Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Fusilamenduak

 

Centro Vascora ez nintzen ia azaldu ere egiten, noizean behin besterik ez: Santo Tomas egunez, Urte Zaharrean eta horrelakoetan, baina askoz gehiagotan ez. Han ez zegoen giro abertzalerik. Beste ingurune batean ibili ohi ginen gure taldetxokoak; Bilboko Arnaizen inprimategian elkartzen ginen lanaren ondoren, zahar eta gazte. Tabernetara joan, garagardoren bat hartu, berriketan egin...

      Koadrila hura elkartu gineneko aldi batez, 36ko gerra kontuak ekarri genituen hizpidera. Santandertik Arroxelara joateko ontzia nola hartu genuen aipatu nuen nik. Taldean bazen adineko gizon bat nire kontakizunari adi, baina isilik, txintik atera gabe. Nire haurtzaroko ibilera modu haiek kontatu ondoren, ordea, hara non esaten didan gizonak:

      — Ni izan nintzen ontzi hartako kapitaina, Habana ontziko kapitaina.

      Aho zabalik utzi ninduen.

      — Ingalaterran utzi nuen itsasontzia. Arroxelan utziz gero, frantsesek Francori itzuliko zioten. Ingalaterrara eramanez gero, Errepublikari emango zioten. Arroxelan ontzia hustu eta Ingalaterraraino joatea deliberatu nuen.

 

 

Irrati eta egunkarien bitartez jarraitzen genituen Euskal Herriko gorabeherak. Txiki eta Otaegiren epaiketak eta heriotza zigorrek oihartzun handia izan zuten nazioartean, eta han ere bai, gure artean. Epaiketen jarraipena egiten genuen, manifestazioak antolatu... Haietako batzuetan enfrentamenduak izan genituen Poliziarekin. Gogoratzen naiz, kontzentratuta geundela, poliziek lurrera, gure oinetara botatzen zituztela fogeoko tiroak. Zalaparta batean Iberia agentziako kristalak zartatu genituen, Espainiako kontsulatuaren aurrean protesta eta salaketak egin ziren, enbaxadorearen etxe harresitura ere joan ginen talde bat.

      Fusilamendu egunean izan ziren protestaldi gogorrenak. Txiki eta Otaegiren ohoretan elizkizunak egin ziren euskal koloniak antolaturik. Hileta haien ondoren manifestaldiak egin ziren, hauek guk antolatuta. Venezuelan, erosketak egiterakoan paperezko poltsak ematen dituzte gauzak gordetzeko; bada, guk harriz beteta eramaten genituen erosketa poltsak manifestaldietara, ibai bazterretako harri koskor leunduak. Gogoan dut gure zirkuluan zegoela orduan Balentin Solagaistua.

      Ni beti izan naiz baikorra, baina garai hartan ilun ikusten genuen dena, oso goibel eta triste. Hala eta guztiz, bistakoa zen diktadoreak ez zuela luzaroan iraungo, azkenetan zela tiranoa. Txiki eta Otaegiren eta FRAPekoen fusilaketen testuinguruan sortutako giroa itzela zen, eta Francoren azkenarekin batera aldaketaren bat etorriko zela pentsatzen genuen.