Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Gerra

 

Ordizian jaio nintzen, Etxezarreta kalean, zinema eta elizaren artean, 1931ko irailean. Errepublika garaia zen, apirilaren 14an aldarrikatua. Josefa zen gure ama, tolosarra jaiotzez, baina lau urterekin Ordiziara joana. Aita, berriz, Jose Luis, Sestaokoa. Aitaren familia ere Ordizian bizi zen, Urdaneta kalean. Gure aitaren aita Plazaolako makinista zen. CAFeko makinista izango zen geroago, maniobretako lokomotoraren makinista. Garai hartan batzokia zenaren gainean bizi ginen gu. Orain Alkartetxea dela uste dut. Hiru anai-arreba ginen, ni zaharrena.

      Egizu kontu artean oso umea nintzela. Iruditzen zait edozein umeren lehen urteak zoriontsuak izaten direla, edo zorioneko bezala gogoratzen direla. Ume izateak berak, beharbada, ematen dizu irudipen hori, oso lazeria gorrian eta zoritxar latzean igaro ez badituzu urte txiki horiek. Niretzat ere zoragarriak izan ziren lehen urte haiek, edo horrela iruditzen zait, behintzat. Gogoratzen dut, adibidez, gure aitak poltsakada bat kanika oparitu zidala, eta kanika haiek etxeko leihotik jaurti eta noraino heltzen ote ziren begira egoten nintzela. Nire ariketa moduetako bat izango zen leihotik jaurti ondoren kanika haiek biltzera joatea, ostera leihotik jaurtitzeko.

      Lau urterekin mojen eskolara eraman ninduten. Mojek kriskitinak eramaten zituzten eskuetan, eta haien doinura edo erritmora ikasten genituen abestiak-eta. Zigortzean ere kriskitin haiexekin ematen zizkiguten kaskarrekoak. Ospitale modukoa zen mojek eskolak ematen zizkiguten etxe hura, eta zaharren egoitza ere mojen eskuetan zegoen. Buruan txapel handi bat erabiltzen zuten mojek, eta esango nuke ateetatik pasatzean alboka jarri beharko zutela.

      Aro hura, baina, laster amaituko zen.

      Gerra hasi zenean mugimenduak izan ziren gurean. Aita, behintzat, gerrara joana zen etxeko eskopetarekin. Hala ere, Ordiziatik martxa egin genuenekoa gogoratzen dut nik beste ezer baino gehiago. Ordurako mataderia ondoan bizi ginen, eta etxe osteko mendietan bonbak erortzen ari ziren, egundoko eztandak eginez. Gu ez ginen egoeraren larriaz ohartuko, baina jende helduarentzat begi-bistakoa izango zen handik alde egin beharra zegoela. Gure amak hala erabaki bide zuen, eta etxea eta etxeko gauzak zeuzkan-zeuzkanean utzita irten ginen Tolosara. Presaka eta larri, beraz, baina egunen batzuen buruan itzultzeko asmotan. Bere eskuturreko erlojua ere gau-mahaiaren gainean utzi zuen gure amak, eta janzkiak armairuan. Amaren aita geratu zen Ordizian. Amona, ama, izeba, izebaren seme txikia eta gu bi anaia —gutako hirugarrena, arreba alegia, gerraostean jaio zen—, beraz, sei lagun abiatu ginen Tolosara autobusean. Gurpil mazizoak zeuzkaten autobus haiek, inguruetako herrietatik Ordiziako azokara baserritarrak-eta eramaten ibiltzen zirenak. Amaren ahizparen etxera gindoazen Tolosara, baina han ere gerra mugimenduak izan, eta egun gutxi egin genituen. Trena hartu eta Donostiara joan behar izan genuen. Egun batzuetako kontua zirudienak luze jo behar zuen.

 

 

Zurriolako hotel batera eraman gintuzten, jende zibilaren babeserako antolatutako hotelera. Telesforo Monzon zen orduan Euskal Gobernuko Barne ministro eta berak ziharduen, besteak beste, modu horretako lekuak apailarazten. Zurriolako hotel horretatik, Kontxa pareko etxe batera pasako ginen, eta hantxe geratuko harik eta, frankistak sartzear zeudela, Donostiatik alde egin genuen arte.

