beste neska batekin zegoen Gabrielaren biloba, ume joko hura noiz amaituko zain, besoak antxumatuta. Hatza askatu gabe, Oliveirak botila eman zion beste neska hari. Keinua aldatu gabe hartu zuen, eta trago batez hustu.

        — Hatza bustita daukazu.

        — Nazkagarria zara.

        Hatza askatu zuen Oliveirak.

        Jendartean galdu zen Gabrielaren biloba.

        — Halakoa da Paula —esan zion beste neskak.

        Paula izena zuen, beraz.

        — Eta zu?

        — Eta ni, zer? —galdera itzuli zion pozik.

        — Zu beti al zaude halako egarriz?

        — Beti, beti, beti.

        Oskar bilatu zuen bistarekin. Enekoren lagunetako batekin zegoen izkina batean. Azkenako kamareroaren moduan hortzetako bat falta zuen mutilak, tatuaiez beteak zituen besoak: lehorreko marinela. Txapista ibiltzen zela esana zion lehenago. Elkarri tabernako telefonoa ematen ari zitzaizkion biak, urrutitik oso dibertigarria zirudien jolasean. Oskarrek barre eginez begiratu zion Oliveirari, kartoi zati batekin egindako sasi-hortza erakutsiz.

        — Zure laguna joan da... —esan zion Oliveirak neskari.

        — Ez da nire laguna.

        — Zer da ba?

        — Neska bat. Nik zer dakit.

        — Ez al zeundeten elkarrekin?

        — Bai, baina ez nuen ezagutzen.

        — Beno... eta zer egingo dugu orain?

        Txikia zen, titi mardulekoa. S-ak edo Z-k esatean txistu egiten zuen, hortzen artean haizea pasatzen utziko balu bezala. Gizonekin endredatzeko gehiegizko prestutasuna erakusten zuen, eta uste izatekoa zen gizonek zakar eta harrokeriaz jokatuko zutela berarekin. Lehen enkontruan gogorrak eta gerora negartiak: ezagutzen zituen halakoak.

        — Zein txano ederra daramazun —esan zion—, morroi elegantea.

        — Margolari handi batena zen. Oparitu egin zidan.

        — Bakarrik al zaude?

        — Lagunak beste puntan daude, telefonoz hizketan.

        — Telefonoz hizketan?

        — Bai, zera, nahiko arraroak dira...

        Esaldia amaitu aurretik neskaren gorputza berearekin elkartu zela sentitu zuen.

        — Zer? —galdetu zuen neskak.

        Ezin zuen horren erraza izan. Ergela behar zuen, neska lotsarik gabe zerbait eskaintzen ari zitzaiola ez konturatzeko. Baina ergela zen halako kontuetan. Gutxi ezagutzen zituen bera baino motzagoak, Oskarrez aparte. Neskaren alua begien aurrean izan arte ez zen guztiz seguru sentitzen.

        Muxu eman zion.

        Neskak.

        Animalia zaurituaren begiak zeuzkan.

        Eskutik heldu zuen Oliveirak eta Gasparreko komun gorrira eraman zuen. Prime markako kondoi bat eskuratu zuen hogei duroko txanpon baten truke. Han bertan egin zuten larrutan. Neskak galtzak eta kuleroak kendu zituen. Ipurdi guri eta biribil horixka erakutsi zion. Hanka indartsuak zeuzkan, motzak eta gihartsuak. Oinetan galtzerdiak eta zapatak, erotismoaz aparte, joko hartatik at. Eskuak neskaren ipurdian jarri eta zakila sartu zion. Hotz sentitu zituen ipurmasailak, kasik zakilaren igurtzia bainoago. Oliveirak bere burua ikusi zuen ispiluan: bera ote zen onetik aterata zegoen mamorroa?

        Komunetik irtetean gerritik oratu zion neskak:

        — Ez kezkatu, ez nabil nobio bila.

        — Kezkatuta zaude kezkatuta nagoelakoan?

