20.
Orain, bidean gurutzatuz gero, agurtu ere ez ninduke egingo zure amak, baina, orduan, edozein kale itsutatik atera ahal izango zintudala zekielako eramaten ninduen leku askotara. Pentsatzen dut, nahi, nahiago izango zuela etxean gera zintezen eskatzea, beraiek ohitu zintuzten, ordea, zure eskuak eta ulermena halako lau ziren pegatak anorakean itsatsita protestarik protesta ibiltzera. Ze nezesidade, esango zukeen Bedak, umie holako zafarrantxuetara erueteko ze nezesidade euki leike personiek. Eta, ojo, Bedak eta Largok zuk Loisen logoari baino higuin handiagoa zioten-da bandera espainolari. Baina, gurean, domeketan mezara, astelehenetan Batzokiko juntara eta gauza bakoitzari bere izenetik: Ezker Abertzalearen bueltakoak “hb-koak” izango dira forever, konpainia elektrikoak “Iberduero” eta eguraldi-gizonak “Andoni”.
Total, zure aita-amek sartzen ikus gintzaten baino ez genuela azokarakoa egin: txizalarriarekin bagindoaz lez zeharkatu genuen erdiko kalea, atzeko atetik irten eta tanganarako pilatzen ari ziren gazte multzoetako batengana hurreratzeko. Gauza da zu benetan ari zinela txizari eusten. Ezetz, tia, urduritasuna da. Eta nik banekiela; berehala hartzen diot usaina nerbio kanino horrekin mugitzen den jende-klase kontenituari. Ordurako, entzun ere ez ninduzun egiten baina: periskopioa luzatuta zenbiltzan, ingurukoak eta, bide batez, zeure burua, edo zeure burua eta, bide batez, ingurukoak, vhsan mentalki erregistratu nahian. Bisualizatzen ditut: gurasorik bako lehenengo manifaren fotogramak, upa Danceko kapitulu zaharren baten gainean grabatuta. Banan ikusita, hiperestimulanteak. Tartekatuta ikustea, bidaia astral bat. Se gi borrokan, segian tola kuntzan! Se gi borrokan, segian tola kuntzan! Ni oihuka, zuk entzun nintzazun, eta zu beste partera begira.
Jendetzaren ibiliarekin oso modu primitiboan sinkronizatu nintzelako akordua daukat; oinez nindoan bitartean begiak ixten nituelakoa eta, ilundu ahala, Gabonetako kale-argiak piztuaz zihoazelakoa. Bo rroka da, bide baka rra! Bo rroka da, bide baka rra! Zu oihuka eta ni zuri begira: zu eskuak plumiferoaren poltsikoetan sartuta, zu bekozkoa jaiotzatiko tolesturak berragerrarazteraino zimurtuta, zu zeure buruaren paperik amestuenetako bat interpretatzen. Eta, bat-batean, Etxeba, atzerrian ezagun bat topatu eta herrian ez bezala agurtzen dugunean nabarmentzen zaigun efusibitate estrainio horrekin; Etxeba, albotik hurreratu eta apa, neskak! txiki bat airean zintzilik uzten. Apa, neskak! txiki bat zure sorbalda gainera jausten eta, zu, izar-hauts magikoek transformarazi izan bazintuzte lez, bibidi babidi bu, distiratzen. pause.
Gau hartan bertan deklaratuko zitzaizula pentsatu zenuen. Astebetera Anbotora igoko zinetela eta jaistean gurasoak aurkeztuko zizkizula; atxilotzen zutenean, guapa baina dolorez baina guapa agertuko zinela Garan eta, askatzen zutenean, lehenengo umea emango zeniola; gainerako biak, biologikoa gehi harrerakoa, baserria konpontzen zenutenean.
Eta nik premonizio bat eduki nuen, Polly: ondorengo hilabeteetan zenbatetan aipatuko zenidan aurreikusi nuen, zenbat tabernatara lagundu beharko nizun, zenbat neskarekin tonteatzen aurkituko genuen… Eta, haserretu egingo zatzaizkit berriz ere, baina berriz esango dizut: ez zen hainbesterakoa, sinistuidazu. Saiatzen naiz, orduko zure begiekin ikusita, Katamaloko gizonaren trazak antzematen, guapoarenak barik bestearenak, gustuko zenuenarenak. Eta Etxebarekin eduki zenuen kuelgea berdimentsionatzen. Eta eragin nizun mina kalibratzen. Baina konbentzituta nago, hala ere, ikasturte hartan, kasu apur bat egiten zizun beste edozein Goi Gerlarirekin maiteminduko zinena. Determinantea zure predisposizioa izango zela, alegia, ez euren iniziatiba. Konbentzituta nago.
