19
Egun batzuk igaro ziren, eta Oliveira bere bizitza horrenbeste aldatu izana madarikatzen hasi zen, arrantzale bati igeri ongi egin dezan eskatzen diotenean bezala. Nagi zegoen. Malenkonia txiki batez. Bizitza begien aurrean aurkezten zitzaion, eskaparate betean, baina Oliveirak ikusle izatearen erosotasuna atsegin zuen. Matxainera bizikletak ikustera joaten zenean, orduak eman zitzakeen tramankulu perfektuak diren bizikletei begira. Dendara sartzen zen eta ea bizikletak ikusmira zitzakeen galdetzen zuen. Bazekiten nor zen. Matxain bera egoten zen dendan, ziklista ona izandakoa, bere hanka okerrekin, betilun eta gaitzituta. Bizikleta berrien gurpilen gomazko arantzak zituen gogoko; tira egiten zien, gero esku-ahurra pasatzen zuen gomazko arantzen kilimak sentitzeko. Bizikleten galgei sakatzen zien, eta hauek azkar etortzen ziren atzera, malgukiaren indar leunaz. Galgaren kirtenak burdinaren kontra zarata txikia egiten zuen, zehatza, tak: harrigarria zirudien norbaitek torloju festa distiratsu hura asmatu izana. Argazki handi bat zegoen horman: Matxain bera, zuri-beltzean, maldan gora, bizitza epika zen garaian.
Enekok idazle harekin biltzeko esan zionean poztu egin zen. Baina segituan desagertu zitzaion ilusioa, iritsi ahala ospa. Kikilduta geratu zen. Enekok idazlearen izena esan eta Oliveirak ezagutzen ez, nolako zaputza! Oliveirak bazekien zer sentitzen zen halakoetan, berari gauza bera gertatu baitzitzaion Oskarrekin, Zarate handiarekin izandako enkontruaren ondotik.
— Kristoren tipoa duk. Asko zakik —esan zion Enekok.
— Baina zer esango diot nik?
— Nahi duana, motel! Zergatik idatzi nahi duan liburua, adibidez.
Eneko Zippo markako txiskero batekin jolasean ari zen, esku bakarraz pizteko ahaleginean. Oliveirak Pasaiako portuko garabietan pausatuta zeukan soa. Oskar xake mugimendu batzuk buruz aztertzen ariko zen.
— Zergatik jartzen duk hik musika? —galdetu zion Oliveirak.
— Musika ona entzuteak zorionez betetzen nauelako.
— Jar ezak musika hire etxean.
— Jartzen diat, etengabe jartzen diat.
— Jar ezak heuretzat bakarrik.
— Niretzat bakarrik? Zergatik niretzat bakarrik?
— Zorionez betetzen hauena entzutea bada...
— Nire zoriona partekatzen diat. Besteentzat jarrita zoriontsu egin nahi nitizkek besteak ere. Horra arrazoi bat, oso altruista.
— Neskei larrutan egin ahal izateko jartzen duk musika, koletas —elkarrizketan muturra sartu zuen Oskarrek.
— Horretarako ere bai. Jakina, bai, hori garrantzitsua duk.
Antxon geldialdia egin zuen autobusak. Neska bat sartu zen atzeko atetik, haurrentzako orga batekin. Orga sartzen ari zenean atea itxi zuen gidariak.
— Aizu!, kontuz! —oihu egin zuen gizonezko batek, salto batez zutituta.
Atea ireki zuen gidariak, eta gizonezkoa berriz eseri eta jaka lisatu zuen, oihu egin izanak jaka zimurtu izan balio bezala.
— Diru pixka bat irabazteko, horretarako ere jartzen diat musika.
— Ez hadi gezurtia izan —kontra egin zion Oliveirak—. Zerbait gehiago bilatzen duk, diruaz apartekoa. Zerbait ona egiten ari haizela pentsatuko duk behintzat.
Masailak gorrituta zituen neskak. «A ze sustoa, e!» esan zion umeari. Umeak ez zuen imintziorik egin.
— Tabernetan entzuten den zaborra ikusita, zerbait ona jartzea ekintza etikoa duk —argudiatu zuen Oskarrek—: ekintza plastikoa, estetikoa eta patetikoa.
— Ez zakiat ona eta txarra musika neurtzeko hitz egokiak diren —gaztigatu zion Enekok.
