Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
aurkibidea

Aurkibidea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

Erosi: 16,15
Ebook: 3,12

Aurkibidea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

 

 

10

 

Baina ez zuen alerik saldu. Izan zen baten bat esku-orria hartu ziona «pentsatuko dut» esanez, baina berak bazekien jendeak ez zuela pentsatzen, esku-orria zakarretara botatzen zutela afariaren soberakinekin batera.

        Azken etxean ordu eta erdi pasatu zuen: kafea atera zion andreak, denetik aritu ziren hizketan, klixeak erabiliz, kortesiaz, puzzle bat hamaikagarrenez egiten ariko balira bezala. Bat-batean emakumeak kontatu zion alargunduta zegoela, Oliveirak erantzun zion sentitzen zuela, emakumeak esan zuen ez zuela zertan.

        — Aspaldian egin nahi nuena egiteko aukera baliatzen ari naiz alargunduz geroztik.

        Jadanik kaferik ez zegoen kikaran kondarrak koilaraz nahasi zituen Oliveirak.

        — Berandutzen ari zait —mahai gainetik txanoa hartu eta zutitu egin zen.

        — Lastima! —zizpuru egin zuen emakumeak lotsa gutxiz.

        Tabernara joan zen egun gogorraren arantzak kamustera. Txarlirekin xakean ari zen Oskar. Xakelari narrasa zen Txarli, zazpikia: jokaldi onekin eraikitzen zuena jokaldi txarrekin eraisten zuen. Lehen hamar-hamaika mugimenduak legeen barruan egiten zituen, eta ondoren estrategia finaz jokatzen zuen ahalik eta posizio hoberena lortzeko; Oskarri ere zaildu egiten zizkion lanak, baina halako batean iparra galtzen zuen, arerioaren endrokea txikitzeko piezak oparitzen hasten zen: bat, bi, hiru... berdin zion. Endrokea txikitu behar zen, gerta zer gerta. Eta lortzen zuen, noski, baina piezarik gabe geratzen zen endrokeaz hustutako erregeari eraso egiteko.

        — Hautsi dezagun endrokea! —esaten zuen.

        Dorre bat botatzen zuen peoien aurka, eta alfila ondoren, eta beste alfila, eta zaldia. Hortxe hasten zen partida beretzat. Erasoa amaituta, piezarik ez zuela erreparatzean, eskuaren gainean bermatzen zuen burua.

        — Non daude ba nire piezak?

        Txarlik ez zuen gustuko inork bere irakasle garaiak gogora ekartzea, baina sarritan gertatzen zitzaion, denek ezagutzen baitzuten handik. Denek uste zuten, gainera, laster itzuliko zela ikastolara; labur esateko: «Joan dadila lanera behingoagatik!». Baina ez zuen itzultzeko asmorik. Horri buruz galdetutakoan, modu misteriotsuan erantzuten zuen:

        — Zuek ez dakizue ezer!

        Azken garaietan Txarlik gitarra eramaten omen zuen eskolara. Larriena ez zen gitarra eramatea, ikasleen aurrean kantatzen zuela baizik, edo kantatzen saiatzen zela. Mikel Laboaren Lekeitioak maite baitzituen, aldameneko gelako irakasleak hurbiltzen ziren iskanbila hura baretu nahian. Txarli gitarra magalean ikusten zutenean desenkusatu egiten ziren; eta gero zuzendariak, desenkusatu zirenek salaturik, kargu hartzen zion ikasketa planari jaramonik egiten ez ziolako. Ikasleen artean ospe handikoa zen Txarli, ospea eta trufa nahasten diren toki lanbro horretan.

        Hiru garagardo eskatu zituen Oliveirak. Purrustaka eseri zen, lagunak bere nekeaz ongi kontura zitezen. Taula aztertu eta betikoa ikusi zuen gutxi gorabehera. Oskarren piezak gerlari zitalak ziren, bilaukeria suntsigarriak egiteko prest. Txarlirenak gazteluko pasadizoetatik korrika eta estropezuka zebiltzan, batera eta bestera espantuka, armak eta esperantza galduta.

        D6 laukitik aurrera zetorren peoi bat (amen batean dama bilakatuko zena) jan zuen Txarlik dorreaz, hain justu taula osoan ondoen defendatuta zegoen peoia (alfil batek eta zaldi batek babestua). Oskarrek eta Oliveirak harrituta begiratu zioten, zeinen erraz irentsi zuen amua. Ezikusiarena egin ondoren burua altxa zuen eta...

