5.
Edo hil.
Hurrengo goizean hilda egotea desiratu nuen Agarren itzartu nintzenean. Ager nadila forentseen argazkietan orain nagoen modu-moduan, pentsatu nuen; ezpainak kalimotxoarekin belztuta, kokotean txupoi bat eta soinean atzoko arropak ditudala, besoak paparrean gurutzatuta eta erdiko hatz biak aterata. Fak yu.
Neure suge-narruei prakekin batera oinetakoen gainera tolesean jausten utzi nielako oroipena eta, sukaldera niki hutsean sartu nintzenean, itzarrik nengoen ala ez bereizi ezin nuelako sentsazio deskontzertante hura. Istripu ostekoaren antz-antzekoa. Piiii metaliko bat belarrietatik lokietara. Arrate irratia, euskal sintonia. Argitasun min bat harraskaren gaineko leihotik barrurantz, markotik zintzilikatutako plastiko gardenezko ur-poltsatxoetan zehar. Txapa kontran ikusten nuen Beda, armairutik berakatz atal bat ateratzen, berakatz atal bat zuritzen, berakatz atal bat jaten: noiztik zauz hor, ume? Jarri zaittez, kafitesnie ipinikotsut.
Ni mahaiburuan eseri eta begiak igurzten hamabost, hamabi, bederatzi urte logurarekin eta Beda colacaua duralexezko baso batetik bestera behin da berriz isurtzen: hotzittuko da, diost. Tia Milak Cambrilsetik ekarritako kamiseta handi bat daramat likrazko mini-kulote horizka batzuen gainetik, eta Bedak tortillarako frijitutako patatak ematen dizkit arrautza gordinetan bigunduta. Koilarakadaka. Ekarri kutxillo txikijje ta gatz potue esaten dit, orture goiez. Eta sudurreraino heltzen zaidan tomate-landare baten parean jartzen nau: elejidu bat, ume. Ale bana hartu, ebaki bi egin, gatz tanta bat ipini eta aho-zapore eferbeszente hura, Polly. Neskato hura, dozenerdi urte geroago, bekokia mahai gainean duela berbarik egin ezinda. Jaixu zozer, ume. Baina nik hil egin nahi nuen. Hamarretan dekozue presentaziñue, ezba? Neuk eruengo zaittut, dutxau zaittez. Esan, ba, zozer, ume. Ala gortu ein gara?
Ez dakit ez eskailerak zelan igo nituen, ez arropaz zelan aldatu nintzen, baina atzera bueltan etorri nintzenerako hantxe zeuden biak: limoiondoaren azpian zaunkaka Enbra, eta Seat Marbella urdinaren bolantean erlojuari begira Beda: ia, ba, ume! Bi-hiru balde kalaz beterik maleteroan, tenazak eta gomazko guanteak. Atzeko asientoa toalla zahar batekin estalita, lore-zurtoinak sartzeko esponja-trontzo lizunduak gainean eta Insalus botila hutsak azpian. Kopilotuarenean, ni, oinetan poltsakada kandela neramala: kontuz, zapaldu barik, elixarakuek die ta. Beda etxeko zapatilekin gidatzen eta bideko zulo guztiak jaten: botaka ein biher bozu, esan, e? Entzun dozu, ume? Eta ni begiak ixten.
Akordu-akorduan daukat amama, nire paparraren gainetik besoa luzatzen eta bentanilla jaisten; haizetxoa bentanillatik sartzen; ni begiak are estuago ixten. Komisariako atean lez, Polly, Bedaren tristura biblikoa ez ikusteko begiak segundo batzuez itxi nituenean lez. Baina zuk hori ez dakizu.