Aurkibidea
Erbestea
Castellongo espetxetik etorrita, hemen ohitu ezinik dabil Antxon. Ziega batetik albokora aldarazten zaituztenean ere zapuztu egiten dizute ohiko martxa, zereginen erritmoa, eta kartzela batetik bestera aldatzean egonezinean ibiltzea ez da harritzekoa. Bidaian aste pare bat pasa badituzu, zer esanik ez.
Lehen graduan daukate oraindik. Castellonen goizean patiora irten eta arratsaldean txaboloan egon behar izaten zuen. Lau orduko patioaldia, beraz. Hemen, ostera, lehen graduan jarraitu arren, goizez eta arratsaldez irteten da patiora. Eskutitzen interbentziorik ez daukala ere esan diote, eta bitxia egiten zaio, harrigarria, kartazala berak ixtea eskutitza sartu ondoren, gutunontzira bota aurretik.
— Hemezortzi urte hauetan lehen aldia da neuk ixten dudala.
Lehenengo aldia, baita ere, postaz heldu zaion eskutitza entregatu baino lehen bere aurrean irekitzen diola kartzeleroak. Orain artean aurrez irekita eta Madrildik edo auskalo nondik itzulia eginda heldu baitzaizkio, denboraldi puska baten buruan.
Jangelako mahaian eserita gaude, egunkariak hau dakarrela edo irratiak hori esan duela, su-etenarekin zer gertatuko ote den, dena geldi eta bare dagoela ematen duela, geldi dauden urak usteldu egiten direla denborarekin... Halako kabalak egiteaz aparte, eginasmo faltarik ez du Antxonek. Hanka egin du gure ondotik, eskulanen aretoko atea ireki duten bezain laster. Itsasontziak egiteko materialak eta lanabesak lortzeko borrokan dihardu eguna joan eta eguna etorri. Katalogo eta materialak eskatuta, eskalan egiten ditu itsasontziak. Zurezko kutxak egiten ere ibilia da, eta gerrikoak eta horrelakoak. Baina horiekin aspertuta, zerbait kuttunagoa egin nahian, itsasontzien kontua dauka orain. Planoak erakusten dizkigu, itsasontzien izenak, neurriak, prezioak... Astirik gabe dabil ezertarako, ezin geldi egon; eta tartetxoren bat daukanean, paseatzera joan ohi da patiora. Ipurtarinaren irudia ematen du horrela esanda, baina gizon patxadatsua dugu, adinak emandako tenplearekin luzatzen da berriketan hasten denean. Kontalari ona da; badu ezpala. Zehaztasun harrigarriz gogoratzen ditu pasadizoak: Olotetik Ordiziara, Parisera edo Latinoamerikara, Iturriotzera... Hango eta hemengo zauriak erakusten dizkit, memoriako geografiaren zauriak eta lorategiak. Hitz-jarioaren mapan markatzen dit bidearen ibilia. Arima botatzen du mahai gainera, bere suan eta bere izotzean.
— Badirudi eskulanak egin ahal izateko traba ugari ipiniko dizkidatela hemen ere. Horretaz arduratzen den hezitzaileak zerbait konpontzen lagunduko omen dit, maketak lortzen edo.
Nire koadernoari begiratu dio, orrien ertzetan idazten ditudan oharrei, orriak aurrera edo atzera eginez hartzen ditudan apunte, zenbaki eta azpimarrei.
— Dena zirriborro dirudi idazten ari zaren horrek —esan dit—. Nola demontre asmatuko duzu gero hori dena garbira pasatzen.
— Asmatuko nuke, zerekin egina baneuka —erantzun diot—. Idazmakina Bonxen utzi nion Joxeri. Hemen ordenadorea sartzeko baimena eskatu dut, baina auskalo noizko izango den hori. Gainera, nik ez duk egundo ordenadorerik ukitu, eta traste malapartatua omen da oso.
— Ederki gaude orduan.
— Gero gerokoak. Orain gatozen geure harira. Santanderren Habana ontzia hartu eta Arroxelara abiatu zineten.
Habanan familiako umeak eta emakumeak gindoazen, gizonik gabe. Gure familiako gizonak gerran izan ziren denak, gauza zirenak behintzat. Gure aita CNTkoa zen, bidenabar esateko. Munduko gerra guztietan eta historian zehar beti berdin gertatzen da: gizonezkoak gerrara eta abenturara joaten dira; eta emakumeek, zahar edo gazte, egin behar izaten dute haurren kargu, etxearen eta erretagoardiaren arduradun. Gizonak fusila darama, emakumeak bizitza guztiaren zama. Ez dut esan nahi gerran ez dela emakumerik aritzen, ezta gutxiagorik ere. Begira geure kolektiboan zenbat dauden. Baina, hara, emakumeek, gerraren ondorioz kartzelan daudenean ere, haurrak izaten dituzte, haurren kargua hartzen dute, heziketaz arduratzen dira. Horra Maitane bera, alboko moduluan daukaguna...
