Aurkibidea
Zorte on!
Antxonek itsasontzi txiki bat darabil eskuartean. Hori amaitu nahian joan da tailerrera. Beste preso batzuei hariekin gerrikoak nola egin erakusten ere badabil. Beti dauka egitekoren bat. Unetxoren bat beretzat hartzen duenean ere, eskutitzei erantzuten ikusten dut, edo patioan paseatzen.
— Oraindik Castellonera eramango naute hauek! —esaten du—. Beste hainbeste eguneko kunda bat eginarazteko kapaz da sendagile madarikatu hori!
Lehendik eskatua zuen Martutenera joatea, osasun arazoengatik, baina ez du ametsik egin nahi. Reizabalek adierazi dio, agian ez dela ustekabekoa izango Martutenera eramatea. Epailea ere etorri zaio gorabehera horren inguruan zerbait jakin nahian.
Gaur arratsaldean, azaroak 8, patiora jaisteko galeriara irtendakoan, bere poltsak prestatuta ikusi dut Antxon. Kundan doala esan diote, Martutenera. Bapo! Espero genuen, baina ez hain azkar. “Kauen!, umezurtz geratuko gaituk” diot neure artean. Poz ematen dit etxetik hurbil izango dela jakiteak, behingoz begiratu eta zaindu ahal izango dizkiotela hernia lunbarra eta gainerakoak; arrebarengandik ere gertuago...
Poltsak jaisten hasi naiz. Koldo eta Karlos ere badatoz laguntzera. Antxon jaitsi denean, modulu osoa inguratu zaio: arabiarrak, latinoamerikarrak, beltzak... Eskua eman diote banan-banan.
— Zorte on!
— Nora zaramatzate?
— Han hobeto egongo zara.
Harrituta begiratzen diot panoramari. Hilabete inguru egin du moduluan, eta patriarkatzat hartu bide zuten denek. Kartzeleroak zain daude sarreretako modulura eramateko, harrituta horiek ere, ondamuz beharbada; Antxonen inguruan dagoen jende multzoari so daude.
Kiroldegi ordua dagokigu orain, eta bigarren moduluari ere bai; zorte apur batez agurtu ahal izango ditu bigarreneko adiskideak kiroldegiko atean... Abiatu gara azkenik, Koldoren eta Karlosen eta hiruron artean Antxonen trasteak aldean... Han, badatoz bigarren modulukoak kiroldegitik! Itxoin dezagun. Jokin, Raul eta Ramonek agurtu dute besarkada estuz. Kartzeleroa albotik begira daukagu.
Kitxu txapatuta egoten da arratsaldetan.
— Agurtu hura, ahantzi gabe —esan die Antxonek—. Agurtu neskak ere. Eta Onditzi [kolektiboko gazteenari] musuak zaharrenaren partez...
Sarreretako moduluan laga ditugu poltsak. Gure besarkada banatan ez ditu urruti malkoak.
Kiroldegira goaz bueltan. Han elkartu gara beste moduluko hirurekin. Zazpi gizon eta lau emakume bakartu baino ez gara hemen, Antxonen faltan.
La Moralejan, 2000ko otsailean