Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

38.

 

 

 

Negar egin nuen, Polly. Eta ez dakit komunean zenbat denbora eman nuen zuek alde eta gero ere. Hamar minutu. Hogei. Ordubete. Ez dakit. Ze, nire buruan, multiplikatuta eta bata bestearen gainean akonpasatuta ari ziren gertatzen ordura arteko pentsamentu guztiak. Geroago ta bizkorrago, bizkorrago, bizkorrago. Eskolan aldapeko sagarraren hiru ahotsetara eta kanonean kantarazten zigutenean lez. Aldapeko sagarraren. Aldapeko sagarraren. Aldapeko sagarraren. Baina letraren amaierara sekula ailegatu barik.

      Irati Barrainkuari laguna ez da esaten entzuten zintudan, behin da berriz, baina, ikusi, niri ilea usaintzen ikusten zintudan. Bizkaibus bat geraraziko dugu, esan zenidan. Udaletxetik txosnetara bitartean, esan zenidan. Karrozak igotzen direnean, esan zenidan. Baina laguna ez da. Ez da. Ez da. Bueno, esan zenidan, guk ez dugu geraraziko; gu bidea zaintzen egongo gara, ni goiko rotondan eta Irati behekoan, mutilek, zera, ekintza amaitu arte. Ze ekintza ta ze ekintzo, tia. Ze ekintza ta ze ekintzo. Niri egin berba normal. Baina laguna ez da. Ez da. Ez da. Irati Barrainkua entzuten nuen zuri lianta bat nintzela esaten, eta zu autobusaren gainera banderola ta bengaladun solidario bi igoko zirela niri kontatzen. Kontatzen ez, txibatzen. Ze gauza horiek ez dira kontatzen, koņo.

      Kontatu izan ez bazenizkit, ez nituen buklean erreproduzituko. Ez nintzen komunetik determinazio harekin altxatuko. Eta ez nintzen forjetako telefono kabinaraino joango. Gauza haiek kontatu izan ez bazenizkit, ez nuen zipaioetara deituko, Polly.

      Deitu egin zenien orduan? Bai. Banekien, eske banekien. Baina segituan damutu nintzen, benetan: etortzen imajinatu nituen, furgoietatik jaisten, zu eramaten… Eta, derrepente nahi nuen gauza bakarra goiko rotondara igotzea zen. Barkamena eskatzea. Zu erreskatatzea. Maitezaitut. Neukerebai. Eta elkarrekin eskapatzea.

      Deika aritu nintzaizun, eten barik, baina zuk ez zenidan hartzen eta nik banekien oinez joanda garaiz iritsiko ez nintzena. Aldats goran eta korrika aguanterik ez daukadalako. Eta, aparte, edanda nengoelako. Eta, ez dakit zelan, baina lokaletik pasatzea otu zitzaidan. Baten bati motorra hartu eta zure bila igotzea. A toda ostia. Baina motorra barik, kotxea suertatu zitzaidan parean. Kasualitatea izan zen, Polly, kasualitate puta bat: Olaberen Saxoa, lokalaren aurreko azeran, musika ta giltzak ipinita. Gol. Bera barruan zegoen. Barruan, lokalean esan nahi dut. Pasa-pasa eginda. Eta ez ninduen kotxea hartzen ikusi.

      Sekula ez naiz hain urduri egon, tio. Akordatzen zara Speed-ekin? Speed pelikula. Sandra Bullock esplosiboz beteriko autobus bat cien por hora gidatzen. Ezin zuen frenatu, ze abiadura jaitsiz gero, eztanda egingo zuen. Ba ni berdin. Baina kotxe tuneatu batekin. Eta Los Angelesen barik, Berrizen. Ni azeleratzen, Polly. Eta kuadrillak eta karrozak, geldi, udaletxearen aurrean. Ez naiz iritsiko, joder. Oier Narbaiza kapotaren gainean jesarri zitzaidan. El que no pite, no pasa. El que no pite, no pasa. Rugbilariek inguratu egin ninduten. Eta nik martxatrasari eman nion, beheko zebrabideraino; zeuk esanda nekien Etxeba ta beste bi solidarioak ikastola zaharraren hirugarren pisutik udaletxea ta errepidea zaintzen egongo zirena, eta pentsatu nuen: a tomar por culo. Azeleratzen hasi nintzen eta, ikastolaren pare samarrera ailegatu nintzenean, bolantea jiratu nuen: hau zeugatik, Polly. Begiak zarratu nituen. Eta udaletxearen beheko parteko harresiaren kontra estanpatu nintzen.