10.
Institutuko korridore atenporaletatik ezin eskapatuta jarraitzen du oraindik nire parte batek, radiokasetearekin datorren ingleseko titxerrari kablea zapaltzen eta gelen atondoetan klasetik kanporatuta dauden nitarrei begiradarekin puto insti de mierda esaten. Eta ostia txarrean jartzen naiz, tia; gutako askorekin irakasleek behar baino lehen etsi zutelako, baina, batez ere, egon, ikasteko amorratzen nengoelako. Inglesa, adibidez. Edo frantsesa, berdin zitzaidan. Hizkuntza bat, kanporakoa. Jasan ezin nuena, hainbeste orduan isilik eta geldi egon beharra zen; neure umezahar pisua aulkien atzeko hanken gainera bota eta grabitatea zabuka desafiatzen gogoratzen dut eskolaldia, garondoa noiznahi erdibituko nuelako mehatxu permanentearekin fantaseatzen; zizare semitransparentez eta lur bigunez beteriko loreontzia lez. Kra. Baina ikasle txarra ez nintzen. Horrexegatik amesten dut oraindik gure irakasle ohien auto kiskaliekin, Polly, azpian gasolinaz bustitako koltxoi uger bat sartu eta poxpolo bat piztearekin. Dardararik ere ez lidake egingo pultsuak.
Eta egingo balit ere.
Plastikako Arantxak bizi puta osoan jarraituko du hainbeste kostata marraztu nuen bodegoi deformeari barrezka, Joserra Euskarakoak, baten bat xuxurlan entzuten duen bakoitzean, aitaren, semearen eta puto Etxepare Santuaren izenean ni isilarazten eta Maribe Irigorasek hutsegiteak launaka sinatzen, zure amari deituko diot-ka. Bizi puta osoan.
Esan nizun zure amari deituko niola, Unzueta. Eta ni metalezko erregelarekin mahai ertza zerratzen, espedienteak pito bat inporta balit lez. Harik eta zuk, ilara bi aurreragotik, ohartxo bat pasatzen zenidan arte: ondo zaude? knt. Eta nik: bai, errekreoan komunetan? knt. Hirugarrenean, buruarekin baiezkotxo bat eginda baino ez zenidan erantzuten eta ni, halere, haria luzatzen ahalegintzen nintzen Mariberen karikatura bat edo zure horoskopo asmatu berria bidalita. Laugarrenetik aurrera, ezikusiarena egiten zenidan, urteotan egin izan didazun moduan. Diferentzia da, orduan txirrinak jotzerako itzultzen zinela leizera eta neu ere zeure zain egoten nintzela otso narrua burutik behera jantzita eta begiak gorriz pintatuta selbara elkarrekin irteteko. Orain ja ez; gure gordelekua sasiak belztuta dago eta mahai gainean utzi genituen pultsera multikolorrak eta ohar amorosoak basurdeek jango zituzten.
Eta zer.
Koadernoko karratutxo urdinak Pilot beltzarekin errepasatzen ari naiz eta, derrepente, neu nago karratu horietako baten barruan harrapatuta: goialdeko leihatilara iristeko komuneko tazaren gainera igota nago, Putiju ta Alesanderrekin burbu bat egiten. Eta ondoko karratuan zu, atzamarrak ahosabaian dituzula gosaria botatzen, behegaineko zipriztinekin zikin ez dakizun motxila erantzi ere egin barik. Patiora noa, esan didazu, etorri bila amaitzen duzuenean. Baina irten naizenean, ez zaitut inon aurkitzen izan: ez pasilloan, ez futbol zelaiko gradetan, ez zuzendaritzako aterpean. Eta zure lagunek ez didate ezer kontatu errekreoa amaitu eta, atzera klaserantz goazela, irakasle-gelako atean ikusi ditudan arte: mareatu egin da, esan didate. Zelan mareatu? Ba mareatu. Eta? Eta ezer ere ez. Baina ondo dago? Zer inporta dizu zuri.
Bizkarra emanda eduki ditut, gehiago hurrera ez nendin, euretako batek besteei ez-dakit-zein-azterketa gogorarazi eta eskaileran gora abiatu diren arte. Zure Emma, Geri, Victoria, Mel B. ta Mel C. seigarren mailara iristerako hipergaratuta zeukaten malizia genuino harekin: Spice-Girlsak-bost-bakarrik-dira-eta-zurekin-sei-izango-ginateke. Haiek ez zintuzten eskolako pleibak lehiaketan parte hartzera gonbidatu, nik bai. Nirekin ez duzu San Pedroetako bazkaririk egiten, haiekin bai. Haiek azterketa egitera joan ziren, ni ez.
Ni atondoan, zurekin zeuden irakasleek sartzen utzi zidaten arte: tia, zelan zaude? Eta zu, liatzeko papera baino gardenago, oinak aulki baten gainean zenituela lurrean etzanda; zure mandala liburuetako edur-maluta haietako bat balitz lez pintatuko nizun aurpegia suspertu zintezen, Polly. Mareatu egin naiz. Badakit. Txizak irten dit? Ez, izerditan zaude.
Hiru niki zeneramatzan bata bestearen azpian: tiranteduna, manga-laburra eta manga-luzea, perfektamente akordatzen naiz. Malla beltz estuak. Piramide metalikodun gerriko bikoitza. Eta pentsatu nuen, ostia, zenbat aldatu den. Amarekin erosten zenituen Benetoneko konjuntoetatik, galtza deportiboetara eta kamiseta pankartero artaziz moztuetara. Hori-larrosa-turkesetatik, gorrira ta beltzera. Eta, bat-batean, ezustekoa: izozki kukurutxoen marrazkiak zeramatzan galtzerdi parea mendiko boten gainaldetxoan; zu-kume bat hemen nago-ka, Polly. Eta nik harexeri heldu, buztana kiribilduta nahinora jarraitzen zidanari; zelaian behera, harri artean saltoka barik, ipurdiz eta erdi eserita jaisten zen pringada liluragarriari.
Harik eta eskua askatu zenidan arte.