Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
aurkibidea

Aurkibidea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

Erosi: 16,15
Ebook: 3,12

Aurkibidea

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10

11

12

13

14

15

16

17

18

19

20

21

22

23

24

25

26

 

 

9

 

Berun bilakatua zuen gorputza goizeko zortzietan. Bost minutuz bakarrik lo egin izana iruditu zitzaion iratzargailuak esnatu zuenean. Orduak zenbatu zituen: lau. Tino ere orduan esnatuko zen seguruenik. Emazteak kafea jarriko zion, ogi xigortua, gurina, mermelada. Herriko planoa hartu eta gorriz margotu gabe zegoena banatuko zuen lau saltzaileen artean; ez joatea erabakiko balu putada ederra egingo lioke zirkuko gizon miserable hari, beretzat gordetako kaleak beste hiruren artean banatu beharko lituzke.

        Jaikitzea ekintza heroikoa iruditu zitzaion Oliveirari. Hanka bat atera zuen. Hezurrek basoan zapaldutako adarren hotsak egin zituzten. Ohean eserita piztu zuen zigarroa: lehenengo kolpean zorabiatu egin zen, baina bizitzeko gogoa itzuli zion.

        Laugarren solairuko Mamen zegoen autobus geltokian. Ez zen harekin inoiz mintzatzen, irribarre bat trukatu besterik ez. Ezinegona sentitzen zuen Oliveirak beti hitz egiteko prest dagoen jende klase horrekin; baina berdin, kaixo ere esan gabe modu nahiko adierazgarrian ihes egiten zion Mamenekin ere. Geltokietan oso sotilak izaten dira keinuok, baina mundu guztiak ulertzen ditu, adin batera arte behintzat (zahartzaroan inork ez die jaramonik egiten, eta autobusean edozein agure hasten zaizu berriketan, ezagutu ez arren edo zeu hitz egiteko uzkur agertu arren, silaba bakarreko hitzekin erantzunez). Mamenekin behin hitz egingo balu egunero egitera behartua egongo litzatekeenez, izua sartzen zitzaion. Liburuak saltzen ibiltzen zela aitortu beharko zion, Isaiasekin gogoratuko zen Mamen orduan, eta aita-semeen patuaren arteko loturak egingo zituen segituan: «egur bereko ezpalak»; hurrengo egunean neska lagunaren gaia aterako zen ziur, eta berriz azalpenak, berriz loturak. Hobe, beraz, urrundik eta epel agurtzen segitzea.

        Neska ederra izandakoa zen Mamen. Urte batzuk lehenago haren balkoiko barandak margotzen jardun zuen Oliveirak, ondo akorduan gordetzen zituen egun haiek. Minioa ematen ari izan zen arratsaldean komunera sartu zen eskuak garbitzera. Zutik zegoen Mamen, bizkarka. Bueltatu egin zen atearen zabaltze soinuarekin, flan platerkada baten antzera mugitu zitzaizkion bularrak, tanta txikiez beteta zeuzkan aluko biloak, eta haragitasun haren aurrean Oliveirari erotu egin zitzaion bihotza. Masusta usaina nabaritu zuen. «Aizu!» oihu egin zuen Mamenek. Urre koloreko gorputz bikain haren usaina zela pentsatu zuen Oliveirak. Berehala itxi zuen atea, baina ikuskizun labur hura ezingo zuen burutik sekula kendu.

        Estankoa irekitzera joateko autobusaren zain zegoen urre azaleko emakumea. Hortxe gordeta izango zituen titipunta arrosak, parpailadun zorro zurietan bilduta, bero-bero. Mamenekin ibiliko ziren batera eta bestera, euren edertasunaz jabetu gabe; eta estankoan gizonak haiek ikusteko irrika bizian, nolakoak ziren ezin asmatuz.

        Autobusean Zekale artean harrapaka ireki zuen Oliveirak, bigarren aldiz irakurtzen ari zen nobela. Sinpletasun haren barruan zer ote zegoen deskubritzeko obsesioa berriro ere. Sinpletasunaren barruan zer zegoen, sinpletasunaz aparte?

        Tinok bizkarreko batez agurtu zuen, besteek zeharka begiratu zioten, «aparte dabilen mutilak merezi» bezala. Kale txarrak ematen zizkion Tinok, eta Oliveira hasia zen aldeaz ohartzen. Babes ofizialeko etxeetara bidaltzen baitzuen, 40 milioiko etxeetara besteak, Jon eta Koro bereziki. Kurrikez Tinori bibotea kentzen ziola irudikatu zuen une batez: honen erreguak eta erostak! Baina Tinok alai zirudien, plano mordo bat eskuetan, Korori azalpenak ematen:

        — Han bada malda bat, gora eta behera doana... Maldaren amaieran, eskuinera hartuta hasten da Los Luises kalea. Erraza da, neska!

        Korok orriak aztertu zituen, kopeta zimurtuz. Gurdi zahar bat zen bere burua.

        «Gora eta behera doan malda» esan zuen Tinok. Oliveirari ederra iruditu zitzaion esaldia; elur hotzaren pareko, edo uretan dabiltzan arrainak, bustitzen duen euria, zeruko izarrak, bizi den biziduna, pilota biribila, gatz gazia... eta gora eta behera doan malda. Eguna tautologia horrekin bukatuko zela uste izan zuen Oliveirak, baina ez zen hala izango.

