Aurkibidea
Tortura
Asteazkena zen atxilotu ninduten egunean. 1981ean erori nintzen, azaroaren 19an, goizeko ordu biak eta erdietan. Detaile horiek ez dira ahazten: noiz eta nola etorri zitzaizkidan bila... Nire taldekidea atxilotuta zeukaten ordurako; txakurrek eurekin ekarri zuten gurera, eta etxeko atean deitzera behartu. Txirrina jo eta ireki nezala esanarazi zioten. Nik atea ireki bezain bizkor agertu ziren txakurrak alde guztietatik, goitik, behetik. Zalapartan sartu ziren, orro eta garrasika. Lurrera jaurti ninduten. Egundoko kulatazoa eman zidaten matrailean, begi ondoan. Eskuturrak lotu ordez, atzamar lodi biak lotu zizkidaten zepo txiki batekin, eta halaxe erabili ninduten lehen egunetan. Zepo haien eraginez, sei hilabete inguruan iraun zidan atzamarretako intsentsibilitateak; azala ere erori egin zitzaidan.
Galtzontzilo hutsetan eraman ninduten Gobernu Zibileko komisaldegira. Elektrodoak izan ezik, txakurkeria guztiak egin zizkidaten han, epailearen aurrera heldu arteko hamar egunetan. Nortasun agiriak egiten zituzten bulego azpiko gela batera eramaten ninduten tortura saioetara, marmol zurizko harmailetan behera jaitsita. Hantxe zeukaten txakurren habia ezkutua, tortura tokia: bainera, barra... Lehenengo denetik egiten zidaten, txakurkeria guztiak, eta gero, tortura saio batetik besterako tartean, barra batean zintzilikatzen ninduten, bakailao baten moduan. Gogoan dut, bi zutaberen artean ipinita zegoela barra. Bazen txakur bat, nonbait horretan espezialista izan behar zuena, edo maniatikoa, eta zintzilik nindukaten bakoitzean barrabiletatik heldu eta bihurritu egiten zizkidana. Prakak dena bustita neuzkanez, praken tintak bere eskuak tindatzeraino bihurritzen eta estutzen zidan. Modu hartan hanketatik zintzilik egotearen ondorioz, hiru urte inguruan eduki nuen erreduraren marka.
Beste batzuetan lurrean etzanda ipintzen ninduten, besoak eta hankak zabalduta, lau txakurrek eusten zidatela, eta bosgarren batek kolpeak ematen zizkidan luzaroan soin osoan; itotzen nintzela sentitzen nuen halakoetan, arnasa hartu ezinik.
Kalabozoetan atea zabalik edukitzen ninduten, besoak kanpora nituela, lehen aipatutako zepo horiekin atzamarrak lotuta, eta zutik. Ezin nuen atseden hartu; ez eseri ez etzan ez ezer. Nire aurrean eserita egoten zen txakur bat, eta begiak ixten edo lokartzen ikusten ninduen bakoitzean ostikadaz esnatzen ninduen. Egunak joan ahala, nekea eta suntsipena gailendu ahala, aluzinazioak izaten ere hasi nintzen. Zomorrotegi bihurtzen zen ziega haietan ikusten nuen itzal oro: harrak, zomorro higuingarriak... xehetasun eta zehaztasunez ikusten nituen, handitzen eta neuregana hurbiltzen, ugaltzen eta soinean gora igotzen... Ahoraino heltzen zitzaizkidan, eta sekulako itolarria izaten nuen. Aluzinazioetako batean garagardoa eskuan nuela ikusi nuen neure burua, aurrean neukan txakurrari neure bizitza pribatuaz hitz egiten... Eta bat-batean ohartu nintzen, zerbait bitxia gertatzen zela han, zerbait ematen zidatela urarekin edateko.
Mendian zuloa neukan lekura ere eraman ninduten, gerrikoarekin lepotik lotuta. Han ez dakit zer gertatu zen, baina, konortea galduta egon ondoren, txakurren oinei begira esnatu nintzen lurrean.
