Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Ordizia

 

Gerra amaitu, Ordiziara itzuli, eta aita atxilotuta! Oviedon erori zen preso. Gero Mostoles langile batailoian egon zela uste dut. Eta azkenean Ondarretako kartzelan. Fusilamenduen garaia zen, ley de fugas eta hori guztia. Langileen batailoia heriotza zigorraren ataria zen askorentzat.

      Lehenagotik hasiko naiz, gerraren hasieratik. Asturiasko CNTkoak etorri ziren laguntzera, eta gure aita ere CNTkoa zen. Ordiziako jauntxo batek bazuen denda bat... Asturiasko CNTko haiek heldu ziren herrira, eta jauntxo horren etxeari lehergailuak ipini eta dena leherrarazi nahi izan zuten, familia osoa barruan zela. Gure aita aurrean plantatu omen zitzaien, eztabaidan aritu ziren, eta azkenean konbentzitu egin zituen halakorik egin ez zezaten. Ez zen ezer gertatu. Gerraostean, gure aita langileen batailoian zela, denda hartako jauntxo hura hurbildu zitzaion gure aitonari, bere suhia non zen galdezka. Gure aitonak konfiantzarik ez zuen izango harengan; beldurra bai galanta. Baina gerra aurreko komeria, etxea leherrarazi nahi izan ziotenekoa alegia, gogoan izango zuen delako jauntxoak, eta bere zor morala kitatu nahi izango zuen. Halaxe jakinarazi zion behintzat gure aitonari. Gizon haren eraginez edo beste moduren batean, Ondarretako kartzelara eraman zuten aita. Itxuraz egoera hobeagoxera, fusilatzetik libre; nahiz eta kontu jakina den Ondarretako kartzelaren historia beltza.

      Nik oporretan jarraitu nuen bien bitartean Ordizian. Ez baitzegoen maisurik. Fusilatu egin zituzten, barren! Ez zegoen maisurik, ez gurerik ez beraienik. Beraz, etxera itzuli ondoren ere ni oporretan. Fraideak ere desagertuak ziren. Denborarekin, ordea, moja aizun baten etxean hasi nintzen eskolan. Txikienetik handienerainokoak elkartzen ginen gela hartan, denak batera. Alboko gela batean sekulako aldarea eta eliza modua atondua zeukan sasi-moja hark, elizarik sakratuena balitz bezala, tailazko aingeru eta guzti. Irakasle oso ikasia ez zuen izan behar emakume hark. Batuketa xumeren bat aginduko zizun arbelera aterata; eman dezagun, hamaika gehi hamahiru idatzi eta zenbat zen kontua egiteko agintzen zizula; eta zuk, berdin hogeita zazpi ipintzen zenuela; “ondo” esango zuen, “ederki”. Eta horrelaxe kontu guztiekin. Eskolako aurreratuenek erakutsi ohi ziguten irakurtzen eta idazten. Niri neska batek erakutsi zidan. Aurkikuntza miresgarria izan zen irakurtzen ikastea, harribitxirik ederrena aurkitzea adinakoa. Urte batzuk geroago Irunen-edo harrapatu zuten sasi-moja hura iruzurrean, komenturen baterako eskean zebilen aitzakian.

      Irabazleen euforia zegoen bazterretan, harropuzkeria eta erronka. Kalean desfileak egiten zituzten “geziek” eta “pelaioek”. Falangearen gazteriak ziren hauek, alebinak edo. Eskoletako arduradunak derrigortuta zeuden ikasleok elizara eramatera; elizara, desfileetara eta parafernalia guztietara. Beti aurkitu izan nuen eskolatik elizara bitartean ihes egin eta nonbaiten ostentzeko eraren bat. Haurren desfile haietan kantuz eta musikaz aritzen ziren, kutsu militarrez, danborrak joz. Bentzutuekiko umilazioa zen. Etxean ere nabaria zen umilazio hori, isiltasuna eta autozentsura kontu horrekiko. Eta beldurra.

      Nik ez nituen ikasi otoitzak eta elizarenak. Lehen jaunartzea ere ez nuen egin. Jaunartzea egin behar nuen egunean, ihes egin nuen mendira. Oraindik entzuten dut gure ama niri deika: Antonio!, Antoniooo! Baina nik jaramonik ez. Arratsaldera arte ez nintzen etxeratu, ezta bazkaltzera ere. Bazkaria galtzeak ez zidan pena makala emango, baina mendian beti aurkitzen nuen nik zer jana. Sagarra ez bazen gerezia, okarana edo pikua, inguruetan beti zerbait. Ordizia inguruko frutarbolak kontrolatuta neuzkan; ondo aski jakin ohi nuen zein baserritako sagarrak edo udareak zeuden heltzeko puntuan, nongo gaztainadiak zeuden biltzeko moduan. Perretxiko eta onddotan ere askotan ibiltzen nintzen, eta etxera eraman ere bai mordoska ederra.

