Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
4
Aitorgoitiara joan zen bigarren aldian, Ezari ez zitzaion jada harrigarri iruditu legarrezko patioan, lehengo Volvo hartaz gain, bi Saab eta Lancia bat ikustea. Aurrekoan «Portland Trail Blazers»en txandalarekin jantzita ikusi zuen atezain bera zegoen ate ondoko zuloan, Eza ikusi bezain laster aldizkari bat presaka karpeta batean bildu eta zentralitako botoien gaineko apalategi txikian arrapaladan sartu zuena, premiarekin hainbat paper eta liburu amilduaraziz. Presarekin aldizkariaren azaleko txokoa utzi zuen agerian, eta izenburuko lehen letrak ikusten ahal izan ziren: «Pent». Ezak, erreparatuagatik, ez zion jaramon handirik egin atezainaren aztoramenduari eta apalategi txikiari so egin zion kuriosidade apur batez. Karpeta zaharrak, kirol zein gurutzegrama-aldizkariak, far-west-eko nobelatxo eskurik esku luze ibiliak eta eliza liburu gutxi batzuk nahaspilatzen ziren bertan, apalategiak, txikia izanik ere mundu oso bat osatzen zuela garbi adierazten zuen ordena faltaz. Atezainak azkar asko aurkitu zuen Egozkue, eta sarrerakoak ahalik eta arinen egin beharrez, mutu gelditu zen, enbarazuz edo. Segi, segi zure otoitzekin, esan zion Ezak, libertiturik, klaustro gotikoari buruz irekitzen zen atea zeharkatuz.
Egozkuek bere lan-gelan hartu zuen. Berehala atzeman zuen Ezak apaizaren buruan zerbait bazebilela, ohiko ateraldiek eta hizjarioak lekua utzia baitzioten halako isiltasun pentsakorrari. Luciano Goñik liburuari buruz esan zizkion guztiak errepikatu zizkionean, mutiri entzun zion, beste nonbaiten bailebilen, eta bere denbora hartu zuen hizketan hasi aitzin, nahiz motorra berotu ahala esaten zuenari bere baitako su ezin saihestua gaineratu, emeki-emeki:
Ezagutzen ditut Goñiren arrazoiak. Bakar bat iruditzen zait pisuzkoa. Gainerakoak dialektikoak baino ez dira, eta bere izaerari dagokionez, dialektikaren bidez errefusa daitezkeenak. Liburuaren berri ez dugula sekula eduki? Eta zer? Uste al du hankadun upel horrek ezagutzen ditugula munduan argitaratu diren liburu guztiak? Hori benetan sinesteko bezain lerdoa al da? Paulo IV.aren Index-ean ez datorrela? Eta nork esan du Inkisizioak debekatu zuela? Inkisizioak ez zuen, iraun zuen denbora guztian, nahi zituen liburu guztiak debekatzeko ahalmena beti eduki, ez debekatzen zituen guztiak erretzeko ahalmena, ez eta argitaratzen ziren liburu guztien berri edukitzeko ahalmena ere; are, askotan zerrendetan berariz sarturik ez zeuden liburuak ere erretzen zituen, ezustean inon aurkitu, edukia gaitzetsi, eta hala. Nork daki, bestalde, liburu jakin horren historia zehatza nolakoa zitekeen? Nork daki hainbat eta hainbat libururen historia zehatza nolakoa izan den? Inork azaldu al du inoiz zergatik ez den Etxepareren liburuaren bigarren argitalpeneko dakigunez, Rouen-en Adrian Morront-ek eginda alerik gure garaietara iritsi? Inork ba al daki Elsoren obraren liburukirik zergatik ez den sekula ageri? Liburuen historiak pertsonenak bezain bitxiak izan daitezke, eta gehiago ere. Gure kasu honetan, autoreak, behin inprimatuz gero, adibidez, mota askotakoak izan litezkeen arrazoiak medio beldurra, une jakin bateko interesa, mehatxua, komenientzia... ez zabaltzeko agindua eman izan balu? Edo eta Inkisizioak, argia ikusi baino lehen, inprimategitik atera gabe erre izan balu? Ez dugula sekula bere berri eduki. Hori baino arrazoi ahulagorik! Zenbat udaletako artxibo desagertu da, dela zabarkeriaz, dela