        — Erne! —bota zuen larderiaz.

        Oskarrek bere asmo xumeari segitu zion: alfilaz edo zaldiaz Txarliren dorrea jan ordez, beste zaldiarekin xake eman zion. Zaldi lasterketa bat ematen zuen: a ze animalia airosak! Oskarren mehatxuarekin Txarliren gerlariak pasadizoan ere ezingo ziren gotortu, harresian behera jauzi egiten hasi beharko zuten, suak hartutako gaztelutik ihesi.

        — Zer egin behar duk bihar gauean? —galdetu zion Oskarrek Oliveirari.

        — Afaldu, zer egingo diat ba?

        — Etxera etorri nahi al duk?

        — Zuenera?

        — Partida jokatuko diagu...

        Urteko azken gauaz ari ziren. Oliveirak bazekien ezin zuela etxetik ihes egin, inon idatzi gabeko baina azalean burdinaz xakitutako legeen ondorioz. Baina baziren bospasei hilabete ez zuela amarekin hitz egiten. Eta Oskarren etxera joatea ez zen batere plan txarra.

        — Amarekin geratuko nauk. Ez diat ama bakarrik utziko...

        Erregea a8 laukira mugitu zuen Txarlik (gillotinan jartzen ari zen). Oskarrek xake eman zion berriz. Oskarren piezak hienak ziren, gose ziren, odol usaina zegoen. Hurrengoan mate emango ziola ikusi zuen Oliveirak. Txarli ere konturatu zen, begiak bueltaka baitzituen, pieza batetik bestera saltoka, ihesbidearen xerka. Bibotea orraztu zuen, eskuak izterretan jarri zituen, etsita zebilen.

        — Errepublikak irabazi du, biba errepublika! —esan zuen Oliveirak, aspaldiko txantxa bat berpiztuz.

        Txarlik ozen egin zuen barre orduan, xakea eta monarkiaren galera, biak parekatzeak benetako zirrara eragiten baitzion.

        — Sutara! —esan zuen Txarlik.

        Gero Oliveirak hartu zuen erabakia:

        — Afalostean joango nauk, Oskar. Pozik joango nauk.

        — Hiru gaudek muserako. Pozik ez bada ere, etorri. Mesedea egingo diguk.

        — Bai, bai, mila esker.

        — Mila esker?

        — Argi esateagatik, esan nahi diat; horrela, zuzen esateagatik.

        Garagardoari trago luzea eman zion Txarlik. Xakean ari zenean ahaztu egiten zitzaion, baina partidaren ondoren hondorik ez balu bezala edaten zuen. Aparra geratu zitzaion bibotean, eta algara eginez opa:

        — Urteberrion, putakumeok!

        Ilun zegoen Gaspar, beti bezala. Joxemarik giro intimoa laket zuela aldarrikatuko zuen bere gangster kapeluaren azpitik. Denek zekiten watt gutxiko bonbillak erosten zituela, mesanotxean ere apenas argitzen zuten horietakoak; fakturak minimora murrizteko aparteko abilezia zeukan, bezeroen patriketatik papurrak ere kentzekoaren parekoa. Gasparreko bezeroei, ordea, zirrara eragiten zien iluntasun hark. Iluntasun hark bezeroei buruzko argibide zehatzak eskaintzen zituen, bezeroak taberna hartako iluntasunean egin edo moldatu izan balira bezala. Bezeroen ametsa zen Moskuko taberna bat zela hura, edo Parisko kafe bat, bat-batean jazz izarren bat agertuko zela heroinaz hordituta eta saxoaz armatuta. Argi horixka nekagarri hura, beraz, ez zen istilurako arrazoia.

        Oliveira desafiatu zuen Txarlik:

        — Xake entziklopedikoa egingo diagu.

        — Zein?

        — Hire lanagatik esaten diat.

        — Bazakiat. Baina galdera duk, nire entziklopedian zein xake agertzen den ba ote badakian.

        — Ez, noski —onartu zuen Txarlik.

        — Horixe nabarmendu nahi nian, ez daukaala arrasto putarik.

        — Ezta beharrik ere. Xake entziklopedikoa jokatu nahi ez baduk, xake arrunta jokatuko diagu, txar horietako bat: taberneroa —alferrikako lana zen Txarli samindu nahi izatea—. Lanak kalte egiten dik, Oliveira. Kontuz ibili. Badakik zertaz ari naizen.