— Ez hadi epela izan —esan zuen Oliveirak—. Txarra dena txarra da, eta kito. Eta kristorena dena, kristorena.
Oskarrek eta Oliveirak maiz ikusten zuten Eneko azkenaldian. Elkarri neurria hartzen ari ziren hirurak, zakurrek elkarri uzkia usnatzean bezala. Agian ez zen haiek espero zutena; agian epela zen, errukiorra, on plantak egiten dituztenetakoa.
— Baina norbera ikusle hutsa denean errazagoa duk. Zerbait egiten hasten haizenean, zailtasunaz jabetzean, txar hitza gutxiagotan erabiltzen hasten haiz, zuhurtziagatik, besteek higatik horixe bera esan dezaketelakoan —defendatu zen Eneko.
— Ez hik egiten duana benetan ona bada.
— Zerbait ona egitea oso zaila duk. Eta zaila duk zerbait txarra egin izanaz benetan jabetzea. Hire liburu hori idaztean konturatuko haiz horretaz.
Oskarrek xake taula txikitik burua altxa zuen.
— Katekistari entzundako argudioa zirudik —esan zuen.
Oliveira atzeko atetik sartutako neska begiratuz urrundu zen kalakatik. Oskarren eta Enekoren artean segitu zuen solasak.
— Zer da musika ona hiretzat? —galdetu zion Enekok.
— Galdera horrek tranpa zaukak.
— Ez ba, galdera sinplea duk.
— Ez duk sinplea, ez. Musika bera definitzea ezinezkoa duk; bazaudek hitzez formulatu ezin diren gauzak, eta ezin da esan formulatu ezin daitezkeenez ez direnik existitzen.
Oliveirak ezagutzen zuen argudio klase hori. Irrati-formulan agertzen diren taldeek ere kanta onak egiten dituztela, horixe esan nahi zuen Enekok. Ezin dela esan kanta horien atzean dagoen jendea eskasa denik. Maisuak dira, mertzenarioak izanagatik.
— Zer da haizea? —galdetu zion orduan Oskarrek.
— Joder, zer galdera mota da hori?
— Galdera sinple bat, Eneko.
— Ez zakiat, ez zakiat zer kristo den haizea.
Apur batean isildu ziren.
— Zerbait txarra dela, edo, areago, musika bat puzkerraren zarata baino itsusiagoa dela esatea giza eskubide bat izan behar likek. Musikariek eskubidea zaukatek nahi duten musika egiteko, dela rocka dela bakailaoa; baina guk ez zaukaagu eskubiderik zarata hori kaka dela esateko? Pairatu bai, baina ezin diagu kexatzeko oihurik egin, agian bihar geuk egiten duguna kritikatuko dutelako: ederra panorama.
— Esan nahi dudana duk, guk txartzat duguna beste batek ontzat jo dezakeela. Maiz gertatzen duk hori, eta horrek erakusten dik musika ezin dela horren modu sinplean sailkatu, atun laten moduan.
— Baina gustukoa izateak ez dik esan nahi ona denik. Gauza batzuk txarrak dituk, zatarrak, gaizki egindakoak, zintzotasunik gabeak; eta horrexegatik duk ona salatzea, egia bilatzea. Edozein sorkuntza baino garrantzitsuagoa duk egia. Areago: sorkuntzarik ederrena, justuki, egia duk. Edo egia bilatzea.
— Amen! —amaitu zuen Enekok.
Autobusa gelditu egin zen, gidariak bi bider jo zuen klaxona.
— Eta besteek berdin pentsatzen ez badute, ideia putarik ez daukaten seinale —esan zuen Oskarrek.
Enekok etsipenezko keinua egin zuen.
— Izan hadi zintzoa, Eneko; halakoxeak gaituk: pentsatzen dugun bezala pentsatzen diagu, eta norbaitek geuk bezala pentsatzen ez duenean, nahi gabe horixe sentitzen diagu: ideia putarik ez daukala. Beldurra ematen ziguk hala esateak, aitortzeak, itsusia delako, baina hala duk: ez zaukatek ideia putarik.
Purrusten klub txikira erakarri nahi zuten Eneko.
— Txorakeriak —txiskeroa sakelan gorde zuen Enekok—. Denbora gehiegi pasatzen duzue zuek elkarrekin.
Oliveirak gaia aldatu zuen:
— Zer esan behar zioat orduan hire lagun idazleari?
