Aurkibidea
Venezuela
Abailduta nengoen. Lanbro batean nekusan dena, lausotuta. Donostian ez zitzaidan erraza ezeri ekitea.
Venezuelara alde egin nuen. Santanderren hartu nuen ontzia, gerra garaian Arroxelara joateko hartu nuen leku berean... baina mendebalderantz. Nire bizitzako bidegurutzeetako bat zirudien Santanderko leku hark.
Sei hilabeteko egonaldia egin nuen Venezuelako lehen joanaldian. Orduan ezagutu nuen Rada, Plus Ultrako mekanikari nafarra, besteak beste. Venezuela osoan barrena ibili nintzen: Andeetan, Orinocon, Margarita uhartean... Margarita ospetsua zen bere perlengatik kolonia garaian. Uharte honetan lurreratu zen Lope Agirre, eta bada han hiri bat El Tirano deritzana, haren omenez. Iritsi bezain laster fraideen priorea garbitu zuen Lope Agirrek. Handik Cumanara joan zen. Barquisimeton setiatu zuten gero, eta hantxe hil zuten.
Venezuelan izan nuen Euskadi Ta Askatasuna erakundearekin lehen kontaktua, 1968ko abenduan. Esana dizut, lehendik ere banuen ETAren berri, ez ninduela erakartzen, ez zitzaidala gehiegi interesatzen, nondik zetorren kontuan hartuta. Baina banuen Erakundearekiko sinpatia. Geure zerbait bezala sentitzen nuen, gauza gutxi izan arren. Ezarian-ezarian indartzen zihoan erakundea zen. Halako zerbait amestu izan nuen beti; halako zerbaiten premia gorria ikusten nuen; baina etsiak jotzen ninduen Donostiako giroak. Gerora, ETA lortzen ari zen oihartzuna ikusirik, apur bat ilusionatzen hasi nintzen, nahiz eta itxaropen berezirik ez izan, EAJrekiko nuen mesfidantzarengatik batik bat.
Baina 68ko hartan izan ziren gertakariek konbentzitu ninduten. Benta Haundin Txabi Etxebarrieta hil zuten uda hasieran. Urte hartako abuztuan Meliton Manzanas kriminal torturatzailea garbitu zuen ETAk. Gertaera haiek konbentzitu ninduten erakundean sartzeko. 68ko gertaera horien ondoren aldaketaren bat izango zela ziur nengoen; alegia, EAJtik erauzi, eten eta bere bidetik abiatuko zela, itsasontzia portutik irtenda abiatzen den bezala. Mugimendu abertzalea eta soziala gidatuko zituen erakunde baten sorrera ikusi nuen hor, eta luzaroan itxarondako gauza zen hori niretzat.
Horregatik, bada, Venezuelan nengoela, ETArekin harremanetan jarri eta militante egin nintzen. Kontaktu horren ondoren, 1969ko udaberrian itzuli nintzen Amerikatik Donostiara. Euskal Herri berri bat aurkitu nuen. Herri baten iratzartzea izan zela esango nuke, gerraosteko lausoaren ondoren argi izpi baten begiztatzea. Halako zerbaitekin amets egina nintzen, baina errealitatean gerta zitekeela itxaropenik gabe. Eta orain gertatzen hasia zen, ametsa egia bihurtzen. Gizarte mugimendua, mugimendu abertzalea eta ETA indartzen ari ziren nabarmen, hazten. Eta era berean errepresioa ere bai, jakina; gero eta bortitzagoa, basatiagoa. Saldoka egiten zituzten atxiloketak, tortura izugarriak kuarteletan eta komisaldegietan... Sasoi hartan igaro ziren txakurrak jipoietatik eta zapladetatik torturara, tortura sistematikora.
Burgosko Prozesuaren bitartez Euskal Herriak lehenago inoiz ez bezalako sona eta erantzuna lortu zuen Europan. Prozesu horretatik aurrera jada ezberdina izango zen dena. Amesgaizto baten ondoren gertatzen den antzera, beraz, gerraoste luzearen tabua, autozentsura eta mututasun beldurtia puskatu egin zen behin-betiko, eta errealitate ezberdin baten bidea ireki. Orduan hasi zen ETA gerora izango zuen garrantzia eta legitimitatea bereganatzen.
Venezuelan sei hilabeteko egonaldia eginda itzuli nintzen Donostiara, baina berriro ere Amerikara itzultzekotan, bigarrenez.
Nire egoera eta animo pertsonala aldatuxea zen jadanik; hobeto nenbilen, Paristik itzuli ondorengo larriak-eta apur bat baretzen hasita. 1970eko azken aldera abiatu nintzen Venezuelara. Han lana aurkitu nuen, Donostiako Garatetar batekin. Garate hau Caracasen bizi zen 50etatik. Kroaziar batekin harremanetan ipini ninduen. Parque Central Simon Bolivarren kontratua zeukan kroaziarrak, eta subkontratista moduan hasi nintzen pisuak papereztatzen. Subkontrata horretan 45 pisuko 8 eraikuntza neuzkan, eta pisu bakoitzak 15 apartamentu bikoitz zituen. Sei urte iraun zuen nire lanak.
Amaitu nuenean... beste bi dorre eskaini zizkidan kroaziarrak. Dorre bakoitzak 65 pisu zeuzkan. Beste zazpi urte iraungo zukeen lanak guztira. Nire gogoa, ordea, Euskal Herrira itzultzea zen, baita hara joan aurretik ere. Ez nion eskaintza onartu. Ez nengoen han gehiago luzatzeko.
