Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

4

 

Lana aurkitu zuen: entziklopedia saltzaile.

        Egunkarian ikusi zuen iragarkia. Lan posibleen artean txarrenetakoa iruditu zitzaion, baina ez zegoen non aukeratu handirik. Bazen beste bat kalkulagailuak saltzeko. Lan bitxia: kalkulagailu ekoizleek ez ote dute banatzailerik? Imajinatu zuen elektronika enpresa hartako buruzagiaren buruhaustea: «Makina mundialak ditugu, baina saltzeko modurik ez». Ezin enpresa fidagarria izan.

        Universal Fundaziora deitu zuen. Tino izeneko gizon batek erantzun zion:

        — Lanari beldurrik ez badiozu, sosak pilatuko dituzu gurekin.

        Panikoa ematen zion lanak Oliveirari, bereziki lan horrek, baina ez zeukan besterik.

        — Imajinatzen dut jendeak eskutik kenduko dizkidala liburuak.

        — Urte asko daramatzat lan honetan. Sinets iezadazu, jendeak nahi duena eta nahi ez duena segundo batetik bestera aldatzen da; eta nahi ez duena erosteko zein bidetik eraman azkar ikasiko duzu.

        — Gezurrak franko esan beharko ditut orduan.

        — Ez, arren! —esan zuen Tinok—. Egon zaitez lasai...

        — Ez daukat ezer galtzeko.

        Handik egun batzuetara elkartu zen lankideekin. Aspaldiko zirku gizonen bibotea zeukan Tinok, zurruna eta luzea, biribila. Gutxitan ikusten diren alproja horietakoa zirudien, komiki batetik ateratakoa. Amarrugilearen imitazio komikoa zen. Oliveirari, ordea, nolabaiteko konfiantza sortzen zion. Sentimendu lizuna, lohia, baina ezin zuen saihestu. «Alprojak ezin du alprojaz jantzi» pentsatzen zuen, «alprojaz janzten den alprojak ezin du alproja izan». Horren begi-bistakoa zen Tinoren itxura txarra, ezin baitzen horren txarra izan.

        Hiru lankide izango zituen Oliveirak: Koro izeneko neska ttattarra, Jon pikorduna, eta adin ertaineko Gotzon kaskazuria.

        Korok konspiratzaile itxura zeukan, segituan lagunak eta arerioak egiten dituen horietakoa. Zer lan egin behar zuen, hori gutxienekoa zen beretzat, garrantzitsuena lantaldearekin izango zituen harremanak ziren: nor maitatu, nor gorrotatu.

        Gotzon ere arriskutsua zen. Carrefourren apalategiak betetzen aritu zen garai batean, baina kaleratu egin zuten lapurretan ibili zela zabaldu zenean. Orduko despita burutik kentzearren, Kororekin harreman klandestinoa hasi nahiko zuen, eta fantasiarik bizarroenak egiteko baliatuko zuen istorioa. Segituan damutuko zen, Koro setiatzaile profesionala baitzen: lanak izango zituen bere bizitzatik berriz uxatzeko.

        Jon isila zen, baina ez diskrezioagatik, zekenkeriagatik baizik. Aldez aurretik isiltzea erabakitzen dutenetakoa, kalkulatzailea, tematia. Informatikari itxura zeukan (eta ez zen harritzekoa, informatikaria baitzen). Eskolan porrot egin zuen, Tetrisean eta Capitain Sylver izeneko makina batean jokatzen ematen zuelako aste osoa. 1995ean Ourensen jokatutako Capitain Sylver munduko txapelketan parte hartu zuen, baina lehen txandan kanporatu zuen filipinar batek. Ordenagailuak konpontzeko denda jartzea zen bere ametsa, bezeroen konputagailuen urdailetan arakatzea, besteen intimitatea zelatatzeko. Erantzun burutsuak aurkitzen zituen etengabe, eta barre egiten zuen bere ateraldiekin (besteek ere barre egingo zutelako itxaropenaz).

        Eta Tinok barre egiten zuen, noski, zirkuko gizona zenez.

        Lehen egunean Beraunen egin zuten hitzordua, Vivaldi taberna parean. Taldeka ibili behar ez izatea erregutu zuen Oliveirak. Derrigorrezko solasaldiak imajinatu zituen: Jonekin gurutzatutako hitz txoroak, Gotzonekin trukatutako elekeria antzua. Taberna aurrean ikusi zituenean ihes egitekotan egon zen, baina ez zuen ausardiarik izan.