        — Badaezpada ere esaten dizut, ez dezazun gaua izututa amaitu, datozen egunetan goizeko ordu txikietan esnatuko zaitudala pentsatuz eta abar. Ez neukan halako asmorik.

        — Eta zein asmo zenuen ba?

        — Larrutan egitea, besterik ez.

        — Har dezagun azken tragoa.

        Barrara gerturatu zirenean Joxemarik batere disimulurik gabe kliskatu zion begia.

        — Mutilek dena dakizuela uste duzue —esan zuen neskak.

        — Egia —onartu zuen Oliveirak.

        Neska agurtu eta Enekoren etxera abiatu ziren denak, dozena bat lagun.

        Anai-arrebekin bizi zen Eneko. Han aurkitu zuten goizeko argiari izkin egiteko aterpea. Barreiatuta zeuden denak: Enekoren eta honen anaien lagunak, eta akaso ezezagunen bat ere bai, oharkabean sartua. Gaztetxe itxura zuen etxe hark. Hainbatek logela bat okupatu zuten, jantziak lurrean utzi eta ohe arrotzean atseden hartzearren. Segituan azaldu zen logelaren jabea. «Ospa denak hemendik!», oihuka esnatu zituen Enekoren anaia nagusiak. Jantziak eskuetan agertu ziren berriz egongelan, hantxe egokitu ziren kexuka. Egongela ez zen palazio bat, baina sofa zaharrean hamar bat lagun jarri ziren, batzuk bizkarra bermatzekoan, besteak albo batera eserita. Gazte eta malguak ziren zoko ziztrinenetan baretasuna berreskuratzeko.

        Leihoaren azpian paratu zen Oskar, aparte; baina nonbaitetik amildu egin izan balitz bezala, lurrean etzanda zegoen neska batengandik metro eskasera.

        Harrigarria zen isiltasuna, tabernako iskanbilaren aldean. Isilegia agian, gaua bukatu zelako zeinu argia. Urteko lehen eguna zen Mitx katuarentzat ere. Ez zirudien bereziki asaldatuta: lo zegoen telebistaren gainean. Hortzik gabeko lagunak ukitu egin zuen, bizirik ote zen jakiteko.

        — Bere zazpi bizitzak erre ziren bertan —kantatu zuen.

        — Gurasoek ez al dute etorri behar? —galdetu zuen Oliveirak.

        — Ez, beren bikotekideekin joan ziren bizitzera.

        — Zuek hemen utzita?

        — Bai.

        — Joder, nolako zortea!

        Enekok baietz egin zuen buruaz, ez konbentzimendu handiz.

        Lau anai-arreba ziren etxean. Nagusiak 23 urte zituen eta Eneko zen txikiena. Denen artean egiten zituzten etxeko kontuak. Amak janariarekin laguntzeaz gainera, maiz etortzen zen arropa lisatzera.

        — Nahi duelako etortzen da. Kuxkuxean ibiltzeko aitzakia besterik ez da —harrotu zen Eneko—. Plastikozko ontzietan ekartzen digu janaria, baina gu ondo moldatzen gara sukaldean. Pasta jaten dugu beti. Gazta xehatua zakuka erosten dugu.

        Oliveirak ezin zuen sinetsi. Speedaren eragina sentitzen zuen oraindik, edozergatik pozteko edo harritzeko premia.

        — Diskoak jartzeaz aparte beste lanik egiten duzu?

        — Ez —kolakao bat prestatzen ari zen Eneko.

        — Eta zer egiten duzu egun osoan?

        — Musika entzun, musika erosi, musika grabatu. Eta zertxobait irakurri.

        — Ez da plan txarra.

        — Erosketak egiteko botea jartzen dugu. Gauzetako batzuk lapurtu egiten ditugu: desodorantea, bizarra egiteko aiztoak, xaboia, izokin keztatua eta, oro har, jertse azpian sartzen diren gauza guztiak.

        — Arropa garbitzeko xaboia ez behintzat —esan zuen Oskarrek, lurretik mugitu gabe.

