Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Txapela

 

Modulu arruntetara garamatzaten egunean, hirugarren egunean, beste lagun bat heldu da sarreretako honetara; Castellondik dakartena. Eup! egin dit norbaitek atetik, janari erretilua pasatzeko ateak daukan leihatilatxotik. Eskutitza idazten ari naizen lekutik antzeman dut Antxon, txapela buruan. Ez diot aurpegi osoa ikusten, baina txapelagatik ezagutu dut bera dela, eta begiratzeko moduagatik seguru asko.

      Hamabi urte izango dira Antxon Garcia del Molino ikusi gabe, Herreran egon ginenetik hain zuzen. Han ere modulu ezberdinetan egon ginen, baina bisitara bidean ikusi izan nuen inoiz edo behin, eta ez zait akordu hartatik bere irudia ezabatu. Orduan bezala darama, orain ere, txapela buruan. Nire ziegako atearen alde banatan makurtuta, hura kanpotik eta ni barrutik, leihatilatxotik elkarri begira, berriketari ekin dio: ia hamabost egun daramatza bidaian; Picasentetik dator, Langraiztik bueltan; zer moduz gauden galdetu dit, nola dauden hemengo gorabeherak...

      — Etxera deitu beharko dut, iritsi naizela esateko.

      Ez gaude astiro mintzatzeko paradarik egokienean, eta aukera apurra laster izorratu digu kartzeleroak.

      Arratsaldeko lehen orduetan gauzak prestatzeko agindu digute Jokin Santxo eta bioi. Kartzeleroa atean azaldu gabe, interfonotik ematen dituzte hemen horrelako aginduak; ezin asmatu, beraz, zelako muturkerarekin agintzen diguten. Modulu arruntetara goaz, Jokin bigarrenera eta seigarrenera ni. Ez dakigu zer-nolako egoeratan izango garen aurrerantzean, elkar noiz ikusiko dugun hurrengo.

      Luze egin zait bidea 6. modulu honetara. Lorategi eta zelaitxoen ondotik joan naiz: 7-8 moduluak ikusi ditut eta, horien aurrealdean, 5-6 moduluetako eraikina. Bi lagunekin topo egin dut seigarrenean: Koldo Basaurikoarekin eta Karlos Iruņekoarekin. Berehalaxe abiatu gara patiora paseatzera, jo alde batera eta jo bestera, berriketan. Bigarrenean hiru lagun daudela azaldu didate, eta Jokin hara eraman badute lau izango direla; emakumeenean badirela hiru neska; eta Antxon hona ekartzen badute, lau izango garela hemen.

      Lehen egunak bizkor doaz kartzelan. Kosta egin zait ordutegia ikastea, noiz goazen txaboloetara, noiz jaitsi, nola den bisiten kontua... Oharkabean joan dira egunak, eta oharkabean hasi naiz leku berriko trikimailuak ikasten. Irrati txikiarekin ezer gutxi hartzen dut. Badirudi uhin guztiak ezabatzen direla inguru honetan. Telebista, ostera, oso ondo eta garbi hartzen da, hainbat kate gainera. Kartzelaren erdi inguruan ageri den dorre handia antena parabolikoak diruditenez beteta dago. Alferrik, nire telebista galego alu bati oparitu bainion Bonxen.

      Egun batzuen buruan ekarri dute Antxon 6. modulura; biaoaren ondoren patiora jaisteko ateak ireki dizkigutenean iritsi da neure galeriara. Poltsak igotzen eta txaboloa apur bat atontzen lagundu diot. 70 urte ez ditu urruti izango; ez dago gaizki zaindua itxura batera, baina gazteagooi ere arnasa berotzen zaigu bigarren solairura poltsak eta trasteak igotzen. Ziegan lixiba botila hustu du harraskan, komunean, dutxan... Gauean izango du lana bazterrak txukuntzen, bizilekuari itxura airosoagoa ematen.

      Harmailetan behera goaz Antxon eta biok. Burutik txapela inoiz kendu gabe, ezin dut asmatu burusoila den edo ez. Karlos eta Koldorekin elkartu gara patioan. Berriketarako gogoz dago Antxon, hitz egiteko eta galdetzeko, heldu berriak beti ohi duen eran. Castellonen zelan zeuden kontatu digu; aspertuta zegoela hainbeste urte baldintza haietan, zulo hartan sartuta, hango kartzeleroen lerdokeriekin. Adiskideez gogoratu da: Estanis, Pello... Eta handik hona bitarteko kartzeletan topatutakoak, Langraitzen batez ere. Puerto eta Herrerako garaietako lagunak orain ikusi ditu, hainbeste urtetako sakabanaketagatik ikusi ez zituenak.

      — Berdin-berdin daudela ematen du, duela hamabi edo hamabost urteko itxura berarekin.

