Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—7—

 

— Argitaratuko duzu laster batean, ezta?

        Egozkueren keinuak ez zuela ulertzen islatzen zuen.

        — Argitaratu? Berehala? Nork hitz egin du argitaratzeaz? Nor mintzatu da premiaz, presaz? Argitaratu? Ez horixe.

        Orain Eza zen ulertzen ez zuena.

        — Ez?

        — Ez. Zertarako? Argitaratuz gero, zer aterako luke komentuak? Neronek esango dut: ezer ere ez. Jendeak mitoak nahi ditu, ez egiak, are gutxiago jarlekutik eroritako mito birrinduak. Mito bat haustea ez da hain zaila, egin daitekeena da; baina kontuz, mito hori desegitearekin batera ez baduzu beste mito parekagarri bat sortzen, jokaldia zure aurka bihurtzeko arriskuan zaude: jende mitozaleak, hau da, gehiengoak, nahiago izango du mitoaren sinesmen tinkoan irautea zuri bizkarra emanda. Hortaz, beste mito bat sinesten hasiko da, eta zuretzat gorrotoa baino ez du gordeko. Gorrotoa, bai, egoeraren oreka hautsi, bere bizimodu lasaia nahastu, baretasuna izorratu diozulako. Jendeak ohikotasunak eman segurantza eta egonkortasuna ditu maite: etxera iritsi eta ohiko zarata domestikoak entzun, bere geografia osatzen duten elementu guztiak, okinarekin eguneroko hitzaspertua bezalakoak ere barne, beti bere tokian eta aldagaitz egon daitezen du laket. Berrikuntzak desasoseguan eta ziurtasun faltan bertakotzen du, eta betirako direlako sentipena gezurrezkoa dela sentiarazten. Jendea engainatua bizi da engainatua bizi nahi duelako: erosoagoa da, lasaigarriagoa. Lapurtzen ez duen politikari zintzoak eta egia beste ezeren gainean ezagutu eta ezagutarazi nahi duen mito-apurtzaileak, horra hor jendea gorrotoraino beldurtzen duten bi espezieak. Esaiezu haien patroia kalbinista zela, eta erre egingo zaituzte plazan, batere kupidarik gabe, gorrotoz eta beldurrez. Bai, jendea halakoxea da. Eta, nire iritzia interesatzen bazaizu, jakintsuak direla uste dut: egia ez baita gezurraren beste aldea besterik, eguna gauarena den bezalaxe eta argia ilunarena. Biak dira elkarren osagarri, biak beharrezko. Fotosintesian bezala da: egun argiz egiten den zatiak ez luke balioko ilunean egiten denarengatik ez balitz, eta alderantziz. Eta, esan gabe doa, fotosintesirik gabe ez legoke bizirik planeta honetan...

        Herioa biziaren beste aldea den bezala, otu zitzaion Ezari. Erraza zen, azken finean. Aizak Akuilu, etzakela kezka. Biziaren bestaldean hago, besterik ez.

        — Orduan, zergatik hainbeste enpeino liburua zureganatzeko?

        — Hemen ongi gorderik dago. Eskurik onenetan. Oraintxe argitaratuz gero lortu nahiko genukeena ez eta aurkako efektua lortuko genuke, azaltzen saiatu naizen bezala. Gorderik edukiz gero... etorriko dira garai berriak, interesgarriagoak. Hau tutean bezala da. Badakizu tutean? Karta bakoitzak balio bat dauka, eta jokatu behar unean jokatu behar da, ez lehenago, ez beranduago. Tenore egokia noiz, eta orduantxe. Tenore hobeak etorriko dira. Partida honetan, eskuratu dugun karta hau ez da txarra, ez horixe, baina badira beste batzuk boteretsuagoak. Mezubideek, kulturaren mundua, hitza eta ezpata kontrolatzen dituzte, espezialista onak dauzkate, edotarikoak, azeriak, jantziak. Bilatuko lukete modua zuria beltza balitz bezala aurkezteko, maisuak dira horretan, eta jendearen asaldurak ere, baretu nahiak ere, haien alde egingo luke. Zertarako gure karta hau orain erre? Jokatuko dugu komeni zaigunean. Eta partidakideek ere badakite karta hori gure eskuetan dagoela edozein unetan joka genezakeela, eta aldagai berri hau hartu beharko dute aintzat edozein urrats eman baino lehen; horra hor gure indar berria, lehen ez genuena. Fisika terminoetan ere esplika daiteke: energia zinetikoa da abiadurarena, baina energiaren agerpen zinetiko hori egon dadin aurrez energia potentziala behar da izan. Liburua, une honetan energia potentziala da, indarberritu egin gaitu.

        — Eta jendeak? Ez al du jakiteko eskubiderik?

        — Bai.

        — Orduan?

        — Jende guztiak?

        — Jende guztiak.

        — Orain, ez. Bere garaian, bai. Informazioa gutxi batzuentzat da. Jende guztiarentzat mitoak daude.

        Eguraldi tristeak kotoi zikinezko hodeiez zamatzen zuen pagadia; halaxe Ezaren barnea. Egozkue ez zuela sekula gehiago ikusiko otu zitzaion.

        — Historia honetan zehar denetarik ezagutu dut: à la page egotearren ama salduko luketen morroiak, sekula eduki ez duten omenezko ohorearengatik matxinatuko liratekeen barregarri arriskutsuak, haiek ez dutela sekula lerrokada batean itxoin beharrik inora sartzeko demostratzearren aita salduko luketen makarrak, dirugose patologikoak, hiltzaile ankerrak, antologia batean gaizki emango ez luketen zinikoak... lehen edo beranduago denen mozorroa erori da, eta benetako sena ageri. Hala zurea: Bartolo Egozkue, zu ere inkisidorea zara.

        — Eta zu gizondu nahi ez eta sekula helduko ez den pailazo zorigaiztokoa, gizateriaren erdia beste erdiaren aurkako borrokan behar duena ispiluak egunero aurrez aurre jartzen dion gaztetasunaren joana atzendu ahal izateko. Agur, Eza.

        Apaizak bizkarra eman zion eta poliki urrutiratu zen komentuko aterantz, euria iragartzen zuen haize batek sotana azpiak eraikitzen zizkion bitartean.