Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

2.

 

 

 

Kontua da ez nengoela amamak sumatzen zuen moduan kotxearekin bazterra jota, ez oraindik; izen inpronuntziablea zeukan errekondo batean etzanda nengoen Adrirekin, bera tripaz gora eta buruz behera ni, eguzkitan sikatzen ginen bitartean elkarri dedoak eta pajak egiten. Egiten edo. Ze Olabe zelatan geneukan uretatik eta ni ez nintzen korritzen: esaiozu ez begiratzeko, ostia. Baina Adrik berera jarraitzen zuen, eta nik… Zer nahi duzu esatea.

      Gaur da eguna, Adriri buruz berbarik egin ezinik jarraitzen dudana, ze, egitekotan, zurekin egingo nuke eta zuk agurtu ere justu-justuan egiten nauzu. Baina, niri, gurutzatzen garen bakoitzean egiten dit salto pilotu automatikoak eta zu ta bion artekoak vhs bat errebobinatzen ari banintz bezala ikusten hasten naiz, abiadura bizkortuta eta irudiak zerrenda zurizka batekin erdibituta: ni pinu-adarretik garezurra kentzen eta lur-hautsa, behetik gora, zure eskura itzultzen; behor-hezurrak airean, osinetik gure besoetara eta gure besoetatik Largoren tratorera; zu ta ni tratorera bizkarrez igotzen eta Largo pinadietan behera atzeraka gidatzen, Largo Agarreko tejabanaren aurrean aparkatzen; bizkarrez jaitsi gara erremolketik eta bizkarrez ari gara eskuetara hegadan datozkigun saihetsak eta bertebrak atartera banan-banan eramaten.

      pause. Oinetan dauzkagun gorpuzkiei begira geratu gara: ez dakigu atal bakoitza nongoa den; ez gara ados jartzen. Zuk Gadget inspektorearenak egiten jarraitu nahi duzu Largok etxepeko zelaitik desenterratu duen hezur piloarekin, eta nik bota egin nahi ditut ja.

      Ni beti izan naiz gauzak berotan egitekoa, pin, pan, toma lacasitos.

      Niri ematen didazu kilo erdi hueva eta birritan pentsatu barik irensten dizut lau-bost jogurrekin. Nik ikusten ditut Adri ta Olabe mahai gainean dauden tiroen hondarrak hatz puntarekin batzen eta miazten, eta esaten diet: baietz zuek utzitakoak ere jan. Niri esaten didate ez daukazu potrorik, eta seigarren jogurra zabaltzen dut; hozkailuko gorengo arasetara justu-justuan ailegatzen nintzenean ere, binaka astintzen nituen Yoplaitak azpian zuloa eginda tragoan edateko. Zer uste duzue.

      Zuk ez. Zuk koilararekin jaten zenituen eta zuzendu egiten ninduzun jogur de natural esaten nuenean; ez dator harira, baina niri akorduan geratzen zaidan detaile klasea zein den jakin dezazun. Ze, nik jakin nahi dudana da, txakurradak kolkoa bete hatxisekin harrapatu izan banindu, zer egingo zenuen. Ala jaustear egon den bakarra zeu izan zarela pentsatzen duzu oraindik?

      Demagun Tarifatik gora gentozela autobusean eta geldialdi bat egin genuela. Demagun ezin izan niola kakalarriari eutsi. Demagun sujetadorean gordeta nekartzala komunzulotik berreskuratutako arrautzak. Demagun pikoletoak sartzen direla busean. Pastor holandes batekin, demagun. Autobusetik jaitsarazi eta katxeatu egiten nautela. Komisariara naramatela. Zer egingo zenuen, pegatak nire jetoarekin? jone etxera. Ala pintadak gure portalean gamelu baten siluetarekin? Esan. Ze ez daukat batere argi.

      Horrexegatik errebobinatzen ditut etengabe gure joan-etorriak, gaurtik eta basoan pinu bolak batzen ibiltzen ginen arratsaldeetara arte: batzuetan, behorraren kaskezurrari egin nion lez, atzamarrak begi-begietatik sartuko nizkizukeelako eta, besteetan, errudun sentitzen naizelako. Baina, batez ere, hau guzti hau buruan kabitzen ez zaidalako, joder, elkar bistaz bakarrik ezagutuko bagenu bezala gurutzatze hau;  maitegorroto genuen Barbiari lez bata besteari burugaina zuritu arte ileak astiro ta amorruz arrankatzen aritu behar hau. Eta, onen-onena, agurtu ere ez egitea litzatekeela pentsatzen dut. Baina, era berean, gutxien uste dudanean konbertsazioa emango didazula iruditzen zait askotan: oposizioak atera ditut eta Ermuko institutuan eman didate plaza. Eta nik: ah, bai? Eta zuk: bai. Eta nik: zorionak. Eta zuk: zeu non zabiltza, ba? Eta nik: etbra bueltatu naiz, ebentual, baina nahiko ondo. Konbertsazio klase hori, Polly. Ze, zu ta biok, zu ta biok gara, koņo. Edo, behintzat, izan ginen. Ez?

      Esan nahi dut, zuk neure zenbakia zenekiela buruz gurasoenaz eta zure izekoren batenaz gain, eta nik zeurea edukitzen nuela beti azkenengo hiru deien artean; zuk neuri deitu zenidan hilekoa lehenengoz jaitsi zitzaizunean eta nik zeuri deitu nizun, Marruekostik bueltan, etxeko sarraila aldatuta topatu nuenean: baserrira bidaliko nauela esan dit amak, eta nik, ez flipatzeko. Eta amak flipatu neuk egingo dudala zentzatzen ez banaiz. Eta nik, eskerrik asko, etxetik botatzeak mogolloia lagunduko dit. Eta amak, ja ez dakiela nirekin zer egin. Eta nik, abortatzea eduki zuela. Eta amak, ba, igual baietz. Eta ni komunean itxita, pitbula katu bustiari lez ateosteko albornozari haginka, eta ama nire putoi arropa ta zirtziluekin betetako maleta zahar bi kotxean kargatu eta Andikoara igotzen.

      Putoi arropa ta zirtziluena amaren esakera da, ez nirea.

      Edukiko zenukeela gurekin liburu bat idazteko lain, Polly Pocket: txaleteko bizilaguntxoa baserriko espezimenen digieboluzioak errelatatzen. Zuri asko gustatuko litzaizukeen argazki bat ere akordatu zait portadarako: amak hogeita lau urte dauzka eta Oliver y Benjiko Oliver ematen du peskaderiako kamiseta zuriarekin besoak luzatuta baloiari eusten. Baloia neu naiz, urte ta erdi elektrikorekin, belarrietatik helduta daukadan txerri beltzaran baten bizkarrean eserita.

      Zeuk galtzen duzu.