        Lehen mugimenduak bizkor egin zituzten. Txarlik modu siziliarrean hasi zuen partida. Oliveirak ez zuen eragozpenik jarri. Biek buruz zekiten atariko hura. Arazoak sortzen ziren Txarli atarikoaz nekatu eta pentsatzen hasten zenean, baina artean une miresgarri hori iritsi gabea zen.

        — Amarekin bakarrik afalduko al duk? —galdetu zuen Txarlik.

        — Bai.

        — Joder, beti afaldu al duzue biek bakarrik?

        — Ez —esan zuen Oliveirak Oskarri begira—. Garai batean lehengusuekin afaltzen genuen, Ikerrekin eta Nagorerekin. Jende pinpirina: marra alde batera orrazten zuten eta uniformez jantzita joaten ziren eskolara, Angus Young kakalardo horren modura. Ikerrek tuba ekartzen zuen gure etxean jotzeko. Masailak gorri-gorri jartzen zitzaizkion madarikatuari, itsasoan jolasteko gomazko ontzi bat puztean bezala. Etxeko kristalak dardara batean ipintzen zituen zarata higuingarri harekin. Begiak ixten nituen nik, bertan lehertuko zen beldurrez.

        — Tuba, tresna ederra duk ba: pom-pom-pam-pom —esan zuen Txarlik.

        — Gainetik kentzeko bidali zuten gurasoek tuba ikastera, baina hazi zenean utz zezan eskatzen zioten etengabe. Ikerrek segitu egin nahi zuen ordea, eta han egoten zen, geltokian, trenaren zain, tuba handia alboan, kutxa marroixka batean sartua. Egundoko pena ematen zidan, bakar-bakarrik joaten zen bandaren kontzertuetara, ez guraso ez arreba. Orain EuskoTreneko makinista da.

        — Eta non dabil ba Nagore?

        — Haurrak ginenean afera bat izan genuen. Bospasei urte genituela. Berea izan zen ikusi nuen lehen alua, artean ilerik ez zuela. Galtzarabordako txabola batean izan zen. Ez dakit nola iritsi ginen hara. Aldizkarietan noiz edo noiz ikusitako alua ikusteko ilusioa nuen nik, baina gauza txiki xalo hura ikustean desilusioa hartu nuen. Hatza sartzen utziko ote zidan galdetu nion. Baietz berak. Hatza haragi bigun hartan sartzean, ordea, atzera egin zuen. «Min emango didazu» esan zidan. Ez nuen pena handirik izan. Zakila ukitu zidan behintzat.

        — Sei urterekin? —harrituta galdetu zuen Txarlik—. Nik hogeita hamarrekin izan nian lehen harremana!

        — Hura ez zuan harreman bat izan. Harremana beste kontu bat duk.

        — Ez, zera!

        — Gero modelo izan nahi zuela; badakizue, Cibeles eta ximaur usaineko pasarela horiek guztiak —jarraitu zuen Oliveirak gaia desbideratuz—. Uste dut modelo ibiltzea lortu zuela, telebistako Txiskola saioan azafata ere aritu zela... Ospea hortxe ukitu zuen hatz mamiekin. Ondoren pixka bat gizendu zen, beste horrenbeste zimurtu... Orain pelukera dabil Pasaiako zaharren etxean.

        — Hangoak pozik —esan zuen Oskarrek.

        — Baita bera ere. Garai bateko neska ederra dela sentitzen laguntzen ziok miresmen gaindosi horrek.

        — Zeharo erotuta ibiliko dituk zaharrak —esan zuen Txarlik.

        Oliveirak alfila jan zion Txarliri, eta alfila galdu zuela baliatu zuen bere esperientzia azaltzeko:

        — Nire anaia Mikel urtero-urtero berandu azaltzen da afaltzera. Beti zain egoten gara mahaian eserita, urdaiazpikoaren eta mantel zuriaren aurrean. Hankak baldartuta iristen da, handiputz doinu horrekin hasten da berriketan eta... Zaratustra bera isilduko luke. Baina okerrena ez da bere ezjakintasun lotsagarria, okerrena bere jateko modua da. Bitxia da nola irits gaitezkeen norbaiten jateko modua horren biziki gorrotatzera. Astoek bezala jaten du, aurreko hortzekin. Hantxe ibiltzen du jatekoa batetik bestera, ahoan duena oraindik bizirik balego bezala. Morroia hizketan, kristoren txorakeriak esaten, eta gu han, bere aurrean, ahoan bizirik dagoen zerbait daukala pentsatzen. Noizbait dentistarengana joan beharko duela esaten diot, plastikozko hagin batzuk jartzera —Txarlik ahoan sartu zituen atzamarrak, azken esaldia apenas ulertu zitzaion.

