Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—10—

 

Ezaren apartamentua hiria mendebaldetik bukatzen zen tokian zegoen, azken etxean; aurretik errepidea, ondoren ezponda altu samarra, suizidentzako ustekabeko amildegi ere bilaka zitekeena, hondoan trenbidea zegoela kontuan hartzen badugu; harantzago, azpila inguratzen eta ixten zuten mendi arre, umel, ilun eta berdeak. Apartamentu txikia etxeko goi aldean zen, eta bertako terrazan hiltzen zen eguzkia ohera baino lehenagoko azken printza, mendebalak ekarritako lehen euri tantoa bertan abailtzen zen legez; terraza hartan, non mendizko harresiaren bestaldeko bedatsaren kantua bezala larrazkeneko nostalgiak senti baitzitezkeen, ematen zituen ahalik eta ordu gehien Ezak, eguterak horretarako baimena ematen bazuen. Eta han zegoen orain, irratia piztuta, zigarroa erretzen eta Havana botila, erdi husturik erdi beterik baino gehiago, eskutik hurbil. Orduantxe husturik. Mahai txiki bat zeukan aurrean, eta mahai gainean ordurarte iritsitako anonimoak. Bost, denetara. Errepasatuak zituen goitik eta behetik, ezkerretik eskubira eta alderantziz, euren arteko harreman ezkutuen xerka, esanahi atzemangaitzen bila, ageriko hitz ukigarrien azpian klabea ezagutuz azalera zitekeen mezu argigarria aurkituko zuelako esperantzan. Finean amore eman zuen: asma zitzakeen mila —eta bat gehiago— ipuinez landa, ez zekien horrek guztiak zer esan nahi zuen, eta are, ez zekien nor zen gisa bitxi hartaz baliatuz laguntza eske ari zitzaiona. Ez baitzuen dudarik laguntza eske ari zitzaionaz, azken anonimoan, betiko testu ulergaitzarekin batera, lehengo harrokeriak eta sasi-mehatxuak alde batera utzita deblauki aitortzen baitzuen: laguntza behar dut.

        Irratitik gustokoa zuen programa entzuten ari zen. Erreka garden baten jauziaren antzera zitzaion ohiko hizjario eme sendoari, bestetan ez bezala, han eta hemen ilunguneak gaineratzen zitzaizkiola iruditu zitzaion: nahi gabeko marrantak, ezusteko dardara ia atzemanezinak. Bestetan baino laburrago, idorrago ari zen, musika kriptikoari tarte zabalagoak emanez. Ezak basokada bat Havana bota zuen edalontzira, eta beste zigarro bat piztu. Hainbakarren basokada zen, hainbakarren zigarroa. Tiro egiten zuelakoa antzezteagatik dolar bat eskatzen zion gerrilari batekin topatu zuen basoa, eta zigarroari zurrupada luzea sakatu zion, Beiruteko zerua aldenik alde zeharkatu zuen misil horietako batek eztanda egin zuenean. Zeru oskarbi eta laino hartan ere misilak usaintzen zituen, misil ikustezinak, egunero erosketak egitera joatean teilatu gaineko tiratzaileak burua irekiko ez dielako pakean bizi direla uste duten horiek sekula ikusten ez dituztenak. Zalantza da egiazko intelektualaren ikurra, munduaren aniztasunarekin bateragarria den bizigiro bakarra, eta zalantzatik baizik ez zaio berorri erantzunik ematen ahal. Jarrera manikeistetatik datozen segurantzia faltsuek fanatismoari irekitzen diote atea, edozein izpiritu kritiko fundamentalismoaren ukazio beltzenean amilduaraziz. Nazkatuta nago filosofoez. Jende klase guztiaz nago nazkatuta, egia esan. Dualidadearen ukazio intelektuala konpromezu gogorregirik ez hartzeko koartada ezin hobea den bezala, tanke errealei bidea irekitzeko modurik onena liteke. Gertuko kasko batean paratutako haizezko erroten hegalak marine-en helikopteroak iruditu zitzaizkion. Irratiko ahotsa Macchiavelliren Printzea-ko pasarteak irakurtzen zituen dorpeki. Zer ari zen Juandeaburre Errusian? Arte-obrak erosten, bakar bakarrik? Edozer zela, bistan zen Luciano Goñik ez ziola esango. Luciano... txakur puska galanta, Luciano. Bazegoen Errusian zer harrapatua... Plutonioa, heroina, vodka, Leninen kapelua, nik dakita... Manikeismotik iheska ibiliagatik, funtsean bi baino ez ziren desegiten ari den hondar gaztelura hurbiltzeko manerak, eta bistan zen Juandeaburre hura ez zela lagun hurkoaren onez bihotza kraskatuko zuenetakoa. Macchiavelli? Zergatik Macchiavelli? Halabeharra? Munduko haur gose hamikatuek protestazko hitz zatarrik batere gabe botatzen dute azken arnasa, neska hau beldurrez akabatzen dagoela egingo nuke, zergatik, ordea, zergatik Macchiavelli, zergatik egitea itsutasunetik, insidiatik ikurra eta manikeismoa leporatzea gezur biribilaren ziegan bizi nahi ez duenari, manikeotar bihurtuko naiz, zer arraio, erretzen dudan arrazoi berberarengatik, ibaiko izokina naizelako, tori milioi bat dolar, gerrilari herkidea, zure Kalashnikov-aren kantua isil ez dadin. Ibaiko izokina? Tori zure dolarra, gerrilari ausarta, egizak Kalashnikov-arekin apunte-itxura nire kameraren aurrean, Mendebaldeko egunkariei saldu ahal niezaien, eta topa dezagun berriro, gatazka berbera da, berdintsuak dira Beiruteko Hoteleko terraza eta Virgiliopolis gezurrezko honetako xume hau, egunero egin eta desegiten diren interesen matazaren araberakoa da, denbora kontua baino ez, beraz, dena putakumez beterik dago, milioi luzeko negozioa izan zitekek zerri horrena, hemendik bertatik berdin pentsa zezakeat mundua toki zoragarria dela edo bizitzeak ez duela pena merezi, planetako errege naizela edo artaldeak egotzitako gorotz-pikorrik ezdeusena, baina zergatik zegok horren beldurrez neska hau, kasik ez zaiok aditzen, hari meharra bihurturik du uhaitz naroa ohi dena, zergatik, gora ibaiko izokinok...

        Baina irratiko ahotsak eten zituen gogoeta hordituok, beldurrarekin edo gabe, mehar edo naro, baina garbi behintzat esaten baitzuen, eta larri:

        — Iulius exclusus e coelis, Soli Deo Gloria, Iulius exclusus...