— Esaiok txarrak direla bere liburuak, ez daukala idazteko ideia putarik —erretxinduta zegoen.
— Ez zakiat zer esango diodan, baina behintzat ez zioat esango «orain arte idatzi ez dena» idatzi nahi dudala. Denek gauza bera esaten ditek, euren liburua literaturaren historian mugarri izateko sortu izan balitz bezala: «Orain arte ez zen horrelakorik egiten», tar, tar, tar.
— Nork esaten du hori? —galdetu zuen Oskarrek.
— Denek, denek esaten ditek hori.
Mirakruz kalea jaitsi zutenean (zenbatgarren aldia zen errepidea konpontzen ari zirela?), Grosen sartzean ikusi zuten itsasoa oldartuta zegoela, neguko haizeak zirikatua. Urdin turkesak eta arrakala zuriak agertzen zitzaizkion han eta hemen. Kotoizkoa zen zerua. Jendea aterkipean ezkutatua zihoan, norbait urrunetik geziak botatzen ariko balitz bezala.
Idazlea Barandiaran tabernaren terrazan jesarrita zegoen. Bulegaria ematen zuen, edo arrantzontziak miniaturan egiten zituen erretiratua. Eneko ikustean zutitu egin zen, paperezko zapi batez muturra eta eskuak garbitzen. Patata tortilla zati bat zeukan parean. Pozik zirudien enkontruarekin. Baina atsegintasun hark ikaratuago jarri zuen Oliveira; laster hasiko ziren galderak, idazlea pixka bat zapuztuko zen erantzunekin... Oliveira gaztea zen, ordea, eta gaztetasunari beti eskaintzen zaio tarte bat, txarra edo ausarta izateko aukera. Noizbait helduko delako promesak, noizbait jenioa izango delako ametsak dena estaltzen du, baita pixka bat zekena edo harroa izatea ere. Denek nahi lukete jenio bat aurrean izan, «nik hasi berritan ezagutu nuen» esateko.
— Giro aparta dago! —esan zuen idazleak—. Nor da zuetatik idazlea?
Oskarrek xake taula madarikatua zabaldu zuen, elkarrizketak berarekin loturarik ez zuela agerian uztearren. Oliveirak listua irentsi zuen, txanoa zuzen jarri zuen buruan.
— Gauza txikiak bakarrik idatzi ditut.
— Denok idatzi ditugu gauza txikiak, asko edo nahikotxo argitaratuagatik. Merezi duen esaldi solteren bat... gehiago ez. Kantitateak ez du ezer ere esan nahi. Eta, esan, malaletxerik ba al daukazu?
— Ez dakit.
— Ba malaletxea behar da idazteko. Ez dizut gosea aipatuko, ez nuke nahi ni aguretzat hartzerik. Baina esateko zerbait izan beharra dago, bestela ez du merezi. Esan, noiz erabaki zenuen idazle izatea?
— Ez dut gogoan.
— Berdin dio. Emadazu zigarro horietako bat —kolpetxo bat eman zion ahoratu baino lehen—. Noiz... zer axola du horrek!
— Gustuko dudan liburu bat besapean hartzen dudanean —esan zuen Oliveirak— salbu sentitzen naiz. Autobus geltokian jartzen naiz liburua irakurtzen eta autobusak ihes egiten dit. Hantxe agertu da autobusa bere burrunbarekin, igo dira bidaiariak, joan da, eta ni ez naiz ohartu.
— Irakurtzea gustuko duzu orduan. Ez da beti hala izaten. Idazleek apenas irakurtzen duten.
— Ez da egia izango.
— Beldur diete besteen bertuteei.
Oliveira famaz gogoratu zen, Nastassiaren ipurmasailez. Baina ez zuen aipatu. Pentsatu gabe kontatu zuen autobusekoa. Ez zen gezurretan ari. Nazkatuta zegoen berez pentsatzen zuenaz haratago eskatzen zitzaiola sentitzeaz, bere fantasiez lotsatu beharraz. Ez zen eruditoa. Ez zekien ezer ere. Baina liburuak ziren huts egiten ez zioten bakarrak. Beti izango zuen haietara jotzeko aukera. Nork eskaini ziezaiokeen halakorik? Nastassiaren ipurdiak?
— Egunkarietan azaldu nahiko luke —esan zuen Oskarrek.
— Oskar! —errieta egin zion Oliveirak.
