26.
Hiru-lau egunean lorik egin barik egoteraino estutu nuen neure burua ondorengo astean. Dantzetatik eskapatu izan ez banintz ere, itzularaziko ninduten Agarrera seguruenik, baina duda, Polly. Duda puta hura barruak jaten, institutuko pasilloetan Aitzol, bere itsumutilak eta Maribe Irigoras ezin saihestuta nenbilen bitartean.
etak su-eten bat iragartzen zuen bakoitzean dezepziotxo bat kudeatu behar izaten zuen herritar anonimoetako bat nintzen sasoi hartan. Ez txarto ulertu, e? Alde-alde egon barik jarraitzen dut eta. Ez alde-alde, ez kontra-kontra, eta gaiaz hitz egiten dudan bakoitzean kotxea bitarte estuegian sartzen ari naizelako sentsazioarekin, m.g.b. mundu guztia bezala. Autoeskolako Rafik linean aparkatu ezinik genbiltzanean zulotik irteteko errepikatzen ziguna egingo dudala, alegia: marcha atrás y volante al bordillo. Esan nahi nuena zen su-etenak ez zetozkidala ondo, lantzean bonba-abisu faltsuren batekin deitzetik aparte, instiari aportatzeko ezer gutxi neukalako. Eta ez borondate faltagatik. Irakasleek trimestrero azpimarratzen zioten amari, baina borondate faltagatik ez zen. Hamasei urte inflamable neuzkan, joder. Eta pinadi sikuz inguratuta bizi nintzen. Benetan ez zuen inork aurreikusi gertatzear zegoena? Ze, nik begiratzen dut atzera eta pentsatzen dut: inebitablea zen.
Zuk bazenekien eskola orduetan lokalera jaisten hasita nengoena, Bedak bazekien etxean bere Dormidinekin eta anis botilarekin kolokatzen nintzena eta, jakin, neuk ere banekien ordurako zenbait pultsio gain hartzen hasita neuzkana. Jakin edo. Jakitea arrazionalagoa da, nik pertzibitu egiten nuen tartean behin argia joaten zitzaidala. Joan eta etorri. Milesima batzuk. Zerbait egitea eta derrepente esatea: neu izan al naiz? Institututik bueltan ohe gainean ahuspez etzan eta potxorra haragi bizitan utzi arte masturbatzea, Polly; prakak ipurdipean nituela zutitzea eta pentsatzea: ostia, min egin dut. Deskonexio klase hori.
Zurea diferentea zen.
Zuk mugikorra amatatzeko ohitura hartu zenuen, Goenkale ikusteari utzi zenion eta ezin-dizut-kontatu batekin zarratzen zenizkidan martitzen iluntzeetako atzera-aurrera semiklandestinoei buruzko konbertsazioak; bost urteko ume bat ematen zenuen, berba baju egin nahian, egin nahian, normal eginda baino ozenago entzuten zitzaiona. Eta ez diotsut izorratzeagatik, halaxe zelako baino. Zuk arbelean Euskal prezoak Euskal Herrira zetarekin idatzi nuela esan zenion Irati Barrainkuari eta nik ez dakit zergatik ez nizun zure guaiota moño hori artazikada batekin moztu enteratu nintzenean. Lotsagatik, imajinatzen dut. Neu lotsatuta. Eta zu? Zu ez zara lotsatzen, tia? Follatu al duzu inoiz ortografia akatsak egiten dituen inorekin? Esan. Badaukazu lagunik ortografia akatsik egingo lukeenik? No hay más preguntas, señoría.
Beti esan nahi izan dut hori, señoriarena. Eta beste gauza bat ere bai, soltatu naizenez gero: uste duzuna baino lehenago ta sarriagotan liatu nintzela Etxebarekin. Hau bai esaten dizut izorratzeagatik.