Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

68ko maiatza

 

Gogorra izan zen niretzat; ez daukat ahazteko. Orokorrean garrantzitsua eta berezia izan zen maiatz hura, ondo jakina denez. Baina latza niretzat.

      Maiatza heldu baino lehen sumatzen zen bazetorrela zerbait. Esan liteke apirilean hasi zela 68ko maiatza. Ikasleek apirilean ekin zieten mobilizazioei. Nanterreko Unibertsitatea izan zen pizgailua. Egunkarietan irakurtzen nuen protestan zebiltzala, eta greban. Lehenago ere gertatu ziren halakoak, eta hasieran inork ez zion bestetan ez bezalako garrantzirik eman. Protestaldiak, itzali ordez, pizten eta berotzen joan ziren, antolatzen, langileekin bat egiten. Citroen eta Renaulteko langileak gehitu zitzaizkien.

      Ikasleek zehazki zer eskatzen zuten... eurek ere ez zuten jakingo seguru asko. Dena eskatzen zuten, eta ezer ez. Aldaketa sozial osoa eskatzen zuten, iraultza; baina ezer ez zehaztasunez.

      Egun haietako nire inpresioez ari naiz, ez maiatz hartaz gero irakurri dudanaz. Errebolta nahaspilatsuaren antza hartu nion begiratu batean. Dena dela, hazten ari zen mugimendua, handitzen, gainezka egitear. Buru zebiltzanak eurak ere ez ziren konturatzen zer zeukaten eskuartean, zelako indarra eta ahalmena zeuzkaten mugimenduarekin.

      Gizartea aspertuta zegoen, eskema zaharrekin gogaituta, Bigarren Mundu Gerraren ondoren indartutako eskemekin. Ikasleen artean abiatutako mugimendua gizarte osora hedatzen joan zen, kutsatzen. Mugimenduari bultzaka hasi zitzaion gizartea. Buruzagitza, eraketa, ahalmena eta dena gainditu zituen gizarteak. Jakina da ikasle mugimendua sindikatu eta alderdi politikoekin elkartu zela, edo alderantziz nahi baduzu, gainera zetorkien eta uholde ikaragarriaren moduan jaikitzen ari zen indar erraldoi hura gerarazteko ziur aski, gerarazi edo kontrolatzeko beste ezertarako baino gehiago. Egunak igaro ahala masa indar erraldoia bilakatu zen. Ez zegoen hura guztia gidatu, bideratu eta iraultza sozial moduan antola zezakeen aitzindaririk. Gidariak bazeuden, jakina, baina haietako inork ez zeukan behar besteko karismarik, inor ez benetako gidaritza egiteko gai. Maila politiko itzela eskatzen du horrek. Nire usteak dira, gogoetak.

      Sorbonako Aula Magnan egiten ziren eztabaidak. Sarreran ere bai, taldeka. Barruan eztabaidatutakoa kanpoan jarraitzen zen, asanbladan, eta hartutako erabakiak banatzen ziren, egunerako erabakiak. Neu ere izan nintzen Sorbonako Aula Magna hartan behin edo behin. Ikasleak ziren autoritate bakarra; Unibertsitatea euren esku hartuta zeukaten; ez zegoen han aginduko zuen ez errektorerik, ez irakaslerik, ez arduradunik, ez kristorik.

      Ez nukeen pentsatuko hain gertaera garrantzizkoak bizitzen ari nintzela. Gizartearen aldaketa sakona desio zen, iraultza soziala. Ilusioa, euforia, indarra nabari ziren bai Sorbonan bertan bai handik kanpora, gizartean orokorrean. Honez gainera, sasoi berezia zen nazioartean: Vietnam, gerraren aurkako estatubatuar zenbaiten ekimenak, beltzen mugimenduak (Martin Luther King, Malcom X), Washingtongo martxak, Kaliforniako ikasleen protestak... Europako, eta bereziki Frantziako, giroari begiratu: Aljeriako gerraren zantzuak bizirik; Frantziaren alde gerra egin ondoren Frantziara bizitzera joandako aljeriarren kontua, harki-en arazoa, eta abar. Oraindik ere arazoak dituzte harki haien seme-alabek, Marseilla aldean batik bat. Juduen Sei Eguneko Gerra aurreko urtean izan zen... Mundua irakiten zegoen, pil-pilean, aldaketa eske. Eta Pariskoa tartean.

      Enfrentamendu bortitzak izan ziren Poliziarekin. Greba serioak. Gaur ikasleek egingo zuten greba, bihar trenak geratuko ziren, etzi metroa... Kaleetako harlauzak altxa eta jaurti egiten zizkioten Poliziari. Place Saint Michel, Boulevard Saint Michel eta Boulevard Saint Germaingo harriak! Ikusten nuenaz ari natzaizue: autoak erre, zuhaitzak bota, barrikadak eraiki, molotofak sutu. Horrelaxe egunero. Atxiloketa, hilketa eta ahal zuen guztiarekin erantzuten zuen Poliziak. Guk lanean jarraitzen genuen artean, baina mobilizazio haietara joaten nintzen, hurbiletik bizi nahi nuen.

      Giza-oldea, greba, gatazka haren guztiaren puntu gorena maiatzaren 20an heldu zen, astelehenez. Greba orokorrari ekin zitzaion astelehenean; orokorra, erabatekoa, guztizkoa, salbuespenik gabe. Frantzia osoa paralizatu zen; gelditu egin zen lanik egiten zuen oro. Trenak, metroak, ospitaleak, posta, telebista, irratia... Dena geratu zen, ez gutxieneko zerbitzurik ez arraiorik. Ezerk ez zuen funtzionatzen.

