Aurkibidea
Donostia
Herrira agertzen nintzen noizean behin, amari bisita egitera, baina ostera Donostiara itzultzen nintzen, neure barruti bakartira. Arreba txikia Nievesek ere gaizki pasako zuen garai hura etxean. Gure ama Beasainen hil zen oraintxe bost urte, arrebaren etxean. Nieves ere Beasainen bizitzen hasiz geroztik ez dut uste hurbilduko zenik Ordiziako jaiotetxera. Ez du, nonbait, hango oroitzapen onik. Nik beti izan nuen amarekin harreman ona. Oso zahartuta egon arren, kartzelara ere ahal zuen guztietan etortzen zitzaidan, Castelloneraino azken urteetan, pentsa! Laurogeitaka urte zituen! 1987ko udan besarkatu nuen azken aldiz, Carabanchelgo ospitalean egon nintzenean.
Donostian hainbat ofizio eta lantokitan ibili nintzen. Gero eta hobeto nenbilela igartzen nion neure buruari, bai osasun aldetik eta bai gainerakoan. Nire gaixotasuna, etsipenak, hogeita bost edo hogeita hamar urtera arte biziko ote nintzen eta kontuak... ahazten joan zitzaizkidan poliki-poliki. Lagunarte berriak egin nituen. Alde Zaharrean hartzen genituen txikitoak. Oso animatua egoten zen Alde Zaharra igande goizetan batez ere. Gazte eta zahar, nahasian ikusten zen jendea han. Hala ere, bazen nahasmen hartan murgildu gabe Alde Zaharrean, Bulebarrean eta inguruetan beti elkarrekin ibili ohi zen bikote bat, anaia bi. Egundo ez nituen ikusi taberna batera sartzen eta ardoa edaten, edo lagunartean parrandan. Beti elkarrekin eta beti besteengandik berezi zebiltzan, zut-zutik biak, tente, hara eta hona begiratzen... Mujika Herzog anaiak.
Nire lagunartekoak futbolzaleak ziren, baina ni ez nintzen futbolaren lagun. Atotxa futbol zelaian behin bakarrik izan nintzen; Realak eta Atletico Aviacionek jokatu zuten. Nahikoa. Zezenketara ere beste behin, eta horrekin ere aski. Maiteago nuen kantu gregorianoa, esate baterako. Camino kaleko kaputxinoen elizara igotzen nintzen igandero. Elizara ez, behera ez, jendea meza entzutera joan ohi den lekura ez. Elizako atetik gabe, Okendo kaletik, fraideen etxebizitzatik sartzen nintzen; elizaren goiko pasillora heltzen nintzen, eta handik korura baino gorago. Oso gustukoa nuen musika. Hangoa bukatu ondoren, Victoria Eugeniara askotan, Usandizagak zuzentzen zuen kontserbatorioko orkestra entzutera. Anfiteatroko sarrera: pezeta bat. Hantxe entzuten zen ondoen, anfiteatroan.
Esan beharrik ez dago frankismoaren parafernalia oso nabaria zela sasoi hartan. Hiriko jaietako Salbean Udaletxetik Santa Mariaraino paliopean eramaten zuten Franco. Donostiako egonaldian Aieten izaten zenez, denboraldi horretan Aieteko etxera eramaten zituzten Gipuzkoa Plazako ahateak ere, eta beste batzuk Ondarretako kartzelara.
Bai Donostian, eta lehenago Ordizian ere bai, zinemara joaten ginen maiz. Pelikula hasi aurretik Francoren irudia azaltzen zen, eta kristo guztiak zutik jarri behar izaten zuen, besoa jasota, Cara al sol abesteko. Horretarako egoten zen zineman, eskolako maisua egoten zen moduan, txapel-oker bikotea, gazteak esertzen ziren inguruan. Behin, Ordiziako zinemara sartuta —Raza filma eman zutela esango nuke; Alfredo Mayo, Jose Nieto eta aktore horiek zirela uste dut—, iskanbila itzela piztu genuen. Zinemako arduradun Antolinek esan zien guardia zibilei ni izan nintzela zalapartaren sortzailea. Kuartelera eraman ninduten, zaplada batzuk eman zizkidaten han, eta 250 pezetako isuna ezarri.
Hernia lunbarraren oinazez dabilela diosku Antxonek. Hezetasunak edo hotzak ukitzen duenean, edo zerbaiti postura deserosoan indarrez heltzen dionean, orduan batez ere, minari ezin eutsirik ibili ohi da.
Castellondik honako bidaian egindako egunak aipatzen ditu:
— Ordu asko izan dira furgoiko kaiola deseroso horietan eserita, zutitu ezinik, mugitu ezinik eta egon ezinik. Zeharo minberatuta geratu zait gerri aldea.
Arropa eta janzki gehienak Castellonen utzi zituen, bidaian ez ibiltzearren traste guztiekin tatarraka. Bera baino lehen helduko zela hona han utzitako paketea, esan omen zioten, baina egunak eta asteak aurrera doaz eta paketerik ez da agertzen inon, eta hemen fresko samar egiten du goizetan eta gauetan, hotz ere bai behe-lainoa sartzen denean. Batari eta besteari galdezka jarduna da, baina sorbaldak jasotzen dituzte hemen. Paketearen bidaia kobratu diotela ageri da pekulio kontuan, baina paketearen arrastorik ez. Horrelakoxe misterioak gertatzen dira etxe hauetan sarritan. Aldatzeko arropak, oinetakoak, liburu eta gainerakoak, denak hor nonbait ibiliko dira, ganoragabekoren baten eskuetan.
