Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Demokrazia

 

Aldatua aurkitu nuen Euskal Herria, hoberako aldatua, jakina. Hiru urte ziren Carrero Blanco garbitu zutela. Ekintza haren aintzan abestiak jotzen zituzten edozein herritako jaietan. Bazirudien bizi-bizirik irauten zuela almirantearen azken moduarekiko pozaldiak. Eta gainerakoan ere halatsu, dena ilusioa. Kemena eta indarra sumatzen zen nonahi. Hori banekien Venezuelan nengoen bitartean ere, baina gauza bat zen han egonik jakitea, eta bestea, arras ezberdina, Euskal Herrian bertan bizi izanik dastatzea. Franco hilik, hauteskunde eta gisakoen leihoa irekitzen ari zen. Ilusioa bai, baina ilusionismoaren garaia ere bai, zoritxarrez. Indar politiko gehienentzat, demokrata omen zirenentzat eta 68ko iraultzaile askorentzat posibilismo garaia zen. Eta oportunismoaren garaia. Zintzo zebilen askok ere pentsatuko zuen, une horretan amaitzen zela aurreko erregimenaren zama, eta bide demokratikoetatik, hauteskunde formal batzuen bitartez, aldaketa orokorra etorriko zela, demokrazia eta nahi beste iritsiko zirela. Eta horrela, konpintxeo lotsagarrian, ezkerra eskuinarekin tratuetan hasi zen, mahai-inguru lotsamangarrietan konponketak egiten. EAJ bide posibilista horretan abiatu zen, eta Euskadiko Ezkerra ere bai. Posibilismotik ilusionismora, ilusionismotik formalismora, formalismotik itxurakeriara.

      Niretzat, 45 urterekin, beste momentu bat zen hura, beste erronka bati ekiteko unea. Amnistia aurretik enfrentamendu giroa bizi zen; gizartea oldarrean zebilen: grebak, manifestaldiak, txakurren jazarpena... etengabeko gatazka. Bultzada azkena izan zitekeen uholde harena; kinka erabakigarria izan zitekeen: edozer gertatu edo ezerezean geratu.

      Euskadi Ta Askatasunaren ondoan jarraitu nuen, lehen baino aktiboago nahi baduzu. Ikastaroa egin nuen beste batzuekin batera, hainbatek egina izango duten moduan Erakundearen historian. ETArekiko harremanaz eta jarduera pertsonalaz ez naiz ariko, hau ez delako horretarako lekua, eta beti daudelako isilik gorde beharrekoak.

      Zaputzaldi inpresioa utzi zidan Parisko 68ko maiatzak, frustrazioarena; gauza txikia izan zela, alegia, izan zitekeenaren ondoan. Maiatz hartan autoritate eta agintari guztiak gainezkatu egin zituen gizarte mugimenduak; armada eta polizi indarrak ere larritu egin zituen tupusteko iraultza-hats hark, eta egoera goren hura beste apur batez luzatu izan balitz, gehixeago iraun izan balu, urrunago iritsiko ziren ondorioak. Baina norbaitek edo zerbaitek desegin egin zuen hura guztia, zapuztu.

      Euskal Herriko 78ko giroa pareka liteke, hein batean, Parisko maiatz hartakoarekin. Hemen ere, Euskal Herrian, autoritateak eta autoritatearen indarrak gainezkatzen ari zen gizartea. Modu horretan jaikitzen eta kaleratzen denean, indar izugarria da gizartea, geldiezina. Txakurrak eta indar publikoak inpotente ikusten dituzu, ezgauza; batez ere, autoritaterik gabe. Horrelako une erabakigarrian zuzen eta zintzo gidatuz gero, amarru eta tranpak zapuzten jakinez gero, aldaketa handia eragin dezake mugimendu indartsu baten bultzadak gizartean. Baina sasi-amnistiarekin dena desmontatu zuten, sasi-amnistiarekin eta hauteskunde eta abarrez irekitako bide posibilistarekin. Dena lardaskatu, eta hurrengora arte. Espero dezagun, hurrengoan behin-betikoa izatea gure herriaren mesedetan, bake eta demokraziaren mesedetan.

