Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—6—

 

Batzuen astakeriak egiteko gaitasuna besteen beroriek estaltzeko abileziarekin baizik ezin daiteke konpara. Petroniok falta zuen zinismoaren agerpenik gorenenak eraginkorra izateko beharrezkoa duen hizjario labainkorra, oliozkoa, eta are, gutxieneko kultura, bigarren sailekoen artean egoteko, eta urteak aurrera ahala gero eta urriago biltzen zituen astakeriak —egiazko astakeriak, baina— egiteko behar ohi diren dohainak —ankerkeria eta oldarkeria, batez ere— lehen sailekoen artean nabarmentzeko. Eros-en bultzadak handiagoak ziren garaian behar den gutxieneko ankerkeriari imajinazio hein ez gutxiestekoak gehitu bazitzaizkion ere, Tanatos-en hurrenez hurreneko nagusitasunari esker jazarkeria agortu zitzaion emeki-emeki, eta, finean, onenak emanda zegoen torturaren praktika aktiboari dagokionean, ia behin-betiko tiroa emateko gauza baizik ez zela, eta hau ere gero eta gutxiagotan. Hala ere, Petroniok, bizi profesional arrakastatsu eta luzearen ondoren jubilazioa asaldura ekonomiko larririk gabe itxoiten zuena, jakin zuen bere burua birtziklatzen hori beharrezkoa zen une zehatzean, eta astakeriak egiten zituztenen zein beroriek estaltzen zituztenen arteko zubia egiteari probetxamendu nabarmena ateratzen zion, hainbat arlotan nabaritzen zen probetxua, gainera, zeren, modaren apetak asetzeko —klasikotasunaren barruan, beti ere— nahikoa diru biltzeaz gain, legea errespetatzearen eta demokrazia zaintzearen ondoriozko abantaila moralez gozatzen baitzen, eta, bide batez, piper pixka bat jartzen baitzion lanaren gazi-gozo horrerik gabe aspergarri gertatuko zitzaion bizimoduari.

        Nire ofizioan, pentsatzen zuen Petronio komisarioak, zezen munduan bezalakoxea da. Hareazko biribila garbitzen dutenak daude, eta zezen-atea irekitzen dutenak, eta... baina horiek ez dira inor, ez dira ezer. Pikadoreak badaude, baina horien gainetik dago oinezko pioi arrunta, eta zer esanik ez banderillak ongi jartzen dakien pioia. Eta guztien buru, maestroa, bere gisako erregetxoa, festaren erdigunea. Baina oker dabil maestroa dela jaun eta jabe uste duena. Horren gainetik beti dago zezenketa-presidentea, zezenketak nola behar duen uneoro erabakitzen duena. Eta horren gainetik, oraindik ere, diruduna, enpresarioa, alegia. Bakoitza zer tokitan jartzen den, hau da, non uste duen bere burua, besterik da. Eta Petronio, bere burua zenbaitzuetan pikadore ikusiagatik, gehienetan torero sentitzen zen, zezenketako protagonista. Zezenketa, zezena eta toreroaren arteko gatazka, izaki adimendun eta basapizti baten arteko borroka da, bi borrokalarietako baten irabaztearekin bukatzen dena. Zezena mendean hartu estetikoki toreatu ahal izan arte. Domingo Ortegak zioen faena hastean zezenari belauna jaitsiarazi behar zaiola; eta Manoletek erantzun: zuk belauna jaitsiarazi bitartean neuk sei natural eman dizkiot. Fakultateak galtzen hasten direnean, ordea, nahikoa lan faena burutzen, faenari nola eman zaion hasiera burmuina hausten egon gabe. Komisarioarentzat pikadore eta pioi onak izatea gero eta garrantzitsuagoa zen. Ezinbestekoa. Hortaz, Kubiburua kartzelatik libratu eta bergizarteratzeko aukera eman zion eguna momentuan uste baino are inbertsio onuragarriagoa gertatu zitzaion. Laguntzaileren bat psikiatrikogaien artean bilatzeak beti izan du abantailarik, ankerkeriaren dosi onik gaineratzen du, onuragarria gertatzen dena, jeneroa nola gobernatu jakinez gero. Kubiburuak zakurrarena txiki utziko zuen fideltasuna zion, eta urteetan zehar, betiko asaldatzaileek sustaturiko hainbat sumariotatik ia zigorrik gabe ateratzen lagundu ondoren, berau ia erabateko menpekotasun izpirituala zen. Kubiburua zigorrik gabe baina ukituta atera zen sumario haietatik, eta horri esker, erabat mantxatua ez baina susmopean atera izanari, hain zuzen, Petroniori errazagoa izan zitzaion jefeak komentzitzea bigarren mailako zezen plaza hartan utz zezaten, helburu handiagoetara gabe. Prestazio handikoa zen Kubiburua: basatikeriarik handiena egingo zizun hotz-hotzean, preziso izatera. Berotuz gero espezialitatearen katalogoa ia amaitezina zen, eta, justua zen aitortzea, horietako batzuk Petronio bezalako gizon zaildua zurbiltzeko modukoak ziren, batez ere «bezeroa» emakumezkoa izaki, «zerbitzua» duda-mudazko plazerra izatetik egiazko goza men-iturri bihurtzeko perspektibak izatera iristen zenean. Horixe zen bere arriskurik handiena beste ofiziokide zuhurragoen ondoan; ohiko espezialista bat, arrunta, buruz osorik eta behar bezala betea, estandarretatik hurbil ibiliko zitzaizun beti, hamarretik bederatzian helburuak beteko zizkizun eta afera ehunean behin baino ez zitzaion eskutik joango; baina lan benetan berezi bat egiteko gauza ere ez zitzaizun izango. Kubiburua, oinazea ez ezik, beldurra emateko gauza ere bazen, baita gizonik zailduenari ere. Lanak, Kubiburua kontrolatzen. Jakin egin behar.

        Petroniok, goiz hartan, lapur txiki defuntuaren lagun, ezagun, ohitura eta bizimoduaren gaineko ohiko txostena bildu ondoren, lanean hasteko asmoa zuen, eta horretarako konfiantzazko pikadorea, Kubiburua, alegia, eta oraindik hirurteko bat osaturik ez zeukan mozolo bat —hartarako jaidura erakutsia, beti ere—, hildako konfidentearen sukaldea apurtu zuen bera, bildu zituen. Putakume hura garbitu diagu, eskatu bezala, pentsatzen zuen. Orain liburua aurkitzea ez duk zaila izango. Ikusiko diagu, ondoren. Ideia hauei bueltaka zebilela, hizketan hasi zitzaien, praketako marra, belaunetik behera, berezko ibilbidetik pittin bat desbideratzen zela disgustuz baieztatzen zuen bitartean:

        — Ba al zenekiten XIX. mendean zehar hiltzen ziren hiru zezenketarietatik bi pikadore zirela!?

        Subalternoek argi bereizi zuten tonu mehatxukor eta haserrea, baina ez zuten ezer ulertu. Petronio bide konbentzionalagoetara itzuli zen, eta ukabilkada bat eman zuen mahai gainean.

        — Ederra egin duzue! Ederra, gero! Gobernadorea gozo zegoen. Ikerketa bat ireki nahi zuen. Ordubetez aritu behar izan nion aplakatzeko. Ez dakizue zer nolako egoskorra den. Kontuz ibiltzeko esan zidan. Zeuen berri baduela —eta ondoren, txostena mahai gainean ipiniz:— liburua hamabost egunetan edo ikerketa martxan jarriko da. Eta hala balitz, neronek ere ezer gutxi egiten ahalko nuke zeuen alde.