Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—5—

 

— Guretzat azken balantzea positiboa baizik ezin daiteke izan: ezin esan dezakegu ministroaren erortzean oso lehen mailako papera jokatu dugunik, baina hala gobernadorearen dimisioak —hein handi batean gure proposamenei esker aurrera eramana—, nola Fundazioko zuzendaritzan ordezkari bat sartzeak gure posizioak tinkoagotu egin dituzte; ez dugu ahaztu behar, bestalde, bileran parte hartu ahal izana bera ere arrakastatzat har dezakegula, asuntu honetan noiz, nola sartu garen eta jokatzeko geneuzkan baza ahulak aintzat hartzera.

        Aurpegiko muskulurik sekula mugitzen ez zuen politikaria exekutibarako txostenaren irakurketa bukatzen ari zen gainerako kideen aurrean, zeinek, orokorrean, ikara guztien galeria batetik ateratako esperpentoak baitziruditen. Disimulu-klase guztien maisuak, ziri-sakatzaile apartak, gezurrontzi ez nolanahikoak ziren, gauza bat esan eta beste bat egiten ohituak, Megarica-ko biztanleak bezala. Giroa asetasunezkoa zen, umore onean zeuden. Adinez aurrera joandako gizon batek, hauteskunde kanpainetan parte hartzetik apartatu zutena jendaurreko ekintzetan haur guztiek, bera ikusirik, negarrari ekiten ziotelako, hitza hartu zuen:

        — Badago alderdi kezkagarri bat, txostenean gehiegi ukitu ez duzuna: zer dago liburuaz?

        Hieratikoak zalu eta bizkor eman zuen arrapostua; izan ere, galdera ezinbestekoa zen.

        — Nire iritzi eta aholkua da giroa prestatu behar dela liburuak iritzi publikoan eragin lezakeen ondorio negatiboei aurre egiteko. Izango da hor nonbait buru on pare bat horretaz arduratu dena.

        — Ongi da. Baina Madrila joaten bazara gaia pixka bat lantzera ez da gaizki etorriko.

        — Eta zer egingo dut nik Erroman —galdetu zuen besteak ustekabeko umorezko ateraldi batez—, gezurrik esaten ez dakit eta?

        Juvenalen esaldia entzunda, algaraka ekin zioten, esaldia Juvenalena zela batere ez jakin arren. Gauza miresgarria baita Erromako azti errai-irakurle batek beste azti batekin topo egin eta barre egiteko gogoari eusten ahal diezaion.