      Moja aizun haren ondoren, Antonio Hidalgo kontulariarekin hasi ginen eskolan. Bilore xaboi fabrikako zuzendari izango zen gizona aurrerago. Santa Ana kolegioan ematen zizkigun honek eskolak, benetako kolegioan. Antonio Hidalgoren anaia Victor egin zen txikienon kargu: matematika, lengoaia, geografia, gramatika eta algebra apur bat. Victor arras gogorra eta zitala zen, baina ez gintuen jotzen behintzat. Hala ere, kolegioko ikasle zaharragoen artean bazen bat Lonbide zeritzana, begitan hartua nindukana eta joka aritzen zitzaidana. Eskolaren azpian frontoia zegoen, eta behin, pilotan ari ginela, bat-batean joka hasi zitzaidan Lonbide hori; Munduate atera zen nire defentsan, Oreretako apaiz izango zena. Eskola sasoia amaitu ondoren ere, lanean hasita nengoela, berdin jarraitzen zuen Lonbide horrek. Bere frustrazio eta zapuzkerien askabidetzat hartua nindukan, nonbait. Azken topaldi erabakigarria izan genuen bion artean: gure etxebizitzaren azpian Rikardo Monteroren bizikleta tailerra zegoen; egun batez tailer horretara eraman zuen bere motoa Lonbidek; mekanikaria konpontzen ari zen bitartean, ni albotik begira; eta hara non datorren Lonbide, eta zapla! niri egundoko lepagainekoa esku zabalarekin; eta nik, orduan, lurretik alikate handiak hartu eta zait! kolpea hankartean; barrabilak ez nizkion harrapatu izango, baina bai inguruko zerbait... eta estutu egin nion; berak zapladaka ekin orduan, baina nik askatu ez, estutu baizik. Han amaitu ziren istiluok.

      Tristea zen gerraosteko giroa, iluna... Baina egia da umeok aise aurkitzen genituela alaitasun uneak. Bizikleten gurpilekin karrerak egiten genituen, alanbre kakotu batez bultza eginez, Legorretaraino joan-etorria, Itsasondotik igaroz. Herriko jaietan txirrindulari lasterketa izaten zen, txapel-okerrek zaindutako karrera. Espaloiak jendez beteta zeuden txirrindulariak ikusi nahian, eta neuk ere zerbait ikusi nahi. Jendearen atzetik edo artetik ezin nezakeen nahi beste gozatu. Orduan, makurtu eta lau hankan, errepide ertzera heldu nintzen, baina justu txapel-okerraren ondora heldu; eta hala makurtuta ikusi ninduenean, egundoko kulatazoa eman zidan goitik behera bizkarrean. Hura zartakoa eman zidana.

      Bihurriak izaten ikasi genuen. Auzoen arteko liskarrak antolatzen genituen, adibidez, Urdaneta kalekook San Bartolomekoen aurka; harrika aritzen ginen, trenbidean-eta. Haietako aldi batean, harria jaurti eta buruan bete-betean jo nuen San Bartolomeko mutiko bat, Gregorio Barcos. Egundoko zauria egin nion buruan, eta Jauregi botikara eraman nuen sendaketa egin ziezaioten. Gerora oso lagunak izango ginen Gregorio eta biok, koadrilakoak. Gazterik hil zen hala ere.

      Behinola, Juanito Erauskinekin joan nintzen gereziak hartzera. Juan Centella deitzen genion Erauskini, sasoi hartako komiki pertsonaia baten izena duzu. Igo ginen, bada, gereziondo banatara; hura mauka, jan eta jan. Halako batean ordea, han ikusi dut Rompecamisas deitzen genion baserritarraren zakurra gereziondoaren azpian. Rompecamisas hau, Iriarte baserritik Aramarako bidean zegoen baserri bateko nagusia zen; bereak izango zituen fruituak, eta oihuka hasi zitzaigun. Beldurtuta, nik lortu nuen ezkutatzea. Baina Erauskin jaitsi egin zen zuhaitzetik. Mutikoari epelak eman zizkion baserritarrak, arropa guztiak kendu ere bai, eta ondoko errekara bota azkenik, Alkarte errekara, oker ez banago.