Hala ere, Menier sindromeak tarteka ematen dizkion larrialdiei die beldur handiagoa hotzari, hernia lunbarrari eta antzeko min guztiei baino; hutsaren hurrengoak omen dira Menier larrialdien aldean. Dagoen lekuan dagoela, aulkian eserita edo ohean etzanda, oreka galarazten dio sindromearen larrialdiak. Oka hasten omen da, izerditan, inon ezin egonik. Aulkian eserita badago, erori egiten da larrialdiak emanez gero...
— Gaizki pasatzen dut bost-sei orduz. Belarri bateko entzumena galdua dut gehiena. Eta bietako entzumen osoa galtzen badut bakarrik sendatuko omen zait Menier sindrome hau.
Entzumena gauza ederra dela dio. Oso maitea du musika ere. Baina nahiago lukeela erabat galduko balu dena berehala!, sindrome horren larritasunik gehiago ez izatearen alde.
— Edozein erotzeko modukoa da. Lehen sarriago izaten nituen larrialdiak; orain hilean behin edo bitan, batez beste. Zer egingo diogu bada!
Denbora luzean ibili da medikutan Castellonen, erresonantziak eta auskalo zenbat froga egin zizkioten han ospitalera eramanda. Azken hitzordu bat omen zeukan traumatologoarekin, kundan atera zuten egunean hain justu.
— Gauzak prestatzeko esan zidatenean, kartzeleroa oker egongo zela eta deia kontsultara joateko izango zela pentsatu nuen. Baina ez. Kontsultara abiatu ordez, hona abiatu ginen, kundan.
Goizetan, patiora irteten garenean, hotz egiten du; haize fina eta hotza dabil, hezurretaraino sartzen dena, ondo jantzita egon arren. Hezetasuna baino hobea dela haize hau, esaten du Antxonek; Castellonen zeukaten jasanezinezko hezetasun hura dela izan litekeen gauzarik txarrena.
— Hormetako karea harrotuta egoten zen. Eskua edo erratza pasatuz gero, erori egiten zen karea. Lizun berde eta urdina izaten zen gelako bazterretan. Lurra fregatuz gero, ez zen egun osoan lehortzen.
Hemen, La Moraleja honetan, kanpoan ez ezik barruan ere haizea dabil; haizearekin funtzionatzen baitu berogailuak ere. Dena haize izango dugu, beraz, hemen.
Zaragozatik eta Madrildik, batez ere, etortzen ziren udatiarrak Donostiara. Francorekin batera etortzen zirela ematen zuen. Generalisimoa izaten zen egunetan txakurrez josita egoten zen hiria; euren etxean bezala ibiltzen ziren. Alcalde tabernan sartzea aski zenuen jauntxo haietakoren batzuk ikusteko lasai ederrean. Francoren alaba ikusi izan nuen han inoiz edo behin jabugo urdaiazpikoa jaten. Orduan jabugoaren esklusiba eduki bide zuen Alcalde tabernak. Geroago La Cepa tabernak eta Valles bodegoiak kenduko zioten esklusiba hori.
Ez dut esango zenbait gunetxotan, zenbait zirkulutan nolabaiteko “konfabulazio” edo “konspirazio” girorik, ernamuin moduan izanik ere, izango ez zenik. Baina orokorrean ez zen horrelakorik sumatzen. Bentzutuen sindromea eta autozentsura uste baino barrurago sartuta zeukan jendeak, eta entzun ere ez zuen egin nahi izaten politika konturik edo antzekorik. Futbola zen jendearen hizketagaia eta kezka nagusia, futbola gora eta futbola behera, nazkatzeko moduan. Hartarainokoa zen jendearen amnesia eta kontzientzien ezabaketa. Langileen arazoez, arazo sozialez, eta horrelakoez zerbait aipatzen banuen, berehalaxe erantzuten zidaten lagunek ohiko arrunkeriaren bat: “zu beti politikaz”, “orain ere politika alu horrekin”. Bazirudien, futboleko auziak konponduz gero, konponduta zegokeela munduko injustizia. Amorragarria zen, etsigarria erabat.
Inguruetako auzuneak eta herriak maite nituen. Hondartza ez nuen batere gustuko; mendia nahiago: Landarbasoko kobetara, Mendiola sagardotegira, Intxaurrondoko Argel baserrira... Oreretara ere joaten ginen sarritan, meriendatzera eta dantzara; dantzara batez ere, kioskora. Hara nahiago bakar-bakarrik joatea. Txuleta piperrekin, ardoa eta ogia bost durotan meriendatzen nuen; edo Madalena tabernako tripaki kaxuelak; eta gero Alamedara dantzara.
Igeldoko erromeriak ere gogoan ditut, eta Hernanikoak. Meriendatzea izaten zen lehenengo egiten genuena, ahal zela txuleta. Hernanin, Tiloen kiosko inguruan zeuden tabernetan, karta moduko boletoak saltzen zituen gizon batek, eta tarta bat zozketatzen zuen gero, nata zuriz egindakoa. Askotan, izugarri askotan, beti gertatzen zela esango nuke, neuri tokatzen zitzaidan tarta hura. Zorte ikaragarria nuen horretan, bai horixe. Lagunak harrituta geratzen ziren; “gaur ezetz tarta hik atera!” esan zidaten behin; nik orduan: “zuek aukeratu karta!”; eta lagunek: “eska ezak bateko ezpata!”; eta, halaxe, bateko ezpataren boletoa erosi nion. Norentzat atera zen goxokia? Niretzat, jakina.