      Balkoi-lerro handia zeukan etxeak; handik begiratzen nion ikuskizunari: itsasoan barratik atzerago zegoen itsasontzi bat ikusten nuen bonbak jaurtitzen. Cervera zen. Cervera-z hitz egiten zuten behintzat orduan. Badakit Espaņa eta Velasco ere ibili zirela han. Ni haurra nintzen artean, eta, entzuten nuenaz aparte, ezer gutxi nekien gertatzen zenaz eta han zebiltzan gerra-tresnez. Kontua da balkoitik ikusten nuela itsasontzia, Loiolako kuartelera bonbak jaurtitzen, Aldakonea gainetik. Aldakoneako maternidadean erori zen bonba haietako bat. Nik sua eta kea ikusten nituen itsasontzian, tiro egiten zuten bakoitzean, eta ondoren egundoko zarata, oihuaren oihartzuna entzuten den moduan. Baina ez pelikuletan-eta bezala, ez. Ez da berdina. Oroitzen naiz denbora tartea egiten zuela tiro batetik hurrengora, tarte luzetxoa. Tiro haietako baten ondoren bestea noiz etorriko zain egoten nintzen balkoian. Esan dezaket balkoietan igaro nuela gerra haren zati handi bat. Nik ez nekien hura benetako gerra zela, balkoitik ikusten nuen zer drama zegoen argazkiaren atzean. Eskolarik gabe, ezer egin beharrik gabe, opor luzeak ziren niretzat. Goseterik ere ez baitzegoen artean, gero izango zen moduan. Dena festa, beraz, haurren mundu propioan ohi denez, gurasoek babesten gaituzten bitartean.

      Ordiziatik alde egin eta Donostia hustu behar izan genuenerako, urtea hortxe-hortxe joango zen. Denbora osoa etxetik asko irten gabe egingo nuen seguru asko. Ez daukat kalera irten eta jolasean ibili izandako oroitzapenik. Amak, amonak eta izebak euren gonapean atxikiko gintuzten hiru txikiok.

      Donostia hustu beharra heldu zen halako batean; ihesari eman beharra berriro ere, soinean generaman apurrarekin. Ez dut gogoan trenez, autobusez edo oinez, baina Zumaiara jo genuen. Gogoan dudana da, uhalez lotutako manta bat zela nire ekipaje guztia, eta harekin egin nuela gerra hastetik amaiera arteko ibili osoa. Euskal Gobernuak emana izan behar zuen manta hark.

      Zumaiara, bada, eta hango hotel bakarrean hartu genuen ostatu, moilaren ondoan. Hotel handia zen oso, baina jende asko ginen. Donostian ez zen hori hainbeste nabaritzen, hiria bera handia zelako beharbada. Baina Zumaian ikusten zen iheslari asko ginela. Esango nuke orduantxe hasi zela ihesa, lekuak huste hura; jendeak orduan hartu zuela atarramentuaren kontzientzia. Ume, zahar, emakume... jende zibilaz ari naiz, eta gure ikuspegiaz eta sentsazioez. Frankistak Donostian sartzear izango ziren ordurako, sartuta ez baziren. Gure aita ere han zen. Maria Cristina hoteleko matraketan-eta ibilia izango zen. Hotel horrek oraindik baditu orduko zaurien arrastoak. Guk, hala ere, ez genuen aitaren aztarnarik, eta gerra amaitu eta gerora arte ez genuen ikusiko. Zumaiako hotel hartako egonaldia ezin dut zehaztu, baina laburra izango zen edonola ere. Presaka antzean atera ginen handik ere, Durangora. Iheslari multzo haiek igaro ondoren zartarazi zuten Zumaiako zubia.

 

 

Etxe partikularretan hartu genuen ostatu Durangon. Oroitzapenak, memoriaren puzzle zati horiek, argazki moduko zartadaz edo flaxez osatzen dira sarritan. Agian horrexegatik, denbora eta espazioaren gainetik jauzi eginez gogoratzen ditugu hain argi aspaldiko kontuak, gaur goizekoak baino hobeto. Data zehatzak galdu egiten dira, hari finkoren bati loturik ez badaude; baina gertakarien argazkiak argi eta garbi azaltzen dira burmuinetan, temati, ezabatzeari uko eginez euren egoskorkerian.

      Durangon geundela, gogoan dut beste haur batzuekin jolasean nenbilela eliz-atarian, Durango erdian, beraz... gogoan dut abioien burrunba entzun nuela lehenengo, eta bonben eztanda gero. Zalaparta itzela izan zen, leherketaren trumoi izugarria. Haiek ez ziren edonon bota behar eta jaurtitako bonbak, apropos herrigunean botatakoak baino. Etxera joan nintzen korrika, izututa, laborrian. Behin etxera helduz gero salbu nintzen, etxekoen abaroan. Eta etxera iritsi orduko... balkoira, zer ikusiko.

