Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Mundua

 

Tartetxo bat daukanean eskutitzei erantzuten ikusten dut Antxon. Duela egun batzuk Frantziako espetxeren batetik heldu zitzaion eskutitza. Ordiziako neska bat omen da. Antxon atxilotu zutenean, duela hemezortzi urte, umea izango zen artean neska ordiziar hori, baina bide luzea egina du geroztik. Ez zuten elkar ezagutzen lehendik, baina kartzelan egoteak, kolektiboko kide izateak loturak sortzen ditu, adiskidantzak eta harreman berriak, belaunaldi bitakoak izanik ere.

      — Kolektiboko emakumeak modu berezian zaindu behar ditugu —esaten du Antxonek—. Zintzoagoak dira eskutitzak idaztean, eta gainerakoan berdin. Ikusi besterik ez dago bisitetako kabinetan emakume eta gizonezkoen proportzioa. Emakume gehiago etortzen da beti, eta gehiagotan ere bai, nahiz arrebak izan, nahiz amak, emazteak edo neskalagunak, lagun soilak edo direnak direla. Enkartelada eta manifestazioetan ere emakumeak dira hutsik gabe joaten direnak leku guztietara...

      Eskutitza idazteari jarraitu zaio. Orri bat bete du eta bestea hasi. Orri biak tolestu eta gutunazalean sartzen ditu, eta arretaz itxi. Oraindik ere bitxi gertatzen zaio gutunazala ixtearena, hainbeste urtez zabalik botatzen aritu ondoren.

 

 

ETAren berriak Parisen nengoela izan nituen Le Monde egunkariaren bitartez. Aurki internazionalizatu ginen, beraz. Antonio Novais zen Le Monde-ren Madrilgo korrespontsala. Kazetari horren albisteez jarraitzen nituen Euskal Herriari buruzkoak, batez ere europarrek zelan ikusten gintuzten jakiteko. Egunkari espainiarrak, esan beharrik ez dago, patetikoak ziren orduan ere.

      Donostiako gure lagunarteetan etsipen eta autozentsura giroa izan genuen. Ez nuen giro abertzalerik sumatu izan nire inguruan; arazo sozialez edo abertzaletasunaz hitz egiten hasi orduko gaitzesten zintuen albokoren batek. Edozein gogogabetzekoa zen. Baina, Euskal Herriko gazteren batzuek, ikasle gazteren batzuek, EAJtik aldendu eta talde independentista bat osatu zutela esaten zuen prentsak. Hala eta guztiz, EAJ ezagututa, nolabaiteko sinpatia sentitu arren, ez zitzaidan interesatu. Garai hartarako irakurriak eta ikasiak nituen EAJren historiak, 36ko gerraz, EAJk Santoņan italiarrekin egindakoaz eta abar. Beste ezeren aurretik deskonfiantza sorrarazten zidaten EAJrekiko kontuek, eta alderdi horretatik sortutako ezer ez zitzaidan egiten erakargarri. Herri arazoaz txepel eta epel bazebilen EAJ, arazo sozialez ez zen batere arduratzen. Edo agian interesatzen zitzaion, edozein oligarkiari interesatzen zaion moduan. Eta hori gutxi balitz, herri arazoari zegokionean ere, begiratu besterik ez zegoen zelako tratuetan eta lanetan zebilen. Burgesak ziren niretzat, eta eskuindarrak; abertzaletasun ezkertiar baten aurrez aurre zeudenak, Espainiako erregimena bera bezain konfesionalak.

      Noizean behin ikusten ziren izartxo batzuk ortzimuga gris hartan, hori egia da. Agirre lehendakaria hil zenean, esate baterako, Artzain Onaren katedraleko hileta elizkizunean izan nintzen. Mundu bat ikusi nuen han, ikusterik uste ez nuen jendea. Paisanozko txakur pila bat ere bai, bide batez; liskar batzuk sortu zituzten txakurrek elizkizunaren ondoren, korrikaldiak izan ziren. Jende heldua ikusi nuen hiletetan, gerran ibilitakoak izango ziren asko. Pozgarri egin zitzaidan hainbeste jende eta halakoa han topatzea. Urte ilunak baitziren, nahiz eta gerra aspaldi amaitua zen. Gaur egun edozein herritan badaukazu lekuren bat, biltoki edo tabernaren bat, bertara joan eta edozertaz mintzatzeko, politikaz, herriko kontuez edo nahi duzunaz. Baina garai hartan ez zen halakorik. Beldurrez ibiltzen ginen leku guztietan, esatekoekin kontu handia edukiz. Azken batean, futbola-eta ziren elkarrizketa gai bakarra, kito.

      ETAren sorreraren berri Parisen irakurri eta jakin arren, ez nintzen aztoratu, kontuak oinarrian nolakoak ziren oharturik. Alabaina, oporretan Donostiara etortzen nintzenetan, sumatzen zen ETA hor zegoela, burrunba bazegoela azpian, bizirik edo bizi berria hartzen ari zena, egoera itsu eta lozorro modu batetik zerbait iratzartzen. Lehenagoko urteetan futbola eta pilota baldin baziren hizketagai, orain epai eta iritzizko solasak agertu ziren, zerbait berriaren ernamuin. Gazteen artean nabari zen zalaparta, auzoetan... Eta egunkarietan ere bai; gerraosteko “bakea” kraskatzen hasia zen, politikaz ez hitz egitearen autozentsurazko araua pitzatzen. Aldaketa, alegia. Esango nuke, gerraoste luzean mugarri izan zirela 60etako lehen urteak; hutsune bat betetzera etorri zen mugimendu hura: pizkundea.