        — Tira ba, hemen ditut kaleak eta sotoetako zenbakiak—esan zuen Tinok—. Bakoitzak bereak izango ditu. Ateak banan-banan jo beharko dituzue: etxean badaude, ireki dezatela; ez badaude, hurrengora. Ez du balio ateak deitu gabe sototik irteteak. Irekitzen dutenean, etxeko nagusia hor ote den galdetu behar duzue. Nagusi, jaun, andre... hasiera-hasieratik azaldu behar duzue umil, etxekoak ez dezan beldurrik izan, ez dezan pentsa mehatxua zaretenik. Ulertu?

        — Ados —Gotzonek bakarrik erantzun zuen.

        — Etxekoak mesfidati azalduko dira hasieran. Oro har minutu eta erdi inguru behar du bezeroak ate aurrean dagoena lapurra ez dela ohartzeko. Lotsagatik edo begiruneagatik, horrexegatik ez dute lehenago atea ixten. Tarte txiki horixe izango da mugarria, oso azkar ibili behar duzue. Ez zaitezte totelka hasi, ez ezazue dudarik egin: munduko entziklopediarik onena da esku artean daramazuena. Edozein etxetan da premiazkoa horrelako liburu sorta eder bat: testu bikainak ditu eta irudi are ederragoak.

        — Ados —esan zuen berriro Gotzonek.

        — Hauxe da gakoa: zein da etxeko etorkizuna liburuotan ezkutatzen diren funtsezko gauzak jakin ezean? Etorkizun beltza!

        Zinez egiatan ariko balitz bezala mintzatu zitzaigun Tino. Ofizioa ongi ezagutzen zuen. Seguruenik dirua ere erruz irabazitakoa zen, etxez etxe bera gutxitan ibili arren.

        — Bizimodua hobetzeko, pobrezia baztertzeko, gizartearen jokoan aurrera egiteko... horretarako balio dute liburuok. «Auzo miserable hau utzi nahi zenuke, jauna?». Horra galdera handia. Denek pentsatuko dute baietz, noski, baina gutxi batzuk ausartuko dira onartzen. Onartzen dutenek jakingo dute, bai, aldatzeko zer egin behar den: liburuen bidez jakintzaren unibertsoan sartu, hain justu!

        Atzamarra luzatuta, atseden dramatikoa egin zuen Tinok, ortzi-mugaz harago begira. Harantz begiratu zuen Jonek ere.

        — Jakintzaren unibertsoa! —errepikatu zuen—. Argi azaldu, lotsarik gabe. Nagusia konbentzitzea lortuz gero, 15.000 pezeta patrikara. Horrelako pagotxarik! Etxetik sinatutako paperarekin ateratzeko, ordea, hauxe jakin behar duzue: mundu guztiak, entzun ondo, mundu guztiak dauka bizitza aldatuko dionarekiko jakin-mina. Naturala da, instintiboa, nahi baduzue. Zuek ezin duzue zalantzarik egin. Nabaritu egingo dute totelik txikiena eta segituan egingo dute atzera. Sinesgarritasuna: horixe da gakoa. Zuek sinesten duzuena, horixe sinetsiko dute erosleek. Zeuek sinesten ez baduzue, akabo fandango!

        Tinok esku-orri batzuk banatu zizkien. Entziklopediaren liburukoteak agertzen ziren irudi sorta baten erdian. Planetak, lehoi bat, gizon zahar bat (Michelangelo margolaria), piramideak, indigena batzuk, eta, jakina, neska gazte eder baten irudia, zeina irudi guztietan garrantzitsuena izango baitzen seguruenik. Neska gaztea entziklopedia gaur egungoa dela berrestera zetorren: gauza modernoa, XXI. mendekoa, arina, alaia, positiboa, xaloa, erakargarria, garailea. Munduko iragarki guztietan agertu behar du neska gazteak. Legea da. Gaur egungo munduaren legezko logika.

        «Munduaren ateak irekiko dizkizun jakintza» irakurri zuen Oliveirak. Bere burua imajinatu zuen esaldi hori ahoskatzen, eta atearen beste aldekoaren aurpegi sinesgaitza: «Zer esan duzu jakintzaz, gazte?».

        — Ez zarete saltzaileak —ohartarazi zien Tinok—. Ahaztu hitz hori. Zuek Universal Fundazioaren ordezkariak zarete. Hala azaldu behar duzue zeuen burua: «Kaixo, Koro nauzu...». Nola duzu abizena? —galdetu zion Korori.

        — Muñoz.