      Durangotik Bilbora. Bilbon ere etxe partikularretan hartu gintuzten, edo kolegioetan, ahal zen lekuan. Jende asko zen gerraren beldur eta ihesi zebilena, eta bidean aurrera egin ahala handitzen ari zen iheslarien saldoa. Ordiziatik abiatu ginenean familiaren kontua zirudiena, herri osoen hustea eta ihesbidean pilatzea izan zen Bilbon. Hango egonaldia arrunt luzatu izango zen. Ez nintzen beti etxezuloan sartuta egon. Behin kalera irten eta galdu egin izango nintzen, eta ama nire bila aterako zen, pentsatzekoa denez. Arenalean aurkitu ninduen, ibaiaren ertzean eserita, hankak uretara nituela. Kamioi gainean zeukaten bidoitik gasolinoa betetzen ari ziren langile batzuk, eta ni haiei begira, denbora pasa, etxekoen kezkaz arduratu gabe. Gaur ere martxan ibiliko dira gasolino haiek edo haien modukoak, ibaia zeharkatzeko.

      Bilbon apuntatzen ziren kanpora irtetekoak: Errusiara, Ingalaterrara, Frantziara eta abar. Gure izena ere eman zuten, anaia eta biona, Errusiarako. Baina gure amak ez zuen egon behar guztiz konbentzituta, eta irtenaldi hura, adio hura, atzeratzen eta atzeratzen joan zen, joatekoak joan eta gu bertan geratu ginen arte.

      Gure amak, senarra non eta nola ote zen arrastorik gabe, umeak ondotik bidaltzea eta agian galtzea ez zuen pentsatu ere egin nahiko. Umeak igotzen ziren itsasontzira, Errusiara joateko, baina haien gurasoak eta jende heldua ez. Bederatzi-hamar urteko haurrek eramaten zituzten txikiagoak eskutik helduta. Itsasontzira igotzen zen ume bakoitzak txartela paparrean, bere datu eta destinoarekin. Familia bakoitzarentzat drama bat zen bereizketa hura, gerra berez zen dramari gehitutako beste drama bat. Modu hartan alde egindako haietako haur batzuk itzuli ziren 56an edo. Oroitzen naiz haietako batez, Gomez abizena zuena, Errenterian jaioa, Moskuko Dinamo futbol taldeko jokalaria izana. Gomez honekin ezagutza egin nuen nik, eta berarekin poteatzen eta berriketan ibilia naiz. Adiskide egin ginen. Baina ez zen ohitu Euskal Herriko bizimodura, eta ostera alde egin zuen Errusiara. Hango sentitzen baitzen jada, familia hemen eduki arren. Gerrak etendako haria josterik ez zuen lortu.

      Bilbon, orduan, jendea ebakuatzeko prestaketak egiten eta jendea ateratzen ari ziren. Guk Santander aldera jarraitu genion ihesari, Laredotik. Zalapartaka eta presaka egindako martxa izan zen. Laredoz gogoratzen dut hango ikuspegi ederra, zoragarria. Santanderren itsasontzia hartuko genuen Arroxelara, Habana izeneko merkantean. Baziren han gure adineko bi neskato, Bilboz geroztik gurekin zetozenak bidaian. Bata Portugaletekoa zen eta Barakaldokoa bestea. Bietako bat, ez dut gogoratzen nor, bere aitonarekin zihoan. Besteak ere izango zuen senideren bat. Bidaia luze samarra egingo genuen elkarrekin, baina nahi bezain luzea ez, zoritxarrez. Donostiako neska koskor bat ere bazen bidaia osoan gure inguruan, Tinita zeritzana... eguerdian ahoratzen zuen haragi zatia hausnartzen aritzen zen gauean oheratutakoan ere. Haur talde hartako nagusiena neu izango nintzen beharbada; sei bat urte izan behar nituen.

      Habana ontzia hartu genuen, bada, iheslariekin irten zen azkena, oso oker ez banago. Umez eta zaharrez eta emakumez beteta dakusat ontzi haren irudia, jende asko eta asko, denak piloan eta trumilean, kubiertan, kareletik begira, oka egiten, tripak irauli beharrean. Oraintxe neure aurrean ikusiko banu bezala gogoratzen dut hori, garbi-garbi. Euria egin zuen ontzian ginen bitartean. Pelikuletan-eta agertzen diren irudiekin parekotasuna badu horrek: irudi grisa.