Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiñe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Neskalaguna

 

Zorte ona neukan, gezurra badirudi ere. Hara: Ordiziako jaiak ziren, Santanak alegia, uztailean. Urtero joaten nintzen Ordiziako jaietara; nola ez nintzen ba joango. Baina urte hartakoan ezinezkoa gertatu zitzaidan, lanarengatik. Neure kontura aritzen nintzen orduan, eta lan asko neukan, eta ezin libratua egokitu zitzaidan Santanetan. Nola edo hala ospatzeko asmotan, lanean jardun ondoren, bazkaltzera sartu nintzen jantoki on batean. Egundoko bazkaria egin nuen, arkumea eta guzti. Jatun ona izan naiz beti, eta sasoi hartan zer esanik ez. Hala bazkalduta, Santa Klarara joan eta siesta egitea pentsatu nuen. Moilara iritsi nintzen ontzia hartzera, eta han nire lehengusu bi eta euren lagun batekin egin nuen topo. Santa Klararako asmotan zirela esan zidaten, abiatzeko puntuan zeudela. Ezin egokiago, beraz, eta horrelaxe abiatu ginen laurok. Santa Klaran ontzitik jaitsi eta ibiltzen hasi besterik ez genuen egin... lau neskarekin topo egin genuenean.

      Bitxia izan zen, destinoak prestatuta, niretzat zain eduki izan balu bezala gertaera hura. Neskekin berriketan hasi ginen, bakoitza neska baten ondoan eserita. Eta zehaztasunik txikieneraino egongo zitzaidan patua halaxe prestatuta, nire neskalaguna izango zenaren ondoan esertzea egokitu baitzitzaidan, berarekin hasi bainintzen berriketan. Han eta modu zehatz horretan elkartu ginen lau bikoteetatik hiruk aldarerainoko bidea egingo genuen gerora.

      Uztailak 26 hartatik aurrerantzean uda osoan jarraitu genuen elkarrekin ibiltzen. Negua heldu zenean erabat deliberatua nengoen Maria Victoriarekin jarraitzera. Ez zait egundo damutu.

      Elkarren ezagutza egin eta urtebetera, Principe zineman geundela, ondoeza sentitu zuen. Eztarriko infekzioren batekin zebilen, eta harengatik izango ote zen pentsatu genuen. Baina larrialdia erreuma artikularragatik izan zen. Bere gaixotasunaren lehen zantzuak besterik ez ziren izan. Larritasun horren ondorioz oheratuta egon behar izan zuen hilabete batzuetan.

      Bere aitaren esportazio negozioko kontuak eramaten zituen Maria Victoriak, arrain esportazioa, negozio joria, zinez. Nire lanari dagokionez, aldiz, pintura tailertxo bat neukan, etxeak-eta pintatzen aritzen nintzen. Hogeita bost urte izango nituen orduan, Maria Victoriak hogeita hiru. Nire asmoa, ordea, Venezuelara lanera joatea zen, eta Maria Victoria bera ere ados zegoen horretan. Aukera oso onak zeuden Venezuelan, 1958an hango diktadore zen Perez Gimenez erori arte; orduan inmigrazio guztia itxita edo etenda laga zuen gobernu berriak. Horren ondorioz aldatu behar izan genuen gure xedea.

      Urte hartako irailean ezkondu ginen, Groseko San Inazion. Ezkondu aurretik elizan froga moduko batzuk gainditu beharra zegoen; elizako kontuak, edo apaizenak, garai batean lehen jaunartzerako egiten zuten moduan. Otoitzak bazenekizkiela eta abar erakutsi behar zen, baina nik otoitzik ez nekien bat bera ere. Ezkonduko gintuen abadeak bazekien horretan ez nenbilela sobrante. Ikasi egin behar nituela esaten zidan berak, nik ezetz. Tirabira eduki genuen egun batzuetan. Ordiziara informeak eskatuta-edo, bazekien nonbait lehen jaunartzerik ez nuela egin, konfirmaziorik ere ez, beraz. Horregatik zebilkidan hain temoso. Ezkondu bezperan Maria Victoria eta bi koinatugaien aurrean esan zidan:

      — Otoitzak ikasten ez badituzu, ez zaituztet ezkonduko.

      — Abade jauna —errespetuz erantzun nion—, zuk ezkontzen ez bagaituzu, bihar bertan ezkonduen moduan bizitzen hasiko gara.

      Amore eman zuen, amorrarazita baina... Ezkontza egunerako prestatu zidan amarrua, bere azken lakioa: jaunartzeko unean ostia atzamarretan zuela etorri zitzaidan, hura irentsaraztera. Bistan da, hura ez zen eztabaidan hasteko momentua; denen aurrean nik ezezkoa egin nion mutur aurrean jarri zidan ostiari, burua alde batera eta bestera jiratuz. Etsi egin behar izan zuen abadeak.

      Eztei bidaian Segoviara iritsi ginen. Gogoan dut, Acueductoaren azpian zegoen bizargin batengana sartu nintzela; bizarginaren telebistan ikusi nuen Joan XXIII.a  aita santuaren ke zuria, 1958ko irailean. Segoviatik Toledora: Juderian ibili, El Grecoren pinturak begiratu eta abar. Katedralaren azpian bi sala handi zeuden, sotano moduan; sala horietako batean elizaren harribitxi eta ondasunak zeuden, eta haien artean Ameriketan hartutako lehen hamalau kilo urreak ere bai, sagrario bihurtuta. Bigarren sala handia Inkisizioari eskainia da; eta sala honetan, besteak beste, torturatzeko erabiltzen zituzten tramankuluak daude. Traste haien artean oso berezi nabarmen zen Ama Birjinaren burdinazko irudi bat, besoak zabalik zituena; Ama Birjina haren kontra lotuta ipintzen zuten zutik galdekatu behar zuten akusatua; Ama Birjinaren atzealdetik giltza bati eragiten zion inkisidore galdetzaileak; giltzari koska bat estuago eragin ahala, besoak itxi egiten zituen Ama Birjinak, akusatu bekataria besarkatuz; eta besoak ixten eta besarkada estutzen zihoan heinean, titimuturretatik bi iltze zorrotz eta mehe irteten zitzaizkion Ama Birjinari, akusatuaren haragian sartzeko. Ama Birjinaren besarkada amoros hura amaitzean, erabat damututa geratzen zen bekatari madarikatua, nola ez!

      Baina ahantz ditzagun orain torturak. Etorriko dira gero ere.

      Aldi batez Maria Victoriaren gurasoen etxean bizi beharra izan genuen, Intxaurrondon geure etxetxo bat aurkitu genuen arte.

      1959-60ko Ley de Estabilización zeritzana kausa, gaizki zebilkidan langintza. Ez baitzegoen. Aitaginarrebaren eskaintza onartzea beste erremediorik ez zitzaidan geratu, eta lau urtez aritu nintzen kamioiarekin arraina partitzen, Donostia inguruetako herrietara, Nafarroara, Zaragozara... Orduak eta orduak egiten nituen kamioiaz, atsedenik gabe, egunean hogeita hiru ordu askotan. Astelehena izaten nuen soilik atseden eguna. Astelehena, eta hura ere ez osoa, arratsaldera arte baino ez. Arraina partitzeaz gain, erosi ere neuk erosi behar izaten nuen batzuetan. Atera kontuak. Eta hori guztia hilean lau mila pezeta ziztrin irabazteko; eta Maria Victoriak beste bi mila, nire erdia.

      Inork ez nau ustiatu aitaginarrebak bezainbat, inork ez.