        — Horixe bada: Koro Muñoz nauzu, nagusi, Universal Fundazioaren ordezkaria. Unetxo batean azalduko dizut zein den nire bisitaren xedea: zenbatetan ez ote gara geure jakintza sakondu ez izanagatik damutu? Jakintza boterea dela entzungo zenuen askotan, zalantzarik gabe (hemen aipu pertsonalagoa gehi dezakezue; adibidez: «Zure aurpegia ikusita erraz nabari daiteke hori badakizula»). Han eta hemen saiatzen dira geure xalotasunaz baliatzen gu baztertzeko, gu galbidera kondenatzeko. Baina inoiz ez da berandu. Ongi eta eroso bizitzeko eskubidea dugu, ez al duzu uste? Gure fundazioak interes handia du herritarren jakinduria areagotzeko. Zergatik? Ezjakintasunak iluntasunera kondenatzen gaituelako, ez zu bakarrik, baizik eta denok!

        — Ezjakina dela esan behar al diogu etxekoari? —galdetu zuen Oliveirak.

        — Galdera ona. Ez, etxekoa ez da ezjakina, mundua da ezjakina, bazter guztietan dago ezjakintasuna: erakunde politikoetan, merkatuan, hedabideetan... Dena da ezjakintasun. Nora goaz? Hau al da nahi genuena? Horretarako borrokatu al ziren geure arbasoak? Ez! Gure fundazioaren erantzukizuna da geure arbasoek hasitako borroka hura bururaino eramatea... Ez dakit jarraitzen ote didazuen.

        Isilik geratu ziren laurak. Korok irri urduri bat egin zuen eta Gotzonek eskuaz kaskezurra igurtzi zuen, lozorrotik esnatu nahiko balu bezala.

        Ilea hazteko botika faltsuak saltzen dituztenen konbentzimenduaz hitz egiten zuen Tinok. Guztiz ezinezkoa iruditu zitzaion Oliveirari elekeria horrekin liburu bakarra saltzea. Eta Tinok ezagutzen zituen susmo horiek.

        — Ez ezazue pentsa libururik salduko ez duzuenik. Egin ezazue esandakoa, sinets ezazue, eta ikusiko duzue posible dela. Orain —erantsi zuen—, ahaztu lehen egunean aberastuko zaretelako ametsa. Tirriki-tarraka egin beharko duzue lan, egunetik egunera. Trankil, larritu gabe. Emaitzak uste baino bizkorrago iritsiko dira.

        — Zenbat balio du entziklopediak? —ausartu zen Oliveira.

        — Esku-orrian ikusiko duzuenez, entziklopediak hileko 1.600 pezeta balio du. Alegia, eguneko 50 pezeta. Ogi batek baino gutxiago. Hiru urtean ordaintzekoa denez, 60.000 pezeta guztira. Interesik gabe, interesik gabe! Oso merkea da, baina saia zaitezte zenbaki handia ez esaten. Tematzen badira, esan; baina asko tematzen badira bakarrik. Zenbat balio du? Eguneko 50 pezeta! Kito. Ogi batek bezala. Eta interesik gabe. Jesus, oparia da!

        Beltz ikusi zuen Oliveirak kontua. Inguru hartan bakarrik gelditzeak, paper zahar horiek eskuan, deprimitu egiten zuen; baina beste edonorekin ibiltzea baino hobea zen. Unibertsitateaz gogoratu zen. Hain gaizki ote nengoen han?

        Tinok hantxe ondoan aparkatua utzi zuen Renault 21 Chamade-a. Ez zuen luze geratzeko asmorik. Larrialditarako argiak deika zeuzkan: goa-zen, goa-zen, goa-zen, goa-zen.

        Inguruko etxeei so egin zien Oliveirak. «Etxe guztietan ezkutatzen da herritar inuzenteren bat, amua jateko zorian egon litekeena». Higuina sentitu zuen beregatik, bere lan berriarengatik.

        — Zer, Oliveira, gogoz? —galdetu zion nagusiak.

        Denak begira zeuzkan. Gizakia gorrotatu zuen, gizakiaren gizarteratzeko manera petralak. Jonen bizitza petrala begi aurretik ezohiko abiadaz pasatzen ikusi zuen: ikasgelakoek barre egiten zioten. Zergatik? Futbolean txarra zelako, oihalezko musuzapia eramaten zuelako, bost urterekin ikaskideen aurrean kaka gainean egin zuelako, muki kandelak izaten zituelako, txiroa zelako, Nintendorik ez zuelako. Hortxe zeukan Jon mozoloa begira. Ilusioa izango zuen agian. Taldeak onartu zuen. Taldekide bat gehiago zen. Lana ongi egingo balu, Tinoren kuttuna izatera iritsiko litzateke. «Ongi aritu zara, Jon; banuen susmoa jendearekin esku ona duzula, ikusi orduko igarri nizun. Etorkizun handikoa zara, alajaina!».

        — Bai, noski —erantzun zuen Oliveirak ahapeka.

        — Hitz egin ezazu kartsu, mutila! —eta aldarriz amaitu zuen—: Etorkizuna zuena da!