espazio faltaz, dela aurriritzi sozial edo politikoaz? Zenbat putre hurbildu da eruditoz mozorroturik, hainbat bilduma pribatutara, gizabanakoen momentuko zoritxarrak profitatu eta liburuak gerra-harrapakina bailiren etxeratzeko? Zenbat artxibo publiko, beren klase-interesak, edo interes politikoak, edo ekonomikoak defenditzeko, suntsitu dituzte putre horiek beroriek? Zenbat gerra izan da lur hits honetan azken bi mendeetan? Zenbat su egin aipatu gerra horietan? Zenbat liburu erre suotan? Ez, laguna suaren aipuak suturik, Bartolo Egozkue, hori ez da argudioa. Hori infamia bat da. Sinesberago nauzu, aurrekoan esan nizun bezala, antzinako urrezko aro oso baten adierazgarria litzatekeen liburu-sail oso bat desagertu dela edo desagerrarazi dutela ideiaren aurrean. Eta ez dezala Leizarraga aipa, otoi, horixe bailiteke liburua autentikoa dela sinesteko lehen urratsa. Egia da, Leizarragak hala dio aitzin-solasean: «Batbederak daki Euskal Herrian ia etxe batetik bertzera ere mintzatzeko maneran zer diferentzia eta dibertsitatea den... ezin holako gauzak, lengoaia oraino usatu gabe batean, ezin behingoz halako perfektionean jar daitezkeela...». Alegia, orduko hizkuntzaren egoera zehatzak traba batzuen aurrean jartzen zuela. Gero, kritiko guztiek traba horiek ezin hobeki gainditu zituela aitortzen dute, miretsirik, harriturik aitortu ere, gehienetan. Horrela, Villasantek dio euskal literaturaren hasierako lan bat izateko, harrigarria dela noraino ematen duen bere hizkuntza normalizatua eta finkatua. Mitxelena urrutirago doa, eta esaten du bere testua irakurtzean inork sinetsiko lukeela «urte luzeetako jardun literarioak normaldu eta findutako hizkuntzan idazten zuela»; kritiko guztiek bere harridura erakusten dute, sinestezina iruditzen zaie, Erraldoi Bakartia eta horrelako ezizen bost durokoak paratzen dizkiote, baina azkenik denek men egiten dute Schuchardt-en iritziaren aurrean: «Leizarraga bera izan zen idaztean erabili zuen hizkuntza finkatu zuena». Zergatik, ordea? Hain zaila, hain harrigarria balitz pertsona bakar batek eta dozenerdi laguntzaile xumek traba horiek guztiak hain ederki gainditzea, zergatik ez da zilegi, eta are, arrazoizkoa, aurrekorik eduki zuela pentsatzea? Hori ez da burugabekeria, ezin daiteke txorakeria bailitzan albora utzi. Bestalde, Itun Berria, 1571koa izaki, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae baino aise berandukoagoa da. Hortaz, Leizarragak ezagutuko zuen, ezbairik gabe, eta hala ere bere aitzin-solasean «lengoaia oraino usatu gabea» dio. Orduan, nola usatu gabea, aurretik gutxienez Etxeparek usatu bazuen? Esaldia, nire iritziz, ez zen oso hertsian hartzeko modukoa, eta, beharbada, «Jainkoaren hitza isurtzeko lengoaia oraino usatu gabea» ulertzea zilegi izango litzateke, hau da, testu erlijiosoen lehen itzulpena, lehena bere klasean. Goñiren argudio horiek ez dute ezer balio, ez nireek baino gehiago, behintzat. Liburua aztertu ondoren baizik egiaztatu ezin daitezkeen hipotesiak, horixe dira.
Hoffman, alemaniar horren txostenarena dago, ordea.
Horregatik esan dut auzi honetan arrazoi pisuzko bakarra dagoela: aditu baten peritazio behar bezalakoa. Goñik dio Hoffmanek dioela... Zuk ikusi duzu Hoffman-en txostena?
Bistan da ezetz.
Egozkueri arnas-kolpe bat isuri zitzaion sudur zuloetatik, matrailak eskutzarretan bermatzen zituelarik. Bere aurpegiak Tomas Deuna berarenak bezain isla beatifikoa barreiatzen zuen.
Nik ere ez, ene haurra, nik ere ez.