Kontuak kontu, emakumeak eta haurrak ginen, Habana ontzian, Arroxelara bidean. Lurreratu ginenean ohartu nintzen jende guztia gaixorik zegoela, denak zorabiatuta eta okaka, aurpegiera zurbilekin. Bidaiak iraun zuen denboran alde batera eta bestera ibili nintzen ontziko kubiertan, ahal nuen leku guztietan. Hala ere, Arroxelan bertan, lehorreratzear geundela konturatu nintzen zenbat eta zenbat ginen. Itsasontziaren tripetatik irteten zen jendea, saldo ikaragarria, xinaurrien moduan. Hustu ondoren, Ingalaterrara jarraitu zuen Habana-k.
Ez dakit trena non hartu genuen, baina handik Cerverara egin beharko genuen lehen bidaia, geuretzat propio antolatutako tren batean. Katalunia jotzen zen orduan leku segurutzat, eta haraxe gindoazen. Tren bat baino gehiago izango zen Arroxelan, itsasontzian joandako jendetza eraman ahal izateko. Geltokietan geratzen ginen; Gurutze Gorriko emakumeak izaten genituen zain, euren txapeltxo zuriarekin. Janaria ematen ziguten: txokolatea eta gazta biribila, bolazko gazta gorri hori, Holandakoa edo omen dena. Trena utzita, oinez egin genuen pasoa Cerveratik Port Boura, uste dut. Figueresera gero, eta han astebete egin ondoren, Olotera.
Oloteko palazio batean bizi izan ginen, bertako familiarekin. Beheko eta bigarrengo estaietan etxekoak, gu hirugarrenean, sei iheslariak. Beraien bizilekutik igaro behar izaten genuen geurera iristeko. Aurrerago eskailera ere egin ziguten harmaila-kaxatik gora!, zuzenean hirugarrenera igo gintezen. Jostailuz beteta zegoen palazioa, era guztietako jostailuz; egundo ez dut hainbeste ikusi: mapa puzzleak, Nafarroako zalgurditxoak, trepetak... eta irudika ditzakezun guztiak. Zer ez zegoen han! Zenbait belaunalditako haurrek erabili ostean pilatutako jostailuak, seguru asko. Oloteko egonaldi hartan, denen beharra izango zen-eta, ama eta izeba beste etxeren batzuetan aritu ziren lanean. Haurrak kalean edo bazterrik bazter ibiltzen ginenez, amak eta izebak lan egiten zuten etxeetara hurbiltzen ginen. Eta haietan ere jostailuak!; izebak leihotik ezkutuka jaurtitzen zizkigun jostailu haietako zenbait. Bizi ginen palazioan geneuzkanekin nahikoa ez izan, nonbait.
Dena den, Oloten bazegoen lau muturreko iturri bat herri erdian, gainean harrizko untxia zeukana; huraxe nuen nik denbora pasatzeko lekurik gustukoena. Atzamarrez jarioa estutu eta ura hara edo hona bideratuz, ingurukoak zipriztinez bustitzen ibiltzen nintzen.
Oloten denboraldi luze samarra egin ondoren, Tortellatera eraman gintuzten, Torre Chiquet izeneko etxera, herritik apartatuxe. Gutaz gain, Tortellaten baziren beste iheslari batzuk: Tinita, haragi zatiez beti hausnarrean aritzen zen Donostiako neska koskorra, eta lehen aipatutako Portugaleteko eta Barakaldoko familiak.
Bi errazionamendu genituen orduan: Errepublikarena eta Euskal Gobernuarena. Garai hartan, artean ez zegoen janari faltarik. Baina azken aldian abioien eta bonbardaketen faltarik ere ez. Egun batez, ez dakit Oloten edo Tortellaten izan zen, ume mordoska genbiltzan jolasean herrigunean. Abioien zarata entzun genuen, eta bonbaren leherketa segidan, ezertaz ohartzerako. Geunden lekuetatik jaurti egin gintuen bonbaren eztandak, gertu-gertuan erori baitzitzaigun. Lurretik zorabiatuta jaiki nintzen, belarrian eztandak eragindako txistuarekin, iiinnn, luzaroan iraun zidan txistu harekin. Leherketaren izua apur bat pasa zitzaidanean itzuli nintzen ostera jolasean ibilitako tokira. Bilbotik gurekin joandako neska koskorretako bat hil zuen bonbak; aitonarekin joandakoa ez, bestea baizik. Burdinazko farola odolez eta haragi zatiz zipriztinduta ikusi nuen. Bete-betean harrapatu eta dena zapartatu zuen bonbak.
Tortellateko etxeak bazuen baratza bat ondoan, frutarbolekin. Geurea balitz bezala erabiltzen genuen baratza, barazkiak-eta landatzeko. Behin batez, haur mordoska joanda, egundoko jana egin genuen aranondoetatik. Mikatzak eta berdeak egongo ziren, baina guk bapo jan. Denok gaixotu ginen, larri gainera. Tripetako minez, botaka, beherakoarekin... Hain larria izan zen, gaixoaldi horretan hil zela Bilbotik gurekin etorritako beste neska koskorra ere, aitonarekin zegoena.