— Oraindik ez dakizu zer den prentsa. Dena gezurra! —salatu zuen idazleak—. Bi orrialdetara ekarria ikusten duzun idazlea, argazkietan harro eta hitzontzi, bakarrik dago. Testu bat dauka buruan, istorio bat, obsesio bat, baina inork ere ez dio jaramonik egiten. Inork ere ez du serio hartzen. Bere istorioaz lagunen artean edo etxekoekin hitz egiten duenean, ihes egiten diote. «Hasi da bere kontuekin» kexatuko dira. Egunkariko bi orrialdeak, horixe da idazleak hitz egiteko duen aukera bakarra; gainerakoan dena da basamortu bat. Egunkariak erreskatatzen duen une hori, gezurrezko une hori da gelditzen dena; baina idazleak goizeko bostetan jaiki beharko du, ordu pare batez idatzi eta gero lantokira, lanera! Jendea eskiatzera joaten denean, bera idaztera eseriko da; errieta egingo diote, ez duelako eguneroko bizitzan arretarik jartzen; txantxak egingo dituzte bere kontura. Liburua plazaratutakoan kasu pixka bat, bi astez sentituko da inportante, kritika on bat eta bi txar jasoko ditu eta, halako batean, isiltasunaren mailua eroriko zaio berriro gainera. Liburua dendetako apalategietan izango da hilabetez eta, akabo, desagertu egingo da gero. Sei hilabeteren buruan inor ez da liburuaz gogoratuko. Idazlea bere mundura itzuliko da, bere obsesioetara, bere bakardadera, goizeko bostetara.
Trosta batean hitz egiten zuen idazleak. Esaldiaren azken zatiak abiada bizian botatzen zituen, amaiera buruz dakienaren moduan.
— Arrakasta mamu bat da, agerkunde baten antzekoa. Idazleak arrakasta izateko idazten du. Zertarako bestela? Bere buruari gustua ematearren? Ja! Idazleak irakurle asko nahi ditu, besterik ez. Eta bere testuez goza dezaten eta bere testuak goraipa ditzaten. Plazan agertzen denak hori bilatzen du: txaloak. Idazlea ere, bere intimitatean, txalo egindakoa da. Zeuk esan duzu, autobusaren istorioa kontatuta: liburuaren babesean, idazlearenganako maitasuna sentitzen duzu; txalo egingo zenioke geltokian eserita, eman dizun plazer handi horrekiko esker onez...
Pasio hutsa zen. Oliveirak beldurra izan zuen une batez, idazlea negarrez hasiko ote zen.
— Nolako txorakeriak esan ditudan! —irri egin zuen.
Hiru gazteek ere irriño bat egin zuten, gogo gutxirekin. Zerua berriz lainotu zen. Idazlea zigarreta itzaltzen ari zenean, Oskarrek xake taula itxi eta esan zuen:
— Arrakasta askoz ere ederragoa da kanpotik ikusita. Salingerrek ezin izan zuen arrakastaren lohi hura guztia jasan. Aio, utzi bakean! —gogoan Fischer zeukala zirudien—. Benetako kasta dauka hark.
— Zoro puta hori! —esan zuen idazleak.
Oliveirak idazlearen galtzerdi zuriei erreparatu zien. Pentsatu zuen idazle hura Sallieri zela, mundua Sallieriz beteta zegoela, eta Sallieri bezalakoa izango zela bera ere: tipo erretxindu bat. Eta segidan irudi izpi batean agertu zitzaion Nastassia: esnezko titiak, ardoa mahaian barreiatuta. Eta gero: autobusak alde egin zion irakurlea, han, geltokiko sehaska erosoan etzanda, errepideko burrunbaren aurrean soraio.
— Mirari batek baino ezin du idazlea osperantz eraman —esan zuen idazleak—. Gogoratu zaitezte irakurtzen hasi eta bukatu gabe uzten dituzuen liburu horiez. Batzuk oso txarrak, ados, beste batzuk eszelenteak, eta hala ere ezin izan zenuten hamalaugarren orria gainditu. Beste batzuk eskuetan izan zenituzten, azala gustukoa zenutelako edo izenburua ezaguna egiten zitzaizuelako; baina azkenean apalategira itzuli zenituzten. Belarrira ezagunak egiten zaizkigun liburu asko misterio hutsa dira, ez dakigu zein soinu duten, zein forma duten, zein mezu dakarten. Duela berrehun urte Amerikako portuetan saltzen ziren esklaboen antzekoak dira liburuak: bezeroek planta begiratzen diete, hortzak eta hortzoiak, mihia, eskuak, hankak, eta haragi saldo haren erdian baten bat hautatzen dute, zergatik oso ongi jakin gabe, apeta hutsez. Ezinezkoa da liburu bat irakurri gabe bertan zer dagoen jakitea.