        Galtzarabordako planoaren fotokopia eman zion Tinok, eta hara bidali aurretik errieta txikia egin zion:

        — Gaur Etxebeste tabernan bazkalduko dugu, baina zuk izango duzu beste zereginik...

        Azkar erantzun zuen Oliveirak:

        — Aitona bisitatu behar dut, zoritxarrez.

        Tinok buruaz ezetz egin zuen:

        — Taldea sendotu nahi badugu, elkarrekin bazkaltzea garrantzizkoa da.

        — Badakit, bai.

        Etxe berriak ziren ia denak, 10 urte asko jota. Lehen sotoaren kanpoaldetik barrura begiratu zuen deitu aurretik. PVCko atea, igogailuarenak metalezkoak, atariko ispilua hormari silikonaz lotua, plastikozko landareak... babes ofizialeko etxea zen, zalantzarik gabe.

        — Zeren bila zabiltza? —galdetu zion gizon batek gibeletik, 40-45 ingurukoa, Ramones taldearen elastikoa galtza barrenean sartua.

        — Txirrina jotzekotan nengoen.

        — Zertarako? —giltzak zeuzkan esku batean, bestean El Diario Vasco, ogia, esne kaxa bat

        — Universal Fundaziokoa nauzu...

        — Saltzera zatoz.

        — Liburuak.

        — Ba hemen jai daukazu!

        — Eskertzen dira animoak. Saiatu egingo naiz hala ere.

        — Jende nagusia bizi da. Hobe bakean uztea. Akaso hurrengo sotoan...

        Rockero birziklatua, ezkutuko erreakzionarioa, pentsatu zuen Oliveirak: mordoxka bat ibiltzen dira Gasparren gisa honetakoak.

        — Nahiago nuke haiek esatea zein iritzi duten gure liburu bikainen inguruan —txirrinen panelera hurbiltzeko imintzioa egin zuen Oliveirak.

        Gizonak besoa jarri zuen erdian.

        — Jende gaixoari dirua kentzea beste asmorik ez daukazue.

        Ramoneroaren zerri-begien atzean behatu zuen Oliveirak: Felipe Gonzalezen jarraitzailea izango zen seguruen (nahiz eta Aznarren alde bozkatuko zuen azken hauteskundeetan), best-seller irakurle obsesibo horietakoa, edo instituturen bateko irakaslea, ikasleak txuleta egiteagatik zigortzen plazera sentitzen duena. Umeekin ikasturte amaierako oporretara joateko bolondres agertuko zen beti, gero gazteen atzetik zelatan ibiltzeko, euren ametsak zapuzten, ateak ixten, beti mehatxuka.

        — Zer ote dakizu zuk.

        — Zein fundaziokoa zarela esan duzu?

        — Universal —listua irentsi zuen Oliveirak—. Utzidazu pasatzen.

        — Ez.

        Norman Batesek bezala ama etxean izango zuen morroiak, lastoz beteta, aulki batean eguzkitan lehortzen.

        — Nor zarela uste duzu?

        — Ba... —sudurra igurtzi zuen azkazalaz—, komunitateko presidentea.

        Oskarren aita gogoratu zuen, diruarekin ospa egiten.

        — Presidente jauna! — oihu egin zuen Oliveirak—. Ni edozeinekin ari nintzelakoan, eta presidentearekin ari naiz! Barka ezazu nire ezjakintasuna, presidente jaun txit agurgarri horrek.

        Aldameneko fruitu-dendatik hainbat lagun atera ziren, iskanbilak erakarrita; mertzeriatik ere bai emakume bat, neskatila txikiarekin; gizon mehar batek agertu zuen burua botikatik, bata zuriz jantzia. Oliveirak publikoa ikusi zuen.

        — Aizue! Ba al dakizue nor den gizon hau? Itxuragatik ez zenuketen asmatuko, baina komunitateko presidentea dugu! Ez, jaun-andreok, ez ezazue bere itxura kaskarra epaitu...

        — Nahikoa da —esan zuen presidenteak ahapeka.

        — Baina presidente jauna!, ez ezazu lotsarik izan, nor zaren jakiteko eskubide osoa dute!

        Kontakatiluen multzoa handitzen ari zela konturatuta, sotoa ireki eta barrura sartu zen gizona pauso luzeak emanez. Atzera itzuli zen, Oliveirari «lapurra» edo «alua» edo «kaikua», ua-z amaitutako laidoren bat botatzeko. Atea itxi aurretik hanka jarri zuen Oliveirak.

        — Presidente jauna, presidente jauna!

        Eskaileretan gora hasperenka alde egin zuen presidenteak. Pentsatzen hasia zen eztabaidak bide pugilistikoa hartuko zuela. Ingurukoek jakin-minez begiratu zioten une batez, baina segituan galdu zuten interesa, aurkarietako batek ringa utzi zuela ohartuta. Oliveirak mertzeriako neskatilari agur egin zion eskuaz, eta agur egin zion neska herabeak ere. Lotsatuago zegoen Oliveira, baina egun hartan Jose Zarate pintorearen txanoa zeraman kaskoan; bebarruko ispiluan morroi dotore bat ikusi zuen, libururen bat salduko zuela konbentziturik zegoena.