Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—8—

 

— Ikusi duzu inoiz metal-ur kata bat baino zerik erridikuluagorik?

        Luciano Goñik baso bat ur zeukan eskuan, eta herraz begiratu zion huraxe eskuetatik kendu eta beste bat paratu zion zerbitzariari, zirudiela basoz beteriko azpila lurrera botatzeko ere gertu zegoela. Bi katadorek dastatzen zuten mahai gaineko hainbat botila berdinetako ura, txandaka, eta bere ezaugarriak idazten zituzten; ondoren, morroi batek hoteleko aretoko megafoniatik irakurtzen zituen, zerbitzariek parte hartzaileei banatzen zien bitartean.

        — Engainatu egin nauk, Luciano —zioen Ezak.

        — Et et et etetet... Ez duk egia. Nik ez diat gezurrik esan.

        Megafoniak dastatzen ari ziren uraren ezaugarriak denon jakingarri jartzen zituen: kaltzio-gatzen presentzia nabarmena zen, adibidez, baina ez gainerako osagarrien gozoa estali eta ahoa betetzeko bezain nabarmena, ez; adibidez, magnesioaren punttua guztiz identifikagarria zen, eta gainera, lehen kolpeko laztasuna itxurazkoa suertatzen zen, zeren laster mikroorganismoen presentzia ezin ezkutatzeko modukoa gertatzen baitzen, ahoa bigunduz eta trago ondoren ere aho-sabaian irauten zuen sentsazioa utziz. Esan beharrik ez zen mikroorganismo hauek, goroldio-espezie oso bitxi batek gaineratzen zituenak, kaltegarriak ez izateaz aparte, are mesedegarriak gertatzen zirela urdaileko flora bakterianoarentzat. Honek ematen zien katadoreei bidea esan ahal izateko ur hori, bistan zenez, Asturiasko parke natural bateko iturrikoak zirela, justu parkeko mugan botilan sartu eta marka ematen zion planta baina pixka bat goragokoak, hain zuzen ere. Katadoreen erakustaldiaren ondoren notari batek botila ondoko gutunazal zenbakidun txiki lakratua ireki zuen, eta barruko papera irakurri. Ba, bai horixe, Asturiasko parke horretakoa zen, justu katadoreek esandako tokikoa. Seigarrenez edo, bertan bildutako talde oso hautatuak txalo zaparrada batez agurtu zuen katadoreen demostrazio bikaina, euren urdaileko flora bakterianoa aberasteko prestatzen ziren bitartean.

        — Gainera seguru nengoen goiz edo berandu jakin egingo zenuela.

        — Ez hiri esker, noski.

        Goñik basoaren hondoari so egin zion, ezin disimulatuzko arrenkuraz, urdailean isurtzen zen ura ezpain-xokotik behera tira egingo zion beruna bailitzan. Ekintza ergel hartara joan izana ez zen bera bezalako kultur gizon batek noizbait ohi dituen konpromezu logikoen ondorioa baizik, eta ez inola ere berak aukeratutako gauza.

        — Antolatzaileek Florencio bera etorriko zela uste zuten, babo arraioak. Florenciok ez dauka honelako gauza txoroetan galtzeko denborarik.

        — Non dago orain?

        — Ez dakit ziur, niri ez dit ezer esan. Alabaina, uste diat Ameriketan dagoela. Batzuetan joaten da: enkanteak, galerien bisitak direla... —Goñik herraz begiratu zion basoko urari, ideia kontsolagarri baten bila hasten zelarik naufrago bat oholaren bezala—. Ameriketan ez ohi du denbora galtzen. Kaliforniatik behin Château Petrus kutxa batzuk eraiki zizkien Château d'Yquem-i edo Romaneé-Conti-ri eskasa irizten dieten magnate mokoguriei. Bat oparitu egin zidan.

        — Ardoaz ari zara, ezta?

        — Bai motel, bai. Oparia eskertzen diot, noski, baina, nahi gabe izanik ere, alukeria ederra egin zidan. Nik ez dut balio ardoa gordetzeko. Ardoa edateko da.

        — Eta noiztik da hori arazoa?

        — Botila bakoitzak ehun mila pezeta balio duen unetik, horra noiztik. Nahikoa kontu txoroa bada: Romaneé-Conti batek halako bi balio du, milioi askodun amerikarren ospe eta botere ikur bihurtu delako, bakar bakarrik. Hortaz, niretzat Petrus kutxa inbertsio bilakatu da, ardorik ez eta banketxean gordetako jabetza-titulu hautsez beterikoak bailitzan. Gorde ere Errioxako soto batean gordetzen dut. Hala ere aitortu behar dut kutxak hamaika botila dituela bakarrik. Bat edan egin nuelako, hain zuzen. Uste al duzu inongo une garrantzizkorik aukeratu edo inongo zeremoniarik egin nuela botila osoa edateko? Ez horixe. Arratsalde batez ireki eta edan nuen, etxeko sukaldean, emaztea eta haurrak kanpoan zeudela, sardina-lata baten laguntzaz.

        — Eta zer ahogozo du?

        — Pse —bekainak goratu zituen, eta definiziorik emateko ezintasuna garbi gelditu zen—. Egileek diote Ingalaterrako altzari noble baten urrina bezalako ahogozoa duela. Egia esan, Oliver Cromwell-en Parlamentuko eserlekua edaten ariko bazina bezalakoa da. Edo antzeko zeozer.

        Goñik hainbakarrenez begiratu zuen bere ur basoa, nazka definigaitzaz.

        — Gaur egungo politika hidrografikoaren aurka nago —aldarrikatu zuen—. Heraklitok esan zuen inor ezin dela bi aldiz ibai berera jaitsi, eta hori, txanpon bereko bi aldeak bezalakoak diren bi arrazoirengatik: lehena, bigarren aldiz jaitsi nahi denerako ibaia, beherantz etengabe doalarik, aldatu egiten delako, aldatu ubidea higaduraren eraginez, aldatu ibaia bizi duten arrainak eta izakiak, ertzetako landareak; eta bigarrena, bat bedera ere ez delako lehengoa. Geu ere ibaia gara. Denboraren etengabeko isuri kupidagabearen metafora ezin hobe eta unibertsal honek bultzatuta, nonbait, erabaki omen dute urtegi asko egitea eta botilaratutako metal-ura barra-barra kontsumitzea, denboraren joana geraraztea galarazten duen bi faktoreetako bat gainditu dutelakoan: Heraklitok ez zuen esan, eta ezin esan zezakeen, inor ezin dela bi aldiz urtegi berera jaitsi, edo inork ezin duela botila beretik bi aldiz edan.

        — Heraklito zerbait bazen metaforak asmatzen.

        — Heraklitoren garaian ura ez zen botiletaratzen —unetik unera Goñiren aurpegia zurbiltzen ari zen, mintxuria egingo zitzaiola zirudielarik—. Hala ere, aferaren lehen zatia garbitu dutelarik, ea arazoaren bigarren parteari irtenbidea bilatzeko zer asmatzen duten, horixe da kezkatzen nauena. Goazen hemendik. Gonbida nazak botila bat ardo edatera eta mintzatuko gaituk. Ur gehiegi edateak zorabiatu egiten nau eta.