Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—2—

 

Koko Ezak poliki gidatzen zuen, begi bat aurreko errepide bihurrian eta bestea pagadi itzeleko alerik erraldoienek herabe erakusten zituzten kimu berdeetan, hitzetan nekez laburbil zitekeen berde kolorekoak, itxaropenari berari, bere sinboloa izateko, dirdiratsuegi eta xamurregi zen berde batekoak. Zorabiaturik zegoen berde hartaz, berdeegia zen titanlux ez izateko, ez zegoen ohituta. Hosto jaioberriez beteriko adar kulunkariek eta haize zirimolek zorutik, buruan gehiegi egositako grinak bailiren, altxatzen zuten orbelak ez zion eguzkiari apenas printzarik helarazten uzten umeltasunaren erresuma hartara, non uda beteko ekia ere ez zen egun erabatekoa ekartzeko gauza izango. Errepide ertzetako goroldioak kontrapuntu iluna jartzen zion berdeen sinfonia hari, pagoen arteko kareharrietan egon izan bailitzan baso bihotz hartan bertan herri heroiko haren protoarbasoek, orain milaka urte batzuk, lehen chromlech-ak, trikuharri, hilarri eta edotariko agerpen funerarioak egin zituztenetik. Milurteko goroldio eta pago horien artean batek, edozein bihurgunearen atzean, mamu burdinazko katedun eta guztiko gaztelu bat espero zezakeen, edo Palestinara borrokan egitera abiatzen zen kristau saldoa, azkon beltz, ezkutu eta armadurarekin, edo ziza erraldoi batetik ateratzen zen iratxo esnatuberria, edo odol eske abiaturiko banpiroa, agian. Ez zen horrelakorik, ordea, eta basoan barna hogei kilometro luze barneratuz gero, bihurgune itxi baten ostean, muinoko soilunean ikusten zena Aitorgoitiko monastegiaren horma gotikoak ziren, bere borroka epiko, tradizio zikin, eme zoragarrien kantu, adar-kontu —garai bateko adar-kontu trumoitsu horietakoak, odolez baizik garbitzen ez zirenak—, eta denborak atxikitako mila istorioren —gezurrezkoak gehienak baina, baten baino gehiagoren harridurarako, egiazko batzuk ere bai— zama pisuzkoarekin, egun, eta zenbait konkista, lapurreta, emate, lagapen eta zuzenbideak ezarririko beste lege-irudi batzuen ondoren, fraide teatinoek gorderiko komentua, basoeliza, gogoeta leku, eta desbideratuen babes bihurturikoa. Fama zenez, izpirituzko gauzetara konsakratutako tokia izanagatik, ez omen zen batere ez ohikoa beste zeregin askoz ere lurrekoagoetara dedikaturiko jendeak, eta ez deigarriak ez diren edo funtsik gabeak diren zereginetara, alajaina, aukeratzea komentua bere diferentzia likits eta mundutarrak erabakitzeko garaian, beti ere teatinoen laguntza interesik gabekoarekin, hauek printzipalen borondatetik eroritako amoina pitzar batzuekin nahikoa baitzuten euren burua ongi ordaindutzat emateko. Ziza alimaletik ateratzen ahal zen iratxoa egunkarien lehen orriko argazkia izatea suertatzen zela batzuetan, alegia.

        Ezak kotxea aparkatu zuen ate aurreko uharrizko patiotxo iturridunaren txoko batean, Volvo berri baten ondoan. Ez zen inor inguruan ikusten ateko krisketa itzelari eraginez deitu zuenean. Ezak aitortu behar izan zion bere buruari, tokiari zerion larderia izpiritualak inpresionaturik edo, gertuago zegoela belauniko erori eta aitortza eskatzera zita emana zion fraideaz, Europako XVI. mendeko literaturaz zekienarengatik ospetsua mundu zabalean, galdetzera baino. Krisketa joaldiaren ondoren, ordea, irekitzeko sistema automatikoek sorrarazten duten zurrunbilo-hotsa ezaguna belarriratu zitzaion, eta mundu ezagunari zegokion soinu arrunt horrek eraman zion baretasun apur bat bere barrualde inarrosiari. Ate erraldoia hasieran pentsa zitekeena baino hagitz aiseago ireki zen. Ongi olioztaturik zen, inondik ere. Ateaz bestaldean ezko usainezko ezkaratz txikia eta iluna zegoen. Albo batean, haatik, flexo baten argi bizia atzematen zen leiho txiki baten atzean, eta irratitik zetozen jaurtiketa bortitz eta jokoz kanpo egonagatik baliogabeturiko golen garrasi urragarriak. Grial Saindua gordetzen zuen hermanoaren zuloa zen, antza. Ezak keinuak egin zituen eskuaz, bularrean «Portland Trail Blazers» iragartzen zuen txandal batez jantzirik zegoen atezainaren arreta bereganatzeko, hermanoak bere taldeko hamaikakoan zeintzuk sartzen ziren jakin zuen arte lortu ez zuena. Ondoren Jaungoikoaren bakea urratzen ausartzen zen bekatariari merezi bezalako harrera egin zion, ezin disimulatuzko keinu desatseginarekin.

        — Zita daukat Bartolo Egozkuerekin —esan zuen Ezak.

        Atezainak goitik behera begiratu zion, ondoren Ezaren itxuraren xehetasun guztiak inoren aurrean ziren zirenean deskribatzeko azterketa egin beharko bailuen.

        — Ez dakit bazkal ondoko lo-kuluska ez ote den egiten ari —esan zion, gorputza telefono-deiak pasatzeko balio behar zuen botoi beltzezko panel baten aurrean makurtuz—. Nor zara?

        — Nire zain dago —erantzun zuen Ezak, behar baino azalpen gehiago ematea maite ez zuena.

        Hermano atezainak botoi bat zanpatu zuen, zapuzturik, eta etxe barruko telefono-hariak kudeatzeko balio behar zuten belarritakoak jantzi zituen.

        — Berehala dator.

        Ezak ez zuen Bartolo Egozkue ezagutzen, bere entzutea aspalditik bazuen ere. XVI. mendeko literatura jende arruntaren ohiko interesguneetatik oso urruti zegoen gaia izan arren, Egozkueren iharduera poligrafikoak, urte luzeak zirela, hainbestean behin egunkarietan tarte bat aurkitzen zuen, eta tantokako isuri informatibo horren ondorioz edonorentzat ezaguna gertatzen zen Egozkueren izena. Zertan aritzen den zehazki jakin gabe, jendeari galdetu eta edozeinek «A, Urlia!» erantzuten duen jeneroaren ordezkaria zen: noranahiko jakintsua noranahiko ibilgailuen garaian. Kulturaren gorabeherak pixka bat segitzen zituztenek bazekiten, baita ere, Euskaltzaindian tokiren bat hutsik gertatzen zen bakoitzean bera zela, beti ere, besaulkia betetzeko hautagairik aipatuena, pixka bat Hollywood-eko zenbait oscargai betierekoei gertatzen zaien antzera, besaulkia beste bati ematen zioten arte. Kultur munduan oso murgilduta zeudenek bazekiten —Egozkueren obra gutxi edo ezer ez ezagutuagatik ere—, besaulkiarekiko coitus interruptus horren atzean oso aspaldi Laffitte zenarekin izandako eztabaida dietetiko bortitza —oso bortitza, baina— zegoela.