Olotetik Tortellatera ginenerako erretiran zen Errepublikaren indarra, menderatua edo ihesean. Haurrontzat ere agerikoak ziren arazo haien zantzuak. Oloten, esate baterako, kamioikada terraila aurkitu nuen, ihesean zihoazenek utzia, zalantzarik gabe. Bidearen albo batean lagata zegoen kamioia, erdi iraulita, matxura edo istripuren baten kariaz. Nola ez!, miaketan hasi nintzen. Zurezko kaxez bete-bete zegoen kamioia, eta zurezko kaxetan terrailak, itzela terraila piloa! Nik orduan ez nekien zer ziren eta zertarako, aztarrenik ere ez. Hartu egin nuen haietatik mordoska bat, jostailutzat. Ume kontuak, badakizu. Adreilu gisa erabiltzeko balio zidaten, etxetxoak-eta egiteko. Edozein umek kanikak gordeko lituzkeen moduan gorde nituen. Balio handikoak ziren, geroago jakingo nuenez, etxean, Ordizian nintzela; aitak ikusi zizkidan nire terrailazko jostailuak, eta beretzat hartu zituen, lanerako, mekanikaria baitzen gure aita. Gerraosteko urte luzeetan terrailarekin, errodamenduekin eta horrelakoekin kontrabandoa eginez aberastu ziren batzuk. Aberasteko kinkan izan nintzen, bada, Oloteko aurkikuntza harekin! Zelan izaten diren gauzak.
Ahantzi dut...! Tortellaten bazen aireportu txiki bat! Bi hegazkin zeuden hangar handi batean barruan, eta kanpoan beste bat. Hangar hartara sartu, abioira igo eta, metrailadorea hartuta, tu-tu-tu-tu aritzen nintzen jolasean. Ez dakit metrailadore haiek balarik gabe zeuden, edo segurua jarrita ote zeukaten, edo zer demontre. Tiro egiteko prest egon izan balira, egingo zuten, ziur, eta auskalo nolako kalapita sor nezakeen. Inguruetako mendixketan bazterrik bazter eta zer ikusiko ibiltzen ginenean, egundoko munizio mordoa aurkitzen nuen. Kalibre handiko balak, txikikoak... orotarik bide bazterretan, sasipeetan, nonahi. Armarik bat bera ere ez, baina munizio pila handia. Egurra bildu eta sua egiten nuen mendian, eta sua indartzen zenean, bazterretan batutako balak botatzen nituen garretara. Ja! Zelako ziztuan ateratzen ziren sutan berotzen zirenean! Dziu-dziu-dziu egiten zuten txistu.
Gure amona gaixo samarrik zebilen azkenerako. Nazionalak sartu ziren, eta Katalunia hartu zuten, lehenago Euskal Herria bezala. Frankisten nagusigoarekin amaitu zen gerra hangoentzat. Etxerako buelta zetorren, beraz. Itzulera ahal zen moduan egin beharra zegoen; jada ez zegoen guretzat antolatutako trenik. Donostian bagenituen lehengusu batzuk; haiei pasa behar genien abisua, amona ekartzera joan zitezen. Amonarekin geratu ziren izeba eta lehengusua. Ama eta seme biok abiatu ginen Ordiziarantz. Bentzutuak ginen, garaituak. Kamioi batera igo ginen Tortellaten; hangar handian nik ikusitako hegazkinetako bat zeraman kamioi horrek, hegoak tolestuta, eta gu ere hantxe, ahal genuen moduan egokituta. Gironara heldu ginen kamioian, plaza batera. Hantxe ikusi nituen lehenengo aldiz txapel-gorriak. Buztanik eta adarrik ba ote zeukaten ikustea zen nire kezka bakarra. Ordura arte pentsatu izan bainuen frankista haiek adarrak eta buztana zeuzkatela; erabat sinetsita nengoen horrela zela. Gironako plaza hartan Cara al sol kantarazi ziguten, besoa altxatuta. Amona bat zegoen nire ondoan, emakume adintsu bat, besoa jasotzen ez zuena, eta gogoratzen dut nola jasoarazi zioten mehatxuka.
Gironatik Bartzelonara joan ginen. Tren geltokian bertan eman genuen gaua. Egunkariak, aldizkariak eta horrelakoak saltzen zituen emakumeak utzi zigun txoko bat lo egiteko, mostradore moduko baten abaroan. Hurrengo egunean hartu genuen trena Bartzelonan, etxerantz. Merkantzia trena zen, jendez betea, gure moduan etxera zihoan jendez betea. Ez dakit nondik norako ibiliak egin genituen trenean, nolakoak izan ziren bidaiako gorabeherak. Gogoratzen dudana da, gaua zela Ordiziara iritsi ginenean. Paperezko farolatxoz josia zegoen herria, Madrilen erorketa ospatzeko. Gero jakin genuen, bezperan hil zela gure amona. Beranduegi zen, beraz, haren bila joateko. Oloten datza.