        — Ez dituk plastikozkoak izaten —zuzendu zion Oskarrek—. Zeramikazkoak izaten dituk. Nola izango dira ba plastikozkoak?

        — Berdin ziok, egurrezkoak badira ere, baina jar dezala zerbait, arren!

        Mikel anaia gazteena zuen Txarlik. Artean etxean jarraitzen zuen, gurasoekin. Oliveirak eta Oskarrek askotan entzuten zuten Txarli anaiaz gaizki esaka.

        Basoak berriro betetzera joan zen Oliveira. Hordituta sentitu zen, eta puska bat errudun ere bai, apur bat lizun. Laster etxeratu nahi zuen, biharamun iluntzeko afariko giroa epeltzeko, baina azkenean ez zuen nahikoa adorerik bildu. Bere buruari esango zion nahi gabe joan zitzaiola denbora, nahiz eta egiazki bazekien ama aurrez aurre aurkitzeko batere gogorik ez zuelako zela.

        Jende gutxi geratzen zen tabernan. Goiko mahaian bikote bat: neska hizketan, gai interesgarri batez antza, eskuen joan-etorrien grina ikusita; mutila aspertuta. Tarteka eskua kuleropean sartu ahal izateko zer egin behar den!, pentsatu zuen Oliveirak. Neskatilak eskuak mutilaren sorbaldan jartzen zituen, haren interesa esnatzeko ahalegin desesperatuan, baina mutila neskaren lagunen inguruko kontuok laurogei bider entzundakoa zen eta jada ez zuen antzerkia egiteko premiarik. Han egon izan balitz, eskua masailean jarriko zion Oliveirak eta bere arazoak konpontzeko gakoak emango zizkion, baina aitatasunik gabe, gutxietsi gabe. «Ulertzen dut, bai» esango zion. Baina Oliveira ez zegoen han, eta han zegoen mutilak ez zuen neska irabazteko beharrizanik. Arraina sarean zeukan.

        — Nire anaia amaz maiteminduta zagok. Bai, bai: amaz —esaten ari zitzaion Txarli Oskarri, Oliveira mahaira itzuli zenean.

        Eta orduan Txarli mahaitik ostikoka botatzeko gogoa sentitu zuen. Bazekien ez zuela botako, ez berak ez Oskarrek, ustez zorrotzak eta ahoberoak izanagatik, ez baitzeukaten halako egoeratan argi eta garbi inor mozteko potrorik. Makina bat txapa jasandakoak ziren.

        — Maitasun mota horrek bi alde ditu: premia edo guraria, batetik; ukoaren mina bestetik, porrotaren mingotsa, badakizue... —jada inork ez zuen Txarli geraraziko; iragana trumilka zetorkion, ezpataz, eta indartsuegia zen.

        — Irudi luke heure diagnostikoa egiten ari haizela —esan zuen Oliveirak.

        — Neuk ere badiat halako zerbait. Ez diat onartzeko batere arazorik. Aitak beste autoritate bat izan balu... ez zakiat... Beti bizi izan da baztertuta, argindarra begiratzera etxera etorritako behargina bezala. Hantxe bizi izan da gure etxean, leihoaren aurrean eserita, beti irribarretsu; ostatu bateko bezeroa zirudien...

        Bakarrizketan ari zen Txarli.

        Oskarrek burua Oliveiraren belarrira hurreratu zuen:

        — Nondik atera duk hire lehengusuen kontu hori?

        — Ez zakiat. Asmatu egin diat.

        — Ipurdian, horixe, ipurdian sartu diok atzamarra. Ea nork isiltzen duen orain.

        — Familia guztietan izaten dituk lehengusuak: lehengusu jasangaitzak, norberaren aurkariak, gurasoen kuttunak... Neuk orain bazauzkat bi: Nagore eta Iker. Perfektuak dituk: makinista eta ile apaintzailea. Ia haiek ikusteko irrikaz nagok.

        Burua eskuen artean ezkutatu zuen Oskarrek:

        — Ero koadrila puta hau!

        Oliveira taulari begira geratu zen. Parekatua zihoan partida.