      — Neuk ere irudipen hori izan dut, baina geu ere zahartu garelako izango da. Batzuk burusoildu egin gara, beste batzuei zimurrak ageri zaizkie aurpegian, edo ileak eta bizarrak urdindu zaizkie... Denoi utziko zigun arrastoren bat urte hauen joanak.

      — Geuk uste baino sakonagoa seguru asko, eta ez zimurretan edo buru soilduetan bakarrik, tamalez.

      Kafea hartzera hurbildu gara ekonomatora. Antxonek ez du nahi ez kaferik ez antzekorik. Botila bat ur eta garbiketarako gauzak erosi ditu. Jangelako mahaietako batean eserita gaudela ohartu da Antxon, moduluko laurogeiren artean dozena-erdi baino ez direla izango espainiarrak; arabiarrak dira gehienak; latinoamerikarrak ere mordoska bat; ingelesak, alemanak, frantsesak eta asiarrak bat edo beste, eta bakarra beltza.

      Gurekin eta beste ehun preso ingururekin oraintsu egin duten mugimendua dugu mintzagai, irratian entzundako zerbaiten kariaz. Espainolak mundu guztian joko zikinean eta maltzurkerian ibili direla beti, diosku Antxonek, egundo ez dutela gizatasunik izan gauzak gizalegez egiteko garaian. Saharan edo Kuban egin izan zituztenak aipatu dizkigu.

      — Gu ere begitan izan gaituzte beti, etsaitzat beti. Menderatu edo akabatu ezin gaituztenez, joko zikinaz baliatzen dira. Begira zer egin zuten Gernikan 36an. Sarraskiak errebindikatzeko potrorik ez zuten izan orduan, eta gaur ere ez dute duintasunik egiten dituzten txakurkeriak aitortzeko. Ez dakigu ba ondo zer pelajetakoak diren hauek.

      — Zenbat urte dituzu —galdetu dio Karlosek.

      — Batzuk bai. Hirurogeita zortzi.

      — Zaharra ez, aspaldikoa zara zu —diotso Koldok.

      — Hara, 36ko gerran, Durangon bonbak bota zituztenean, hango eliz-atarian nenbilen jolasean...

      Jangelaren beste aldera begiratu du, egongela eta patioa banatzen dituen kristalari gero. Irribarre amultsua egin du azkenik begirada mahaira itzulitakoan, antzinako irribarrea txapelpetik, betaurrekoen ostetik. Historiaren irribarrea dela begitandu zait, patxadaren irribarrea beharbada, kutxa ireki ondoren harribitxia erakusten duenarena. Eta igarri diot, orain erakutsi digun horren moduko harribitxi asko eduki behar duela kutxan gordeta. Eta otu zait: nork daki 36ko gerrako ume bat Euskal Preso Politikoon kolektiboan dagoela gaur egun?

      — Memorian duzun gordailua zabaldu eta idatzi egin behar zenuke —esatera ausartu naiz—. Presarik gabe, baina memoria horren kontaduria egin beharko genuke —proposatu diot.

      Begira geratu zait, baina ez du ezer esan. Agian, Durangoko bonbaren eztanda entzun du berriro; abioi haiei begira sumatu dut bere aurpegiko keinu behartuan. Oinaze zaharraren keinua.

      Elkarri gabonak eman eta nor bere txabolora erretiratu gara. Ziegan, ateak itxi dizkigutenean, koadernoa hartu dut eta honainoko zirriborro hauek idatzi ditut. Baiezkorik ez dit agindu, baina hasierako lerro hauek prestatuta jaitsiko dut bihar koadernoa; amua prest.

      — Gau osoan ez dut begirik bildu —aitortu dit Antxonek goizean—. Atzoko kontuei itzuli-mitzulika, gomutetan joan zaizkit orduak, ohean jira hara eta buelta hona.

      Barre txikia egin du. Harrapatu dut.

      —Txaboloan dutxa edukitzea ondo dator goizeko nagiak astintzeko —gaiez aldatzeko itxura egin du; animoso dago.

      Jendea patiora agertzen ari da poliki-poliki. Ziegak itxiko dituztela adierazi dute bozgorailutik. Ordu erdi baten buruan hasten dira gosaria ematen, eta ilaran jarri gara geu ere. Kafesne modukoa ematen dute, eta ogia, gurina eta mermelada poto txikietan. Karlos korrika dabil patioan; geroago egingo du bere gosari partikularra: bizpahiru azenario, sagar edo horrelako fruituren bat, limoiren bat... Bejeta integrala da gure nafarra. Koldo, Antxon eta hirurok eseri gara mahaian. Kontu kontari hasi da Antxon gosaldu bitartean. Gauean harilkatu dituen oroitzapenak dakartza, tolesturarako astirik gabe. Trumilka datozkio kontuok. Ezer esan gabe entzuten diogu Koldok eta biok. Mahaia garbitu dut, eta koadernoa eta luma atera ditut poltsatik. Prest nago dena idazteko.