Idazleak zerbait atera zuen jakaren patrikatik. Txokolatezko gozoki txikiak. Mordoxka bat eraman zuen aho zulora.
— Musika: janari merkatua bezalakoa da. Denok dakigu zein zapore daukaten azenarioek, patatek, erremolatxek. Ezberdintasunak badaude, baina urriak izaten dira ezustekoak. Beethoven mundu guztiak entzun du, baina nork irakurri du Joyce? Inortxok ere ez. Biak dira historikoak, kultoak, baina Joyce hermetikoa da, grina eskatzen du, pazientzia, sakrifizioa. Joyce esan eta denek pentsatzen dute: «Hara idazle bikain bat». Baina ez dakite morroi horrek westernak edo nobela arrosak idazten zituen. Mundu guztiak daki, ordea, Beethovenek ez zuela heavy metalik konposatzen.
— Ni ez nuke hori hain seguru esango —protesta egin zuen Enekok, baina ez zegoen jakiterik zergatik: edo heavy metalari buruzko komentarioagatik edo musika azenario batekin parekatu zuelako.
— Ez harrotu —esan zion Oskarrek—, zuk musika jarri besterik ez duzu egiten.
Orduan Enekok azaldu zuen sarritan azaltzen zuen gauza bera, akaso besteek ulertzen ez zutena edo ulertu nahi ez zutena; alegia, musika behin entzunda uste faltsu bat geureganatzen dugula, hain justu musika entzun izanaren ilusioa.
— Musika askotan aditu eta gero entzuten da zinez. Eta hala ere gehienok ez daukagu musika entzuteko gaitasunik. Belarriak izatea ez da nahikoa.
— Bada zerbait —erantzun zion Oskarrek—, betaurrekoak ez erortzeko balio dute behintzat.
Idazleak beste garagardo bat eskatu zuen, eta gazteei galdetu zien zerbait nahi ote zuten. Kafesne bat eskatu zuen Oliveirak, zerbitzariak irakiten ekarriko ziona.
— Badakit errespetagarritasunaren kontu horrekin ibiliko zarela bueltaka —esan zion idazleak Oliveirari—. Baina begira zer esango dizudan: atzera eta aurrera arropa garestiekin ikusten dituzun hauei guztiei ez zaie piperrik inporta zer egiten duzun, zein istorio asmatzen duzun edo asmatzen ez duzun. Egidazu kasu. Gehiago esango dizut: hemen paseatzen ibiltzeko denborarik eta dirurik ez duten langileei ere, ordu honetan aurpegia olioz edota eskuak porlanez zikinduta izango dituzten horiei, bost axola zure buruhausteak.
Hurrupa bakarrean hustu zuen basoa.
— Testuak kezkatu behar zaitu, ostias! Testuak! Idazleak ezin du aldez aurretik esanda dagoena esan, gauza berriak asmatzeko hautsi behar du burua. Zer uste duzu egiten dutela idazle handiek? Henry Millerren liburuetan bezala gela ilun batean alu bati harramazkak egiten dabiltzala uste al duzu? Horiek ez dute alurik urteetan usaindu. Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia... horiek xanpaina edaten ibiltzen direla irakurri al duzu nonbait? Obsesionatuta, preso, orriaren aurrean ipurdia estututa, hala daude horiek une honetan bertan. Goethe, Flaubert, Tolstoi, Scott Fitzgerald, Faulkner... denak hain ezberdinak eta denak kezka beraren bazka: testua. Esnatu eta testua, jateko testua, bazkalostean testua, kaka egitean ere testua! Beste ezerk ez du axola.
Beste garagardo bat eskatzeko eskua altxatu zuen.
— Honek guztiak, edertasun ustezko honek, eguzkiak, itsasoak, zapata berriek, titi handiko turista ilehoriek, neguko parafernalia guztiak... horrek guztiak ez du distraitzeko baino balio. Dena da amarru bat. Badirudi geure eskura dagoela, zinez gu garela hemen bizi garenak, baina ez da hala. Herri hau antzoki handi bat da, fartsa hutsa.
