Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
Aurkibidea
I kapitulua: Soli Deo Gloria
II kapitulua: Iulius exclusus
III kapitulua: In vino veritas
IV kapitulua: In vino disertus
V kapitulua: Sobria ebrietas
Epilogoa
8
Ezagutu duzu ahotsa?
Ezaren lepoa hondoratu zen bizkarren artean, galderaren erantzuna ezezkoa baino ezin zitekeela izan adierazi nahiean.
Nolakoa zen? Pitzatua, zemaikorra? Zigarro pila bat erre ondoren ozpin trago bat edan izan balu bezalakoa?
Bai, horrelakoxea esan zuen Ezak, jerez ozpina edo sagar ozpina ote zen galdetuko ez ziolako esperantzan. Komisarioa dela esan dit, behintzat.
Orduan bera da, Petronio.
Neskarekin hitz egin ahal izan dut; bon, hitz egin baino, ahotsa entzun diot Ezaren betarteak, nekatua eta ajeak jotakoak egonagatik, aspaldi ez bezalako atsedena islatzen zuen, hori asko ez bazen ere, eta Margoten ahotsa entzun ahal izana ez bide zen atseden horren arrazoirik txikiena.
Ongi al da?
Putakumeka ari zitzaien.
Ez da oso jarrera zuhurra.
Badakizu nolakoak diren oraingo gazteak.
Zein da tratua?
Neska liburuaren truke.
Egozkuek konpaktoaren bolumena igo zuen. Aitorgoitiara heldurik, hermano atezainak zuzenean bidali zuen Eza Egozkueren gelara, eta han, iritsi zelarik, Aida katxarro horrek ematen zuen ahalbide ia erabatekoan entzuten ari zela ikusi zuen, ero itxuran, eraldaturik zirudiela, bere Tabor mendi partikularrean bailegoen. Ahots betean ari zen, ezin ezkutatuzko sentimenduaz:
Una larva orribile fra l'ombre a noi s'affacia... Trema! le scarne braccia sul capo tuo levó... Tua madre ell'è... ravvisala... ti maledice... *
Une batez esan behar ziona entzuteko beste buru-gaitasunik izango ote zuen zalantza izan zuen, baina bere beldurra funtsik gabea suertatu zen; Egozkuek, Eza ikusi bezain pronto, bolumena jaitsi eta arestiko elkarrizketa azkarra eduki zuten. Berau bukatu bezain pronto, bolumena berriz igo eta lehengo piura eraldatua, lurretik kanpokoa hartu zuen:
Non sei mia figlia! Dei Faraooooniiii tu sei la schiava! **
Ezak ordu luzeetan metatutako tentsioa askatu zuen, nerbioen kontrola galduta, eta apaizari sotanaren paparretik heldu zion:
Egozkue! Jainkoarren, Egozkue!!! Uztak opera puta hori behingoz!!!
Egozkuek kristauen bertuteei buruz egiten zuen bere gisako interpretazioan ez zen sartzen beste matraila askotan jartzea, ez eta edonork astindua izatea. Beste edozein egoeratan ez zuen Ezak eskuak gainean paratzea onartuko; baina hain zen egiazkoa, berezkoa, erakusten zuen zorabioa ezen Ezaren keinu bortitzak ustekabean harrapatu baitzuen, haserretzeko betarik eta asmorik gabe. Zegoen hodeitik errealitate ukigarriagoetara jaitsi zen, bederen.
Lasai, gizona, lasai. Zer dugu, bada?
Petronio komisarioak, edo dena delako horrek, neska liburuaren truke esan du, eta horixe egin behar dugu minuturik galdu gabe, trukea prestatu, aditu!?
Et, et et et... Polikiago, gizona Egozkue erreakzionatzen ari zen, eta bazirudien orduantxe hasten zela hartzen bestearen aire erronkaria ordurarte, esan gabe bazen ere, elkarren artean finkatutako hierarkiaren mailak irauli nahi izatea legez. Liburua ez da komentu honetatik aterako, kosta ahala kosta.