      Herria ederra zen haurtzaroan. Zortzi-hamar urte nituela, pasteleria zeukaten Ariztimuņo-Imaztarrek. Oraindik han egon behar du pasteleria hark. Kafea ekartzen zuten kanpotik, eta pasteleriaren atzealdean xigortzen. Begira egoten nintzaien danbolinean zelan egiten zuten xigorketa. Herri osoa eta inguruak gozatzen ziren kafe usainez. Oiangu inguruan nenbilenean ere hartzen nuen usain hura, kafea xigortzen ari ziren seinale. Beste denda batean malbabisko karameluak egiten zituzten, tableta moduko karameluak. Haurron artean berehala hedatzen zen albistea, malbabisko karameluak egin berri zituztela. Nabarrikaren dendara ere joaten ginen, Santa Maria kalera. Gaztak, gatzariak eta horrelakoak eduki ohi zituen; gazta zaharra ere bai mostradore gainean, lurrezko ontzi batean; ogi opil batekin sartzen ginen hara; mostradore gaineko lurrezko ontziari tapa kendu, zurezko koilara sartu eta ogi opilean oreztatuko zigun gazta zaharra, garratza, baina guk gustura asko jaten genuena.

 

 

Hamaika urte nituela, gabardina luze bat oparitu zidan amak. Gabardinari lehenengo egin nion konponketa sakelak zulatzea izan zen. Horrela, eskuak sakelan sartuta, hondorik gabe, behera luza nitzakeen eskuak. Modu horretan prestatuta, puntua egiteko orratz handi bi amari hartuta joaten nintzen azokara. Otzarakada sagarraren ondo-ondoan jarri eta gabardina ipintzen nuen sagarren gainean, gonapean erdi ezkutatzeko aleak. Disimuluan apur bat makurtuz, sakelan behera luzatzen nituen eskuak, orratz handiei helduta, eta sist-sist! sartzen nizkien sagarrei; ostera zuzen jarri eta aurrera, ezer gertatu izan ez balitz bezala, baina orratz bietan sagar banarekin. Gosea maisu zorrotza da; niri asko erakutsi zidan. “Bi orratz ikusi al dituzu inon?”, galdetzen zidan batzuetan amak. Hartutako lekuan uztea ahaztu egiten baitzitzaidan.

      Barraskiloak eta kardantxiloak saltzen ere aritzen nintzen azokan. Barraskiloak, ehunekoa duroan. Ogerlekoa, halaber, kardantxilo bakoitzaren prezioa. Likaz edo sarez harrapatzen nituen. Neure kaiola eta guzti joaten nintzen gero azokara. Baserritarren trasteen artean ipintzen nuen kaiola, norbaitek txoria erosi arte. Aldi batean, kardantxilo izugarri kankailua harrapatu nuen; biligarro edo zozoaren tamaina hortxe-hortxe izango zuen; ez zen kardantxilo arrunta; ez dut inoiz halakorik ikusi; kaiolako txotxean zegoenean ere, bazterraren kontra egoten zen; kantari aparta, harrigarria, inguruko guztiak aspertzeko modukoa. Txorizaleren batek entzungo zuen zelan kantatzen zuen, eta gustatu, nonbait. Bost durotan saldu nion!

      Baina kontuz ibili behar izaten nuen azokan, Patxi Handi aguazila han ibiltzen baitzen bazterrik bazter, zer ikusiko. Hark ondo ezagutzen ninduen, lehenago egina bainion egitekoren bat. Hauxe, hain zuzen ere: estazio ondoan akaziak zeuden, akazia inausiak, parketan eta egon ohi diren platano horien tankera samarrekoak; etxean untxiak edukitzen genituen, eta haiek gobernatzea aitonaren zeregina edo nirea izango zen seguru asko; behin batean bururatu zitzaidan, estazio ondoko akazia haien hostoez egingo niela untxiei egun bateko gobernua, eta baita joan ere, zakua hartuta; akazia buruxketara igo eta soildu nizkien neguan inausi ondoren uda bitartean botatako kimu edo adaska guztiak, zotzak bertan tente utzirik, batere hostorik gabe, nire zakua ongi beteta; nola edo hala, Patxi Handik jakin zuen nork egin zuen egiteko modu hura, eta Inspekziora eraman ninduen.

      Gure aitona eta bien artean prestatu zuten sustoa emateko plana: kalabozora sartu ninduten, eta atetzarra itxi zidaten bizkarrean.