Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Oihana

 

Bizi edo egon izan naizen inguruak arakatzea gustatu zait beti. Banuen autoa, gasolina musutruk zegoen ia. Behin baino gehiagotan irten izan nintzen etxetik egunkaria erosi asmotan autoa hartuta; eta segi eta segi, beharbada bostehun kilometro egin. Noizbait geratu, zerbait jan, inguruak ikusi, horrela ibiltzen nintzen. Bakarrik nengoen, loturarik gabe. Aise ibil nintekeen modu hartan.

      Nire kontura Venezuela ezagutzen saiatu nintzen, jendeak eta bazterrak. Caraima, Margarita eta abar ezagutu nituen. Andeetan birritan izana naiz. Munduko teleferikorik altuenera igo nintzen, bost mila metrora, Pico Espejora, Merida hiritik gora.

      Inori kontatu ez nion bidaia bat ere egin nuen, hango osaba-izebei ere kontatu ez niena. Apaiz euskaldun baten bitartez egin nuen ibilaldi zoragarri hura egiteko modua; Orinocotik gora Rio Negroraino, Caņo Casiquiaretik igarota. Apaiz euskaldunak egin zizkidan antolaketak: abioneta batean joan nintzen Caracastik Ayacuchora, eta han elkartu nintzen indigena batekin. Jeremias deituko nion aurrerantzean. Curiara bat zeukan Jeremiasek, ontzi luzea, hamabi metro edo gehiago dituena; enbor bat da berez, barrua husten diotena, ibaietan ibiltzeko. Curiara horiei motorra ipintzen diete batzuek, eta gureak ere bazuen popan Yamaha eder bat. Abiadura handi samarrean zihoanean, ontziari muturra altxa egiten zitzaion ur-azaletik gora.

      Orinocon gaindi bazterretik joaten ginen, ibai erdian handiegia zelako uraren indarra. Eta alboetan, zelako oihan hertsia! Gaua igarotzeko ibai ertzeko lauguneren batean geratzen ginen, txaradirik gabeko soilgunetxoren batean, txintxorroetan lotan. Hamaka modukoa da txintxorroa, indigenek erabiltzen dutena. Zuhaitz batetik bestera lotu eta, bertan etzan ondoren, saretxoa botako duzu zeure gainean, eltxoek jango ez bazaituzte.

      Orinoco piraņaz josita dago, baita Orinocora datozen ibaiak ere. Gorantz gindoazen heinean kontatzen zizkidan Jeremiasek haien izenak, oihanean eta ibaietan zer zegoen, inguruan ikusi edo entzuten genituen txori izenak. Yanomamien tribuak non zeuden eta haiek nola bizi ziren esaten zidan. Indigenen tribuekin topo egiten genuen batzuetan; jende oso abegitsuak. Jeremiasek sekulako arraintzarrak harrapatzen zituen, eta haiekin egundoko otorduak egiten. Ez gindoazen ezeren faltan. Baneraman garagardoa ere. Baina, arraina afaldu ostean, Jeremiasek gauetan beste zerbait jaten zuela ohartu nintzen, kutixiarik ederrena balitz bezala, haragi zuria zeukan zerbait. Sua egiten genuen afaltzerako, eta su haren ertzean ipintzen zuen zerbait. Ez nekien zer demontre zen.

      — Jeremias, kutixia horren gozoak dastatu nahi ditiat —eskatu nion behin batean.

      — Zer den ikusita edo ikusi gabe?

      Halaxe, hurrengo gauean jakin nuen zer zen suaren ertzean prestatzen zuen kutixia: tarantula, armiarmatzar iletsua, armiarma galanta. Pixka bat erre zuen... eta neuk ere ahora! Ordutik aurrera Jeremiasekin batera gauero jan nuen tarantula. Kutixia da, bikaina benetan, haragi zuri-zurikoa. Txangurro bat ematen zuen, Donostiako tabernarik onenetan pintxoen artean lotsarik gabe ipintzekoa. Tarantulak inportatzen edo nonbaiten hazten hastea gomendatuko nieke Arzak, Argiņano eta horiei.

      Ibaian gora egun batzuk eginda iritsi ginen Caņo Casiquiarera. Orinoco eta Rio Negro lotzen dituen kaņo edo kanal naturala da Casiquiare, 350 kilometroko luzerakoa, munduko kanal natural bakarra. Zenbait urte sasoitan Orinocoren uretatik %20 Rio Negrora omen darama Casiquiarek, eta Rio Negrotik Amazonasera.

      Caņo Casiquiare igaro ondoren, beraz, Rio Negrora heldu ginen. Erabat ezberdina da ibai hau; Orinocok ur horiak ditu, eta Rio Negrok, izenak dioen moduan, ur ilunak, beltzak. Santa Rosara abiatu ginen Rio Negron behera. Han egun batzuk igaro eta ostera Puerto Ayacuchora buelta, kroaziarraren lana zain baineukan. Sei aste inguruko bidaia izan zen, inori aipatu ere egin ez nion ibilia.

 

 

Gosaldu, solaserako mahaira eseri, eta ia ohartu gabe jo digu bazkalorduak. Kafea hartu dut tartean-tartean, puruari tiraka... Antxonek bere kontakizunak luzatu eta zabaldu dituen bitartean.

      Hizlari asperrezina da; harrituta nauka bere memoriak: honenbeste leku izen, horrenbeste mapa, hainbeste xehetasun. Ikusitako lekuen argazkia oroimenean gordetzea ezinbestekoa izango du haien izenak gogoratzeko. Venezuelako maparen kopia eskatu dugu liburutegian, eta Antxonek esan bezala agertzen dira herrien eta ibaien deiturak. Bila asko saiatu beharrik gabe erakutsi dit non dauden halako edo holako. Mapari begira urtu zaigu goiza.