Kroaziarrarekin bazkaltzen ari nintzen batean kontatu zidan bere bizitza. Jugoslaviatik hanka egin beharra izan omen zuen, Alemaniako Armadako SSetakoa izan zelako. Esku hutsik heldu zen Venezuelara. COPEI eta AD alderdiekin eta Administrazioarekin negoziotan sartu zen, eta aberastu. Kontrata izugarriak lortzen zituen. Berak eskainitako bigarren subkontrata onarturik han geratu izan banintz, aberastuko nintzen, bai horixe. Halakoxea zen pagotxa! Zortzi eraikin egin nituenak eta azkenean errefusatu nituen bi dorreak, konplexu oso bat zen guztia, dena bat. Azpi-azpian zituen hiru pisuko garajeen bitartez, eta komertzio eta ofizinekin goian zituen beste hiru pisuren bitartez, elkar komunikaturik zegoen konplexu osoa: Parque Central Simon Bolivar erraldoia.
Sei urteko egonaldiak lotura estuak sortzen ditu, ez dago dudarik. Itzultzekotan joan arren, bertakotu ere egin nintzen apur bat. Venezuelako jendearen apaltasunak eta xalotasunak arreta erakartzen zidan; gustukoa nuen jende hura. Hala ere, injustizia soziala higuingarria zen, batzuen aberastasun gehiegizkoa eta besteen txirotasun larria. 1973 inguruan barrika petrolioaren prezioa izugarri igo zuten; 20 dolar urtebetean, 3 dolar balio izatetik 23ra. Baina herria miserian eta injustizian bizi zen. Aski zenuen Caracas gaineko muinoetara begirada jasotzea gizarteko ezberdintasunak eta injustizia latza ikusteko. Nire ustea da, 30etako petrolioaren eta beste gai batzuen aurkikuntzak eskulan-eskari handia sortu zuela bat-batean, eta laborariak eskulan-premia horretara bideratu zituztela trumilean, nekazaritza lurrak hustuta. Lehen urte haietan langile ugari behar zituzten, baina gero petrolioa ateratzeko ez da ia eskulanik behar. Langabezian geratu zen jende hura guztia, hirietan pilatuta, noraezean. Jendearentzat errazagoa zen, langabezian egonik ere, hirietan eskean bizimodua ateratzea, berriz nekazaritzara itzultzea baino. Esango nuke, Espainiarentzat Amerikara iristea eta han zegoena ustiatzea bezalatsu izan zela Venezuelarentzat petrolioa aurkitzea. Ameriketatik harrapa zezakeen guztia lapurtu zuen Espainiak, aberastasun iturri osoa hirietara ekarri; eta orduan, jendeak hirietara jo zuen... Askok, fabrika textilean lana eginez baino gehiago irabazten zuten eliz-atarian eskale jardunda. Venezuelan horrelako zerbait gertatu zen nekazaritzan aritu izandako jendearekin, petrolioa aurkitutakoan.
Petrolioa zen estatuaren aberastasuna. Nahiz eta nekazari produkzioa zeharo geratu, atzerritik ekar zezaketen nahi edo behar beste. Hara!: Japoniatik ekarritako arrautzak ikusia naiz! Guairako kaia itsasontziei erantzun eman ezinik izaten zen; kaian husteko lekua egin zain egon behar zuten itsasontziek, barratik kanpora. Hogeita lau ontzi zenbatuta nago han, itsasoan, portuan lekua egin zain. Merkantziaz beteta zetozen. Itzela zen hango ontzi trafikoa. Aberastasun handiak ditu Venezuelak, baina aberastasun guztia esku gutxi batzuetara joan zen, jakina. Gaur ere biztanleen %80 pobrezian bizi da.
Caracas inguruetako muinoetan bizi zen jendea, rantxitoetan, etxolatxoetan, Brasilgo favelen modukoetan. Ez urik eta ez kristorik zegoen rantxitoetan; ez estolderiarik eta ez ezer. Eta rantxito miserable haien ondoan, hirian, egundoko txaletak zeuden. Txalet haietako zenbaitetan lan egitea egokitu zitzaidan... Urrezko iturriak zeuzkaten!, Italiatik inportatutako urre mazizozko iturriak, aizu! Eta hango autoak! Parisen ere ez nuen ikusi nik Caracasen adina Rolls Royce. Venezuelak 10 milioi biztanle zuen orduan, eta proportzioan Ingalaterrak berak baino Rolls Royce gehiago zeukan; proportzioan, Bavieran baino garagardo gehiago edaten zen, eta Eskozian baino whisky gehiago. 70etan hori.
Uholdeetan jendea itota hiltzen dela esaten dute, baina hangoak ez dira urarekin itota hiltzen, muinoetan lur-jauziak izan eta euren rantxito eta guzti azpiratzen dituelako baizik. Han bizi diren haurrentzat ez dago eskolarik; hango emakumeentzat ez dago haurgintzarako ospitalerik. Behin nagusi kroaziarrarekin joan nintzen ospitale batera. Egundoko emakume pila zegoen ohatiletan, korridoreetan, edozein lekutan, denentzat oherik ez zegoelako. Garrasika ari ziren haurgintza minetan.
Rantxitoetan eta kalean ezer gabe bizi zirenek nola edo hala bizimodua atera behar zutenez, zeure autoa zaintzea eskaintzen zizuten. Zainduko bazizuten, ordaindu beharra zeneukan; eta haiek zaintzerik edo haiei ordaintzerik nahi ez bazenuen, akabo zure autoa; txasisik ere ez zenuen aurkituko itzulitakoan.
Herri langilea, noblea eta demokratikoa da venezuelarra, jende apala. Unean unekoa bizitzea gustatzen zaiona. Baina ezberdintasun eta injustizia sozial iraingarriak pairatzen dituen herria da. Ni han egon nintzen garaian horrela zen behintzat. Horixe da gustatu ez zitzaidan bakarra.