Barran zintzilik edukitzen ninduten tarte haietan, barrabiletatik heltzen zidan hartaz gainera, bazen beste txakur bat joka aritzen zitzaidana, gerri-barrenean karate kolpeak ematen zizkidana, giltzurrunen inguruan-eta, beti minez eduki ohi nuen lekuan hain zuzen. Hernia lunbarraren kariaz, oso gaztetatik ibili izan bainaiz gaizki gerritik. Baina txakur hark ez zekien halakorik. Kontua da, txakur haren karate kolpeek zerbait ukitu edo mugitu izan behar zidatela, eta haren “tratamendu” berezia zela bide, egundo ez naiz gerritik hobeto ibili azken hemezortzi urte hauetan baino. Txakur hark gaiztoz emandako karate kolpeek zuzendu behar izan zidaten zerbait gerri aldean. Berriki egin didaten erresonantzia magnetiko batengatik dakit hernia lunbarra daukadala hogeita hamar urte nituenetik edo lehenagotik.
Komisaldegiko egun haietan, tortura haiek gehiago ezin jasanda, harmaila batzuen ertzaren kontra bota nuen neure burua. Zauri itzela egin nuen bekoki gainean, odol jarioa hasi zitzaidan. Txakur batzuek ospitalera atera nahi ninduten, baina arduradunak ezetz, berak konponduko zidala hura, eta ez ninduten inora atera.
Gobernu Zibilean, kalabozoen gaineko salan, bazen zutabe koltxoitu eta eskaiz forratu bat. Sala hartan nengoela ikusi nuen Ballesteros komisarioa, zutabearen kontra jartzen eta, oniritzia emanez bezala, beste txakurrei keinuak egiten. Ondoren lotu ninduten bizkarra zutabearen kontra nuela, eta aurrez aurre abiadura hartuta etorriz, ostikada eman zidan barrabiletan taldeko buru egiten zuenak. Hiru aldiz errepikatu zuen ekintza!
Ballesteros, Meliton Manzanas eta horiek lehenagotik ezagutzen nituen ikustez. 50etako lehen urteetan Legarda tabernan elkartzen ziren. Orduan Okendo kalean zegoen Gobernu Zibila, eta aldamenean Legarda taberna.
Donostiatik Madrilera eraman ninduten, DGSra. Donostiatik irteeran Mendizorrotz ikusi nuen; Donostiari agurra. “Inoiz ikusiko ote zaitut ostera?”, edo antzeko bihozkada izan nuen.
DGSkoa beste modu bateko tortura izan zen: psikologikoa. Zapladak, irainak... modu oso jarraian, era kalkulatuan. Soinean min emateko baino, nortasuna pitzatzeko asmoz egindako tortura.
Urte hartan ez dakit atzeratu egin ote zuten Francoren heriotzaren urtemuga edo zer gertatu zen, baina DGSn nengoen egun haietako batean ari ziren txakurrak haren oroitzapenetan, eta gogoan dut denak mozkor arraio eginda zeudela. Txakur haien artean buru egiten zuenetako bat ikusi nuen, ni ninderamanari esaten geroxeago ostera eraman nintzala hara, bere aurrera. Keinu adierazgarria egin zion buru egiten zuen hark, eta keinu hura geratu zitzaidan buruan. Eta, jakina, ostera noiz deituko eta piztia mozkor haiengana noiz eramango ote ninduten zain eman nuen gau osoa, erabat urduri eta egonezinean. Zain egote horixe da, agian, egun haietatik dudan oroimen latzenetako bat.
Donostian bainera egitean, ontzi handiaren ertzarekin dena ubeldu egin zitzaidan bularra. Pomada ematen zidaten, eta pomadaz lirdingaturik iritsi nintzen Madrilera; DGSn dutxarazi, eta berriro pomada... Forentsearen aurrera eraman ninduten. Emakumea zen forentsea edo zena zelako hura. Txakur mordoa eta forentse horren aurrean biluzarazi ninduten gela batean... Komedia bat! Beste inspektore bat edo halakotzat hartu nuen nik forentse modu hura. Azken aldi batez dutxarazi zidaten epailearen aurretik igaro baino lehen. Ez ditut ahaztuko dutxa haiek, dena krakaz beteta...
Epailearen aurretik pasa ondoren, Carabanchelera zuzenean. Han zeuden lagunen artera heltzea etxera heltzea izan zen, zerura iristea, zerurik baldin bada. Porrusalda bikaina prestatu zidaten, inoiz jan dudan ederrena iruditu zitzaidana. Komisaldegiko hamar egunak ezer probatu gabe pasa nituen.