Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

1.

 

 

 

Ez nuke jakingo hau guzti hau noiz hasi zen esaten. Gure bertsio infantilak ikusten ditut Arremiñeko osinera behor-hezurrak jaurtitzen; zu piloaren gainera esku bete lur-hauts isurtzen eta ni burezurra pinu-adar batean zintzilik uzten. Baina ez nuke jakingo esaten, ez noiz, ez zelan hasi zen.

      Egunen batean liburu bat idaztea pentsatzen baduzu, Morora jaitsi nintzen udatik hasi, zuzenean, aurkezpenekin eta mierdekin enrollatu barik. Eta ipini hamasei urte neuzkala eta kopilotu nindoala; inponenteagoa da kotxe zahar baten ez-maleteroan joan nintzela esatea baino. Ni, motxilen gainean, buruarekin sabaia ez jotzeko erdi makurtuta, Olabe ta Adri atzeko asientoan hanka-zabalik eta, aurrekoan, txoferra, esku batekin bolanteari eta bestearekin kopilotuaren jarlekuaren ordez zeraman oilo-kaiolari eusten. Baina zuk ipini aurrean nindoala. Eta gaua zela. Egun argitan gindoazen, baina gaua zela ipini. Eta bide bazterrean botata utzi nindutela. Hori egia da. Eta taxitik irten nintzenean seigarren mailatik aguantarazi zizkidaten txizalarri guztiak batera etorri zitzaizkidana ere bai.

      Imajinatu: ni sasitzan makurtuta txiza egiten, mutilak kotxea arrankatu eta aldatsean gora urruntzen; ni arineketan, ostiaputaka, eta arreba txikiari pultsuan irabazten uzten ari zaion zaparroaren nagusitasunarekin abiadura mantsotzen eurak. Baina hori ez daukazu ipini beharrik; ipini neuk harrapatu nituela. Ze, ordurako, usaintzen nuen eskapada hark nire fantasietako zeharkaldi iniziatikoaren antz handirik edukiko ez zuena, baina katarrak kortina-azalari lez heldu nion eta edozer jateko prest nindoan. Jan, jan esan nahi dut.

      Lauzpabost egunerako Rifera jaitsi eta hueva batzuk ekartzea zen asmoa; neuretzako lain gordetzea eta gainerakoak salduta diru apur bat egiten hastea hamazortzirekin etxetik joaten nintzenerako. Planazo bat zen; Marge Simpsonek Homerri quitanieves bat erosi zuenean lez begiratu zenidan kontatu nizunean, baina planazo bat zen, izan. Denok ez ginen, zu bezala, frantsesez berba egiten zen opor-lekuetara udaro joaten, guapa. Ni ez behintzat.

      Ni Erriojara edo Kantabriara iritsiko nintzen urrunen, amamari ta bere lagunei urtean behin txandala ta zapatilekin ibil zitezen Agrariak pagatzen zien eskurtsio haietakoren batean. Hotel Buenavista. Hostal Arnedillo. Pensión Las Palomas. Lantzean logela batean elkartzen ginen beste hiru andrarekin batera eta olgau baineran, esaten zidaten, zuk olgau baineran.

      Burua uretatik atera, eta ujuka entzuten ditut, lau esne-ontzi irakiten aparra gorantz datorkiela. Jakin egin nahi dut. Jakin. Jakin. Jakin. Eta atzamar punta bustiekin atea gehitxoago zabaltzea lortu dudanean, kokotsa bainuontziaren ertzera itsatsita geratu naiz Dragon Khanari begira: Karmen betzuengoa ta Mertxe, ohe oinean jesarrita elkarri Moscatoa zerbitzatzen, eta amama ta Pili, albo banatan. Horman, telebistatxo bat, eta telebistatxoan, Canal Pluseko peli porno nobentero bat, muteatuta; mendi baserrietako chica yeyeek txilioka altxatzen dituzte besoak zakil bat agertzen den bakoitzean, nik burua urperatzen dut.

      Eta, derrepente, hamabost urte neuzkan eta Chauenetik aurrera nindoan hiru farloperorekin: lokartu egin zara. Eta nik: zer? Lokartu egin zarela. Adri niri berbetan. Ni Olaberi begira. Olabe mugikor batetik bestera txartelak aldatzen.

      Umetan marrazten zenituen gizonte desproportzionatu haietako bat ematen zuen bere gorputz errektangularrarekin eta zenizero-buru karratuarekin, bekokian kristal horidun betaurreko batzuk eta besoan tribal talegero bat gainetik margotuta. Atea txulo jarri zait, esaten zuen, hatz koskorrak markatuta agertzen zen bakoitzean, armairuak ahotsa altxatu dit, hormak ez dit pasatzen utzi nahi izan. Ideia on bat ez zeukan kabroiak.

      Uda hartan ahuntz bat eduki zuen belodromoko arboladian lotuta eta puestoiarekin zeuden bakoitzean tentatzen zituen kuadrillakoak eskura zeukaten edozerekin atzetik eman ziezaioten. Ahuntzari. Baina leienda urbano bat zen. Zuretzat salbaje bat eta niretzat putoamoa pasaporte faltsuarekin Marruekosera atera ninduenetik; Bab Tazara iritsi ginenean, jeke bat balitz lez hartu zuten, joder. Berak eraman gintuen Jamiroren kasoploira, berak pasatu zidan lehenengo katxinba, berak seinalatu zizkidan egongela moduko hartako mahai baxuaren gainean, hori hatxisa, hori koka, hori Bollicau bat.

      Orain, pentsatzen dut, eta esaten dut: puta lerda. Ze ailegatu ta batera pagarazi zizkiguten erostera gindoazena, gehi etxean geunden bitartean jan, edan eta erretzekoak, eta gero erdi botata utzi zituzten diruak; begien aurrean dauzkat nire aurrezkiak, nire aurrezki guztiak, madalena-paper tximurren antzean alfonbra ertzera jausita.

      Zuri gustatuko litzaizukeen detaile klasea da hori, madalena-paperarena. Libururako, esan nahi dut. Hori, eta falta izan nintzen egunetan Agarreko sukaldean egon zen tentsio goenkaleskoa. Beda zutunik, Largo jesarrita, Beda Largori ilea tintatzen: eta sekuestrau badabe? Zerak eukiko dau ha sekuestraute! Largo paparrean zeuzkan toalla puntei atzamarrekin eutsita idiak askara lez burua jaisten, eta Largori garondoa orrazi bustiarekin pasatzen Beda: eta kotxiaz baztarra jota badau? Listinean Durangoko komisariako telefonoa topatzen Beda eta Bedari joan nintzen bidetik etorriko nintzela esaten Largo. Begiak amoniakoarekin odol-gorrituta ikusten dut amama, lokietatik tinta dariola ikusten dut aittitte. Beda ta Largo. Largo ta Beda. Nire umezaroko bariku-zapatu-domekak, uztailak eta abuztuak.

      Nik abisatu nien kanpora nindoala egun batzuetarako. Baina ez zizuten baimenik eman, esango zenidake. Baina abisatu nien.