      Maiatzaren 20ra arte, begien aurrean ikusiz bizi izan nuen hura. Baina egun horretatik aurrera oso modu ezberdinean biziko nuen, zoritxarrez.

 

 

Apirilaren 14an sendagile batekin kontsulta hitzartuta zeukan Maria Victoriak. Lehen ere sumatuak zituen gaixotasunaren aztarnak. Nerbioen ondoeza-edo izango zela esaten zuen berak. Kontua da, apirilaren 14ko kontsulta galdu egin zuela, eta hurrengo bisita maiatzaren 21erako lortu zuela. Bolada txarra zeraman Maria Victoriak, gero eta okerrago, baina lanean jarraitzen zuen hala ere. Ez baikenuen uste hain gauza larria izango zenik, hurrik eman ere.

      Maiatzaren 20ko goizeko ordu batean hil zen Maria Victoria, bat-batean, bihotzekoak jota.

      Hura niretzat zer izan zen, zelako zartada mingarria eta zelako barru urraketa sufritu nuen, ez dago hitzez adierazterik. Ez naiz horretan alferrik hasiko.

      Gertatuaren berri familiari emateko telefonoz deitu nuenean, Armadako soldadu batek hartu zidan hariaren beste aldean. Greba orokorraren isla nagusia da hori. Armadak hartu zuen telekomunikazioen ardura. Soldaduaren ondoren ofizial batek hartu zuen telefonoa. Zer gertatzen zitzaidan adierazi nion. Espainolez bazekiela berak, erantzun zidan, eta kontatu niona egia ez izatera, berehala moztu egingo zidala telefono komunikazioa. Familiari esaten ari nintzaiona entzuten geratuko zen ofiziala.

      Maria Victoriaren ahizpa joan zitzaidan Parisera. Bera eta lagunen batzuen artean arduratu ziren denaz. Astebete eduki behar izan genuen etxean, inora eramateko aukerarik ez zegoelako greba orokorrarengatik. Ospitaleak hildakoz beteta zeuden, lur emateko erarik ez baitzen. Hilkutxarik aurkitu ezin genuenez, astebetez eduki genuen gorpua etxean. Ez zegoen funeraria zerbitzurik batere. Astebeteren buruan azaldu zen funerariako nagusia bera, kutxarekin eta bi enbaltsamatzailerekin. Ondoren, eliza bateko kriptara eramateko modua egin zuten lagunek. Hogeita lau egunez egon zen kripta hartan, beste inora ezinik. Hilabete baten buruan lortu nuen Donostiako Polloen hobiratzea.

      Maria Victoria ehortzi eta gero, koinatuarekin joan nintzen Parisera nire gauza ezdeusen bila.

 

 

Zer esan ez dakidala geratu naiz. Antxonen historia entzuteko prest nengoela uste nuen hasieran. Baina ez nuen hau espero.

      Parisko egunek urratu latza laga diote, egundo sendatuko ez zaiona. Ez naiz ausartzen urratu horietan arakatzen, oinaze horiek profanatzen. Badira minak eta urratuak bere horretan, beren osoan gorde nahi izaten ditugunak, zatitu eta astindu gabe, arakatzen ibili gabe; kuttunak ditugulako, geure izaeraren eta izatearen osakin ditugulako, osakinik behinenak beharbada, beste sakontasun baten osakin adierazgarri ditugulako min eta urradurak. Ezin dut besterik pentsatu Antxoni aurrez aurre so egitean.

      Koadernoa itxi, gauzak jaso, eta patiora goaz paseatzera. Hemengo jendeak ez du, itxura denez, orduak eta orduak patioan paseatzen igarotzeko ohiturarik. Itzuliren batzuk eman eta ostera barrura sartzen da jendea. Telebistaren parean eserita ematen dute denbora. Partxisean edo xakean jokatzen gutxi batzuek, edo ping-pongean jo eta ke. Ibiltzekotan, egongelan bertan paseatzen dira, eskuak patriketan, zereginik gabe dabilen edonoren antzera, ardi galduen tankeran, orduak amatatu zain. Egunak eta asteak ez ezik urteak ere honelaxe pasatzen dituztela konturatze hutsak itolarria eragiten du.

      — Igande honetan ez dut bisitarik izango —esan dit Antxonek.

      Lagunen bisitetarako baimenak eskatuak ditugu denok, baina inori ez zaigu erantzunik heldu. Arreba, koinatua eta iloba bere senarrarekin etortzen zaizkio Antxoni. Iloba horren haurrak ere ekartzen dituzte. Beste iloba, Txemi, kartzelan dago, eta hura bisitatzera ere joan behar izaten dute. Eta ezin denera iritsi. Azken aldaketan Valenciako Picasentera hurbildu dute Txemi.

      — Txikiak zirenean espageti luzeak prestatzen nizkien iloba biei —jarraitu du Antxonek—. Erdi jolasean eta kantuan jaten zituzten nire espageti luzeak.

      Kolorezko hari batzuk gehiago lortu ditu Antxonek, eta kartoi karratuekin gerrikoak egiten jarraitzen du eskulanetako tailerrean.

      Mediku kontuekin dabil kezkatuta. Beldur naiz edozein egunetan ez ote duten norabait eramango. Antxonen historia amaitu nahi nuke lehenbailehen, hemen dagoen bitartean. Bera ere beldur baita eramango ote duten.