Purrustekin gogaituta zegoen Oliveira. Galderarik egin gabe, aurreikuspen hutsetan babestuta errieta egiten zutenak zoro jasangaitzak iruditzen zitzaizkion. Hura ote zen horrenbeste zekien idazle eruditoa? Utikan!
— Ohartu naiz —esan zion Oliveirak— ez duzula nire iritziei buruzko jakin-minik.
— Batere ez. Ez zait zeure iritzia zipitzik inporta. Badakit zer pentsatzen duzuen printzipianteek. Esaldi bat idatzi eta kanpaia jotzen hasten zarete, kexuka ez dizkizuetelako sariak ematen. Kaka idazten duzue eta ez zarete idatzitako kakaz kezkatzen, zuen kakari uko egiten diogulako baizik. Aspergarriak zarete.
— Idazlea izateko edukazio gutxi daukazu.
— Txalo egitea nahi al duzu?
— Ez, kontxo, baina ez dut ezer txarrik egin!
— Ezer txarra egin dezazun ekidin nahi nuke, hain zuzen.
— Umiliatuz?
— Umiliatua sentitu bazara, egia esan dizudan seinale.
— Egia esateko modu asko dago.
— Nik ez dut besterik ezagutzen.
— Ba baduzu adina.
— Horrexegatik, beranduegi egin zait ikasteko. Zu ordea garaiz zabiltza. Bizkarreko amultsuak ematen hasiko banintz, zure banitatea aseko banu, ez zenuke zaborra besterik idatziko. Zure zakilari begira biziko zinateke, hura nola handitzen den miretsiz. Erdipurdiko idazle andana dabil hortik. Niri ez zaizkit interesatzen. Agian zuk izango duzu talenturik zerbait esateko, baina ez niri kontatu. Eseri, sufritu eta idatzi. Horrek balio du. Hori da gailenduko dena. Orduan elkarrizketa hau oroitu eta pentsatuko duzu: egia zioen zoro malapartatu hark. Horixe bainaiz: zoro malapartatu bat. Zure adina nuenean nouveau roman eta halakoak egin nahi genituen, hemen ez baitzegoen ezer ere. Asmo handiegiak ziren, ordea, eta ez genion idazten genuenari erreparatzen. Zuek ez duzue halako zamarik. Baina hedabideen pozoiagatik itsututa bizi zarete. Literatura ez da idazmakinaz edo eskuz idazten duzun, gabardina edo koadrozko alkandora janzten duzun, leihotik New York edo Barakaldo ikusten duzun. Literatura testua da.
Oliveirari iruditu zitzaion ezingo zuela sekula zutitu, ezingo zuela handik ihes egin. Baina ordurako ez zen haserre sentitzen. Barkamena eskatu gabe, barkamena eskatu zion idazleak. Zoro malapartatu bat, horixe esan zuen idazleak bere buruaz. Xelebrea zen. Zergatik ez ote zen fama handiko idazlea? Idazle handi batek bezala hitz egiten zuen behintzat.
— Idazteko ezabatzen jakin behar da. Hartu gaur egungo edozein liburu, eta konturatuko zara idazleak ez zuela hitzik ezabatu nahi. Hitzak ezabatzea ariketa osasuntsua da, baina idazleen tema itsugarria da: idatzitakoa gorde nahi dute, kosta ala kosta, idatzitakoa letra mordoiloa izanagatik, batere edertasunik gabea. Zergatik? Ez dutelako testuarekiko kezkarik, bolumenarekiko baino.
Idazleak kolpea jo zuen mahai gainean. Txokolatezko gozoki txiki bat aurkitu zuen tartean, ziztuan atera zen bala baten moduan eta lurrean jira-biran ibili zen luzaroan.
— Teatrora noa —desenkusatu zen—. Editore aspergarri batekin geratuta nago. Ezin diot hutsik egin —eta ospa egin zuen ezer ordaindu gabe.
Terraza aurretik jende apain askoa pasatzen ikusi zuten, denak ere tente, aurrera begira, ihesi ibiliko balira bezala. Horixe zen gizartea: jendea hara eta hona (eta teatrora), indiferentziaz, bakoitza bereaz kexu. Eta haien artean: idazleak. Zirkuetako elefante-gizonak, siamdarrak eta emakume bizardunak bezala, beren arrarotasuna erakusten, txanpona noiz eroriko.