Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—8—

 

Zenbaezina da ilunezko molekula batean sar daitekeen izu guztia, gauaren tripa hutsean haz daitezkeen munstroak zenbaezinak —eta zenbaezinak ezezik, kontagaitzak— diren bezala; makina bat itzal mehatxukor dakar lagun ilunbeak; gauaren denborarik ezaren ispilu aldrebes desitxuratzailean distortsionatutako izpiritu garrasilariak, gogoko hontza hegalarien gisara itzultzen diren irudi lauso, alderrai eta zemaikorrak, erabat gauzatu gabe airean desegiten direnak seta errepikakorrarekin osatzen hasteko berriro, kontzientziari arrazoi garbirik gabe halako batez, bizitzaren bihurgune batean, ebatsitako amets-pusketak arraso ezin uxatuak, zio baten eske itzultzen direnak. Sartzeko baimenik edo zita eskatzeko zergatirik behar ez duten mamu ukiezinak. Izuak bereganatua zegoen Margot, eta ez zuen apenas lorik egiten. Lo galduan zetzalarik, gogoa pakete misteriotsuan pausatzen zen. Hasieran uste izan zuen inor bila joango zela, eta ez zuen ukitu ere egin. Ondoren, pakete emailearen heriotza eta gero, jakinminak zuhurtziak baino indar handiago eduki zuen. Paketea kartoizko kutxa bat zen, egunkariko paper arruntaz bildua eta soka meharrez bildua. Papera urratu ondoren, kartoizko zapata-kutxa ireki zuenean, esku dardartiez, ez zekien zer aurkituko zuen, egia esan, baina edozer zelarik ere, erabatekoa eta betikoa, heriotza bera bezala, izango zelako ideia egin zitzaion. Horregatik, beharbada, bere ustekabea bikoitza izan zen, larru mehezko azalak zituen liburutxo zaharra, oso zaharra itxuraz, baizik ez zela ikusi zuenean. Liburua eskutan ibili zuen, ezer adierazgarririk aurkituko zuen esperantzan, liburuaren orrialdeen artean, apika. Alferrik. Ez zuen ezer aurkitu. Orduan irakurtzen saiatu zen, baina testua berak konprenitzen ez zuen hizkuntza moldean zegoen izkiriaturik. Garbi gelditu zitzaion gauza bakarra liburua baliotsua zela izan zen; ez zekien noraino baliotsua, ez eta zergatik ere
—akaso oso zaharra zelako, eta ez besterik—, baino balio handikoa behar zuen, gizon batek bere biziaz ordaindu bazuen eskuetan eduki izana. Artean Margotek ez baitzuen dudarik egiten horixe zela M.F.E.ren, Marceloren heriotza probokatu zuen arrazoia. Zer egingo zuen erabaki bitartean, puntu batean bederen ez zuen zalantza izpirik: edozer egiteko gertu zela hiltzaileei liburua eman ezik.

        Egunak ziren Margotek sentitzen zuela inor bere atzetik zegoela. Ez zuen frogarik, sentitu egiten zuen, bazekien. Etxez aldatu zen, nora eta norekin joaten zen neurtzen hasi zen, horrek ezertaz babestu edo libratuko bailuen, bere baitaren baitan, aitortu nahi ez izanik ere, bai baitzekien hala nahi izatera, aurkitu egingo zutela. Zutela. Nortzuek, ordea? Hori ere ez zekien, baina begibistakoa zen edonor izanda ere hagitz boteretsua zela, lortu baitzuen ez bakarrik konfidentea akabatzea, baizik eta, are zailagoa zena, hilketa istripuz maskaratzea eta inork ezer ez aipatzea jazoera latz horri buruz bazterrotan. Instantzia bakar bat ohi da horrelako krimen bat eginda gauzak era horretan antolatzeko gauza, eta kontzientzia bete horrek kateaturiko gogoetak sorrarazten zizkion. Beldurrago zen deuseztatua izateaz, zein gauza gutxi eta txiki zen aitortu behar izateaz, hiltzeaz baino, Akuilurekin mintzatu zenetik bazekielako —besteak hala iradoki zuen, behintzat—, Marcelori hil baino lehen sekulakoak eta bost egin zizkiotela. Egunez uste zuen Akuiluk bera beldurtzeko asmatua zela. Gauez ez zegoen hain seguru.

