Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—6—

 

Luciano Goñik jarrera ironiko eta erronkaria hartu zuen, munduko sirena kantuak maiz aditu, eta aditu ez ezik gainditu dituelarik, horrelako gauzen gainetik, oso gainetik dagoenaren antza.

        — Gezurra poeten lizentzia da.

        Koko Ezaren begirada Goñiren ziluetaren atzetik lerro-lerro eta etzanik hedatzen zen ardo bonbila basoan galdu zen; duda egin zuen Judasen musuaren errepresentazio ugarien errolda bat —Giotto, Durero, Van Dyck, Rembrandt, Altdorfer— errezitatzea edo botila bakoitzeko latinezko zita bat eskatzearen artean, San Martin eta deabruaren arteko kondaira horren antzera. Baina ez zuen ez bata eta ez bestea egin.

        Biak eseririk ziren aulki banatan, soto haren ardo-urrin hezeaz inguraturik, eta bien artean, zutik ezarririko upel txiki bat koroatuz, Chàteau Petrus kutxa zegoen, bere hamaika botilekin. Ezer esatea alferrik zela iritzirik botila bat atera zuen kutxatik, eta kolpe azkar batez botila-ahoa upelaren ertzaren kontra kraskatu zuen. Sagardoa zerbitzatzeko bezala ezarri zuen botila, baina azpian ez zegoen basorik, eta ardo guztia zoruko ur-zulotik desagertu zen.

        — Oliver Cromwell-en Parlamentuko eserlekua.

        Goñik burua lehengo lepotik segitzen zuen.

        — Oso ongi, oso ongi! —txalo egin zuen—. Gizon handia zara, ezta?

        Beste bi bonbilek lehengoak pairatutako patu berbera pairatu zuten. Goñi kezkatu egin zen lehen aldiz.

        — Koko, hi, Koko, ez duk...

        Laugarren botila oso-osorik birrindu zen zoruaren aurka, eta kristal apurtuaren zaratak amatatu zuen Goñiren esaldiaren bukaera.

        — Shakespearek Macbeth idazteko erabili zuen silioia.

        — E, Koko, Koko... Nahikoa da, ezta? Konforme, haserre hago, ulertzen diat bizpahiru bonbila apurtu izana, baina handik aurrerakoa erokeria...

        — Ana Bolenaren garbi-azpila! —aldarrikatu zuen Ezak bosgarren botila, zorura bota baino lehen, hatz erakusleaz seinalatuz. Kraskada mingarria entzun zen.

        — Ez! Itxoin!

        Oihuak geldiarazi zuen Eza, seigarren botila eskuan.

        — Ez, Koko, ez!! —Goñi arrenka ari zen, negarrez ia—. Erotu al haiz!!?? Oraindik sei gelditzen dituk!! Ez hadi ero izan!! Erdibanatu egingo dizkiagu!! Norentzat duk probetxu botilak horrela alferrikaltzea!!??

        Ezak ahotik heldu zion botila bati, eta inguruan begiratu zuen. Ontziak garbitzeko balio behar zuen harria, bere txorrota eta guzti, bi urratsetara baino ez zen. Botilaren hondoa hantxe kraskatu zuen. Nonbait metodo berria gustatu eta beste hiru xehetu zituen, bata bestearen ondoan.

        — Utzidak bat, sikiraaagghh!

        Goñik, zeharo onetatik aterata eta aparra zeriola besotik heltzen zion, txikizioari alto paratu nahian. Bere ahalegina, haatik, alferrikakoa gertatu zen, eta azken bi botilek aurreko laurek izandako fin berbera eduki zuten. Punperat etorri nahi zuten bi pilota zuri ziren Goñiren begiak. Desastrea itzulbiderik gabea zela ulertu nahi gabe, edo ulertu ezinik, zoruan belaunikatu eta esku ahurrez bildu nahi izan zituen ur-zuloak ñapurki xurgatzen zuen isurki beltzaren azken tantoak, bafada konprenigaitz eta oihu artikulatugabeen artean.

        Ezak irteerako bidea hartu zuen. Une batez ez zuela ezer esango irudi zuen, baina azken hitza eduki zuen Luciano Goñirentzat:

        — Ikasi beste hau hire errepertoriorako: Amicitia inter pocula contracta, plerumque est vitrea *