Eza bere baitan bildu zen, oldarra prestatzen duen zezena bezala, eta zer pisuzkorik edo ebakitzailerik bilatu zuen inguruan, komentzitzeko argudio gisa. Egozkuek pistola bat atera izan balio horrek ez zukeen bere oldarra geraraziko. Mihira etorri zitzaion mehatxurik bortitzena jaulkitzeko keinua egin zuen. Egozkuek, aldiz, kasu handirik egin gabe esku bat paratu zion lepo gainean, egoera bortitzegi bihurtu baino lehen.
Esan dut liburua ez dela komentu honetatik aterako. Ez dut esan neska libratuko ez dugunik. Ez gaude horren etsituta.
Zu ez beharbada, ni bai, ordea!!
Errekurtsoak badauzkagu. Fio zaitez. Behar bezala erabiliko ditugu.
Egozkue, ezin dugu denborarik alferrik galdu.
Ez. Zuretzat, ordea, hamar segundu galtzea zerua zure buru gainean amiltzea bezalakoa da, une honetan. Ni buru-hotzagoa nauzu, eta badakit oraindik erraz gal genezakeela pare bat egun. Neska libratuko dugu, eta liburua ez da hemendik aterako. Ikusiko duzu.
Bai!? Ezak lehen aldiz pentsatu zuen seriotasun guztiz apaiza zentzumena galdurik zebilela, eta beldur zen. Nola, bada?
Petronio komisarioa ez da, afera guzti honetan, hirugarren mailako makarra besterik, pisu askorik gabeko petral bat baino ez, lan zikina egiten duen morroia. Mina, min fisikoa, alegia, eragin dezake, baina besteren aginduz, beti ere. Besteren aginduz edo bestek ez ikusiarena egiten dutenean. Guk gorago joko dugu. Petroniok negoziatu nahi duela? Ongi da. Baina ez dugu berarekin bakarrik negoziatuko. Kasik esateko nago negoziazioa berak bere mutur zikina batere azaltzen ez duela egin litekeela... Baina, bai, neska bere eskuetan dago, etor dadila Petronio ere. Margot libratzeko eta liburua ez galtzeko, ordea, negoziazio, nola esan, osoagoa egin beharko dugu; etorri beharko dute, adibidez, Gobernadorea, Barne Ministroa, Kultur Ministroa, bertako oposizioko ordezkariren bat...
Bai, eta EEBBetako lehendakaria, eta...
Ez duk sinesten apaiz xume honek horrelakorik lor dezakeenik, ezta?
Jakin nahiko nola, bederen.
Badira moduak. Nork bere aldetik puska jartzea, horixe baino ez da. Zuk ere bai, noski.
Nik!?
Zuk neska libre ateratzea nahi duzu, ongi dago hori, zure goren mailako jendetasuna eta altruismoaren erakusgarria da, noski... Baliteke, ordea, bestelako interesik ere edukitzea, hain zuzen ere, hain altruismo orokorrekoak ez direnak, ni eta nire kondiziokoak goza ezin gaitezkeen plazer klase guztiz mundutar batekin loturikoak, emearen xarma eta tirazoarekin zerikusirik dutenak, zabarkeria barkatzen badidazu emearen usainarekin zerikusia duketenak...
Buka dezagun, Egozkue. Zer nahi duzu?
Neska zuretzat eta liburua niretzat.
Neska libre utzi liburuaren truke, esan nahi duzu, noski. Ongi. Baina otso hori harrapatzea ez da erraza izango.
Badira metodoak, esan dut lehen.
Bai, jakina.
Bilera bat egingo dugu hemen bertan, Aitorgoitian. Barne eta Kultur Ministroak etorriko dira, komisarioa eta bera bezalako konpartsa batzuk ere bai.
Noski.
Ezetz? Pertsona oso berezi bat etorriko dela esaten diegunean ezin izango diote gure proposamenari ukorik egin. Pertsona hori nor den? Florencio Juandeaburre, jakina.
Dakidanaren arabera, mundu erdia bilatzen ari da Juandeaburre, eta Interpolek berak ez omen daki non dabilen.
Bi egun apaizaren begiek dirdir egiten zuten. Bi egun eta hemen izango dira guztiak, Juandeburrerengandik hasita.
* Espektro izugarri bat ageri da itzalen artean... Dardar egizu! Haragirik gabeko besoak altxatu ditu zure buru gainean... Zure ama da... ikusi... madarikatu egiten zaitu!
** Ez zara nire alaba! Faraoien esklabua zara!