Orain, review. Eta play. Etxeba, atzerrian ezagun bat topatu eta herrian ez bezala agurtzen dugunean nabarmentzen zaigun efusibitate estrainio horrekin, albotik hurreratu eta apa, neskak! txiki bat airean zintzilik uzten. Apa, neskak! txiki bat zure sorbalda gainera jausten eta, zu, izar-hauts magikoek transformarazi izan bazintuzte lez, bibidi babidi bu, distiratzen. Jendea pausoa bizkortzen, jendea arineketan hastear eta zu, hirugarren umearen izena erabaki ezinda, ralentian sartuta. Tia, irten egin behar dugu hemendik. E? Irten egin behar dugula. Zi paio ak, hor ma ra. Zi paio ak, hor ma ra. Ematera datoz ja? Ez, paseatzera! Begien aurrean daukat jarri zitzaizun azkonar-izu aurpegia. Errepre sio a, ezda bide a. Errepre sio a eta palestinodun also starring bat, alsoen artean starringena, hegazkin bati aterrizajerako seinaleak ematen ari balitz lez, besoak alboetarantz mugituz lasai, peņa, lasai, oihukatzen. Eta ez gaitu zue, gel ditu ko. Eta ez gaitu zue, gel ditu ko. Baina beltzak kargatzen, enkaputxatuak jaurtika, Atxondoko neska talde bat arineketan eta gu euren atzetik. Atxilotzen bazaituzte, egin kaka praketan, esaten zion Olabek Adriri, egin kaka ta txiza ta irteten zaizun guztia, dementzia alegatzeko. Ni kakari sakatzen, zu txizari eusten eta zipaio bat posizio fetalean uzkurtuta zegoen rastadun bati ostikoka. Fiessssta.
Atxondoko neskak Abenidako portale batean sartzen ikusi eta, gerturatu ginenerako, sarreran aurkitu ez izana daukat akorduan. Mierda! Gora igoko ziren. Zuk kristal hotsa ez entzuteko belarriak modu infantil baina maitagarri baina infantil batean estaltzen zenituen bitartean, atari hartan eta beste hirutan tinbre-jotzen aritu izana, baten batek zabaldu zigun arte; barruko argia automatikoki pizten, ni eskaileretan esertzen eta zu, atondotik mugitu barik, gorputz adarrak dar-dar zenituela poltsan aztarrika. Tia, ez diozu amari deitu nahiko, ezta? Ez dakit. Ba nik bai, eta ez duzu nahi. Zuk zer dakizu. 2010era arte etxetik irten barik egon nahi duzu, ala? Ez, amari deitu nahi diot. Eskaileretako argi automatikoak amatatzen eta zure musua mugikorraren pantailak argituta; konta iezadazu beldurrezko istorio bat, azkonartxo. Uste dut, kontatu izan bazenit ere, ez nizula sinistuko portale batean erdi ezkutatuta zeundela Etxeba ta beste mutil bat agertu zitzaizkizunik. Hantxe nengoen, ordea, eskuan bilduta kamiseta bana zekartela ate-joka agertu zirenean: a ze librada, neskak, sartzen ikusi zaituztegu, neskak, bost edo sei eraman dituzte, neskak, neskak, neskak.
Zu nobela oso bat idazteko gai izango zinateke ondorengo minutu semiklandestinoei kapitulu oso bat eskaintzeagatik bakarrik, badakit. Nik motzean eta esnetan bigundu barik gogoraraziko dizkizut: iskanbila baretu arte itxaron genuen, Etxebak bikoteka irtetea proposatu zigun, zu aurretik abiatu zinen berarekin eta ni bestearekin gelditu nintzen bost-hamar minutu gehiagoz; neskekin joanda inofentsiboagoak dirudigu, bota zidan. Zuri Etxeba kabroiak ez zizun ezer esan; gerritik heldu zizun Ezkurdiko arkupeak oin-puntetan zeharkatzeko eta beste inork ikusi orduko askatu zintuen Andra Marira iritsi zinetenean: egongo gara! Su puta madre. Horixe pentsatu nuen, elizpeko zutoinetako baten arrimura txizari ezin eutsita aurkitu zintudanean; Caritaseko tonbolako zuhaitza baino bihurrago ta piztuago zeunden, buru gainean bost puntako izar bat briz-briz zenuela. Su putisima madre.