        Enekok burusi bat atera zuen armairutik eta Oskarri bota zion. Gero kuxin bat ere ekarri zion, burua paretaren kontra baitzeukan. Oskarrek tapakia hartu eta zeharka so egin zion neskari, begirada iheskor batez. Oliveirak keinuari erreparatu zion, apur bat hunkituta, Oskarrek buruan zer zerabilen ondotxo asmatuz.

        Hatz lodia ageri zen Enekoren ezkerreko txapineko zulotik. Mugitu egiten zuen solasean ari zen bitartean. Azalpenak emateaz nekatuta egongo zen agian. Besteentzat harrigarria zena, bere bizimodua zen, kito. Bizitza posible guztien artean hauxe zen arruntena Enekorentzat: gurasoez libratuta etxean bakean bizitzea.

        — Poliziarik gabeko gizartea da gurea —esan zuen azkenik, aspaldi ateratako ondorioa balitz bezala—. Bakoitzak bere zereginak ditu, badaki ezin duela hutsik egin, beste hirurak ez baitaude batek uzten duen lana betetzeko prest. Sesio asko izaten dugu, jakina, baina hori da dibertigarriena: anai-arrebak dira behin eta berriz pikutara bidal daitezkeen abere bakarrak. Bestelakoak, behin haserretuta, betiko haserretzen dira.

        Telebistaren ondoko bideoen artean arakatzen hasi zen. Anabasa hartan bakarra ere ez zegoen bere kaxan sartuta.

        — Zinemaren ordua! —iragarri zuen—. Filma ikusi nahi ez duenak ospa egin dezala. Edo gera dadila lo.

        — Zein film da?

        Amadeus. Mozarten bizitza.

        Kruasan baten besoa sartu zuen ahora Oliveirak. Hostopila nola desegiten zen dastatu zuen. Gozo piloa zegoen mahai gainean, Enekok diskoak jartzen irabazitako diruaz Lekuonan erositakoak. Oliveirak sei edo zazpi kruasanen adarrak janak zituen ordurako.

        Oskarrek postura aldatu zuela ohartu zen Oliveira. Atariko siziliarra prestatzen ari zen! Tarraka-tarraka gerturatu zen neskarengana: eskua luzatu zuen aurrena, gero besoa eta gorputza ondoren. Piezak taulan ondo kokatu, horixe zen lehen printzipioa. Ez, ez zen jokoa, ez horixe!

        Amadeus euskaraz zeukan Enekok, ETB1etik grabatua. Bikoizketak ez zirudien ohikoan bezain eskasa. Sallieri, filmaren arabera Mozarten etsaia izan zena, apaizarekin hizketan ari zen; bere kantuak pianoaz jotzen ari zitzaion, ezagutzen ote zituen galdezka; apaizak ez zuen bakarra ezagutzen, harik eta kanta ospetsu bat jo zion arte. Apaiza kantuan hasi zen pozarren:

        «Bai, ezagutzen dut!, benetan ederra da!, ez nekien zeuk idatzi zenuenik».

        «Ez dut neuk idatzi» erantzun zion Sallierik irri ziniko batez. «Mozartena da».

        Ospea edo infernua. Loria edo ahanztura. Bizitza eternala edo heriotza. Hori zen elkarrizketa ustez txoro horretan erabakitzen ari zena.

        — Estaltzea nahi al duzu?—Oskarren ahotsa entzun zuen Oliveirak, aldameneko neskari ahapeka.

        Xakean zehaztasun izugarriz jipoiak banatzen jarduten zuen laguna, hara!, piezak gobernatu ezinik, taula handiegian galduta.

        — Mmm? —zaratatxo bat egin zuen neskak, eta lo segitu zuen.

        Burusiaren izkina luzatu zuen Oskarrek, neskaren zangoak estali arte. Ondo-ondoan geratu zen, begiak ezin bildurik.

        Filma ikusia zuen Oliveirak, baina berriz ikusteko aldarteaz zegoen. Gaueko pasarte aldrebesak ahaztuko zituen behintzat.