 

 

Moduluko lau adiskideok, Antxon, Karlos, Koldo eta laurok, bakoitzak baditugu geure zeregin txikiak.

      Karlos begetarianoa arduratzen da lauron partez korrika eta kirol apur bat egiteaz. Animoak ematen dizkiogu patioan paseatzen gabiltzan bitartean.

      Koldok instantzia, salaketa eta gainerako idatzien kontu egiten du. Gerra pertsonala dauka aditz formekin, orriak eta orriak zirriborroz betearazten dizkiona. Temoso eusten dio hala ere bere trintxerari, harik eta ginearrarekin xakean jokatzera joaten den arte.

      Nik praka bete lan daukat Antxonen idazkari izate kontu honekin.

      Hemezortzi urte luze daramatza gatibu Antxonek. Espetxe mordoskatik pasatua da, gehiegi.

      — Hemezortzi urte hauetan asko aldatu da kartzeletako egoera, bai jendearen izaera bai jende modua bera. Baina denboraren bereizketarik gabe ere, egoera oso ezberdinak aurkitzen dira espetxe batetik bestera. Castellonen zegoen preso jendea izan edo hemengoa izan, alde handia dago. Harrigarria da: hemen ia inor ez da diru eske edo zerbaiten eske hurbiltzen!

      Halaxe da. Kartzela honetan ez da ikusten jendea azken gabeko eske negartian, zigarro ziztrin bat bi-hiruren artean erretzen... Dirudienez, ez dago eskasiarik. Gehienak espainiarrak ez direnez, ez da ikusten drogarik ia batere; dauzkaten diru pixarrak ez dituzte papelinetan ahitzen, beste presondegietan bezala.

      Antxon, beti txapela buruan, aljeriar batekin berriketaldi luzean hasi da. Aljeriako gerraz, harkiez eta auskalo zer gehiago. Marokoarrak ere hurbiltzen zaizkio, eta latinoamerikarrak... Venezuelar beltxaran batekin egundoko kontuak izaten ditu, Antxon han egon zeneko gorabeherak seguru asko.

      Espainiar gutxi dago modulu honetan; laurogeitik sei-zazpi baino gehiago ez dira izango. Valentziar gazteak ez du bere burua espainiarren artekotzat. Iruditzen zait, nola dabiltzan ikusita, preso espainiar horiek badutela hemengo kartzeleroekin korporatibismo moduren bat, sentimendu komunen bat. Nazionalismoa izango da beharbada, euren nazionalismo zentzu propioa, Babel honetan. Arabiarrak, Afrika beltzekoak, latinoamerikarrak, alemanak, frantsesak, espainiarrak, euskaldunak... Taiwan eta Asiako beste herrialderen batzuetakoak ere badaude, eta hauek ere aise bereizten dituzte espainiarrak eta euskaldunak.

      Asiarrak isilak dira oso. Ez dute beste kultura eta herri batzuetakoek adinako espanturik eta zalapartarik sortzen. Ezta hurrik eman ere. Arreta pizten digun gauza da. Arabiarrak otoitzean aritzen dira eskolako edo patioko ertz batean, Mecara begira jarrita. Horietako askorentzat urruti behar du izan Mecak; bai baitirudi behin eta berriz zurrunbilo berean eroriz eta hortik ezin irtenean dabiltzala, paradisuaren bila abiatu eta kartzelara itzulirik. Hala ere, otoitz egiten dute.

      Euria ari du, euri xehea. Castellonen horrelako euririk gutxi egiten zuela diosku Antxonek.

      — Xirimiriak Euskal Herria gogorarazten dit —esan du, eta euripera joan da, patiora, bakar-bakarrik paseatzera.