14.
Iluntze hartan, ordea, atzamarrak harrapatuko nizkion belarria atearen bestaldean ipinita sentitu nuenean. Galdetzen diot ea zer nahi duen eta sukaldera jaits nendila berak, tia Mila ta Alesander etorri zirela.
Dosi txikietan baino ez dut toleratzen bakardadea, badakizu, eta telenobeletako aktoresa txarrik onena lez altxatu nintzen ohetik, ez-dut-inor-ikusi-nahi-baina-ikus-nazaten-nahi-dut. Gizajoa hilabeteetan dago etxetik irten barik. Alesander. Lacosteko krokodiloa tatuatu zuen paparrean, no me jodas. Eta ez dakit sasoi batean ze mierda sartzen zuen, baina markadoreak buelta emanda geratu da; Manchester Unitedeko imitaziozko txandal inpekable batekin eta poltsa bete Red Bulekin zihoan belodromorantz azkenengoz topatu nuenean eta inteligentzia artifizialarekin diharduen enpresa korear batentzat lanean hastear zegoela esan zidan. Eta, tia, nik Agarreko sukaldean ikusten nuen, ikusten dut oraindik, hamabi urte biguntxorekin paparretik eskegita daraman Athletic-eko riñoneratik Pokemonen kartak banan-banan ateratzen: alderdi bietatik gainbegiratzen ditu, amak ikesidazu, ikesi, esamiñetarako esaten dion bitartean, ikesidazu umekerijjak itxitte.
Aditz guztiak bikoiztuta eta beraganantz plegatuta hitz egiten zuen tia Milak: jaidazu jan bizkotxo zati bat, neska; begittuidazu begittu periodikuen, telebisiñuen ze pelikula dauen. Goi Gerlariek eta zuk kartelak pegatzeko erabiltzen zenuten zelo potoloarekin itxiko niokeen ahoa. Edo begiak neure buruari: bat, bi, hiru, kalabin-kalabera! Eta atzera zabaldutakoan, sukaldea paralizatuta lez aurkitu. Beda harraskan, ur txorrotada kristalizatuari hatz erakuslearekin tenperatura hartzen, Alesander Arantzazuko egutegiaren azpian, kolko bete karta eskuetatik noiz eroriko, eta tia Mila ahoa zabalik, besoa niganantz luzatuta platerkada bizkotxori airean eusten.
Gaztiena ta gastauena, esaten zion Largok. Eta amamaren ahizpen artean gogaikarriena zela eta ea beste zereginik ez zeukan zapatu-domekaro Agarren sartuta Marie Brizarra edaten egotea baino. Baina Milari Largok inporta zion neuk esango dizut zenbat: batere ez.
Erdi jostuna zen, erdi zaintzailea, erdi sukaldaria, erdi garbitzailea. Dena erdizka eta erdi dena. Erdi ezkongabea. Erdi dibortziatua. Erdi alarguna. Erdi ama. Esan nahi dudana da ama-semeak emateko baino urte gehiago ateratzen zizkiola Alesanderri, baina amona-bilobak emateko baino gutxiago. Pasatu izan zait burutik neu ere berea ez ote naizen. Ze, zuk Aída telesaileko Eugeniaren bertsio jeltzaletzat zeneukan arren, nik neure buruaren antzak hartzen nizkion gauza askotan: begiak lapitz urdin-diskotekero batekin pintatzen zituen, barrutik eta txarto, barre antzara-loken moduan egiten zuen eta erre karreteroek baino gehiago.
Total, tiaren irudi konjelatuari begira nagoela, atximurkada bat igartzen dudala garondoan: tiak bizkotxo platera jaitsi du, Alesanderri eskukada Pokemon eskapatu zaio belaun-artean behera eta amamak gorrituta atera du atzamarra ur berotatik. Jiratzen naiz atzerantz eta hantxe osaba Aitor, bere bertsiorik badaezpadakoenean: Basetxeako castingerako erosi zuen kamiseta zuri estuaren barruan urrezko katea markatuta, mohikanari arantzak aterata eta sudurreko ileetaraino desodorantatuta. Itxiko dostek sartzen, ala? Neskei dosten, koño, dosten. Presaz apartatu nau, etxeko sukaldera bezero fijoa tabernara lez sartu eta ugazabandreak noiz zerbitzatuko mahaian esertzeko. Zelan ba hain guapo? diotso tiak. Lemoara noie.
nonera zihoan, Polly, hain justu nik momentu hartan egon behar nuen lekura, milurteko parranda egiten ari zen peña guztia ez bezala etxean geratu izan ez banintz.
Ni hiperbentilatzen, amama kafesnea ateratzen eta osaba Aitor tia Milari s-ak markatu-markatuta koplak kantatzen: cada ves que te veo se me enderesa, cada ves que te veo se me enderesa, la punta del pañuelo de la cabesa. Tia barrez lehertu beharrean, Alesander soinu guturalak eginez Charmander eta Bulbasaurren kartak enfrentatzen eta ni hiperbentilatzen. Ni sukaldetik irteten. Ni etxeostera joan eta, kobertura harrapatzeko, nire Nokia arrosa, teklak argitzen zitzaizkion hura, naufragoak bengala lez alderik alde astintzen. Zuri deitzen. Perdidak egiten. smsak bidaltzen: jn naitk zre etxra lo itn? Knt. Prdidak ikustn bdtuzu deit o knt. Knt. Knt. Knt.
Inuzentea ni, estaldurarik gehien hantxe zegoelakoan, sagarrondo baten adarretik kordel bat eta kordeletik mobila zintzilikatuta, zure mezuak noiz sartuko itxaroten. Zigarroari tiraka. Itxaroten eta tiraka, arbola-artetik Enbra eta korearren aliatugaia agertu zitzaizkidan arte: utziko letrak erretzen? Eta esku-eskura eman nizkien; gelditzen zitzaizkidan lau-bost piti pakete ta guzti Alesanderri, eta argumentu agorrezin bat tia Milari semea neuk drogazaletu niola aurpegiratu nahi zidan bakoitzerako. Nahiz eta Kit Kat puta bat ere sekula pasatu ez nion. Nahiz eta takillara txiza egin zion sunormalaren motorrari gurpilak zulatu genizkion Adrik eta biok. Ala enkaputxatuta zurelagunak bakarrik ibiltzen zirela uste duzu ba?
Tia, zre etxrntz noa. Prdida1 ing dzut ailgtzn nznean.