        Segitzen ziotelakoa, dena den, laster pasatu zen sentipen zehaztugabe izatetik gertaera egiaztatua izatera. Laster jarri izan ahal izan ziola aurpegia, alegia, bere jarraitzaileari. Aurpegiak: bazegoen luzoker buruko kankailu hura, zine mutuko terrorezko pelikula batetik aterata zirudiena, bazegoen kartoizko aurpegi horitudun txiki konkortua, bibotea eta guzti, hau gutxiagotan ikusten zuen, baina. Are, hirugarren bat ez ote zebilkion atzetik susmatzen hasia zen. Margotek indar guztiak helburu baten mesedetan biltzen zituen: berataz apoderatzen ari zen artegatasunaren kontra borroka egitearen mesedetan, azken honek gogoetarako gaitasuna deusezta ez ziezaion. Buru hotza behar zuen zer gertatzen ari zen jakin eta erabakiak hartu ahal izateko. Adibidez, Akuiluk zerbait bazekiela ematen zuen, nahiz eta justu kontrakoak albo batera lagatzekoa ez izan, hain zuzen; beharbada ez zekien ezer, eta denaren jakinaren gainean dagoenaren planta egiten ari zen, besterik gabe. Hori ez zen oso harritzekoa izango, Akuiluk pasatzen baitzuen egunaren erdia aire berriek zer ekarriko usnatu nahirik, eta beste erdia bera bezain adimentsuak ez zirenei bizitza esplikatzen. Zerbait jakitea baina okerturik egotea ere litekeena zen, Margotek ez baitzion kazetariaren analisi-gaitasunari aparteko irizten. Nola iritziko zion, bada. Inoiz, orain oso urrutiko iruditzen zitzaion iragan batean, sinetsi egin baitzuen berarekin, fede izan baitzien bere hitzei, ederki zekien Akuiluk zer eta noraino eman zezakeen. Guztiarekin ere, Akuilurengan gutxienekoa zen noraino okertzen zen edo bere hankasartzeen zenbatekoa; larriagoa zen estrapozo egiteak zer nolako mina eragin zion, zer nolako frustrazioa sorrarazi; nola jartzen zuen bere burua frakasatu erabatekotzat juzkatzen zuela. Akuilurekin ez zegoen giro, beti baitzuen, erantzun bakartzat, trufa odoltsu bat ezpainetan. Honezkero ezin zezakeen gorrotatu, bere mingostasunak pena ematen baitzion beste ezer baino gehiago.

        Gaueko ordu biak ziren eta Margotek konprenitu zuen bere egoeran ez zela gauza izango berriro lokartzeko. Hortaz, beztitu egin zen eta kalera abiatu. Zerbait irekirik kausituko zuen.

        Hamar minutuz ibili zen kale estu eta hustuetatik barna. Ez zen apenas inor ikusten. Katuren bat zakar-poltsetan jorraka. Gutxi gorabehera bere adinekoa izango zen begi iheskorreko uso heroinomano bat, izkinan. Berandu etxeratzen zen langile bakartiren bat. Gauaren anparoan edotariko ehiza bila ateratako gazteak, marrazokume haziak legez hirunaka edo launaka elkartutakoak. Eta bera zebilen tokitik ehun bat metrotara, hurbilago sekula ez, itzal luze bat. Urratsa azkartu, atzera begiratu, eta itzala han. Ia korrika hasi, kale kantoi bat, beste bat berehala, jiratu, eta itzala han. Aurre egitekotan egon zen, baina kemenik ez, beldurra nagusi. Ongi argitutako plazatxoaren erdialdea irabazi zuen. Inor ere ez zegoen. Erdialde hartatik plazara isurtzen ziren kale ilunek otso-aho hondogabeak ziruditen. Horietako batetik zigarro-muturraren sugar batek salatu zuen norbaitek ez zuela bere burua argitara erakutsi nahi. Plazatik oso hurbileko taberna batean bilatu zuen aterbe.

        Gero ez zekien zenbat denbora eman zuen han ba rruan, zenbat zerbeza edan zituen han zeuden Ma greb-eko etorkin eta gehiago edo gutxiago ezagutzen zuen hainbat jenderekin. Tabernariak bota zituenean ezagunetako batek etxeko atariraino lagundu zuen.

        Giltza sarrailan sartzearekin ezaguna agurtu zuen, lasaitasuna berriz eskuraturik. Atarian sartu eta ezker paretako interruptoreari eragin baino lehen esku indartsu batek ahoa estali zion, besteak gerritik heltzen zion bitartean.