22.
Eta, orain, esajeratu bat naizela esango didazu eta, gertatu, ezer ere ez dela gertatu berbarik egin barik eman ditugun urteetan. Gertatu, gertatu. Gertatu, gure artean. Baina gertatzea zer da, Polly? Zuk badakizu? Ze nik puta idearik ez.
Gurekin zerikusirik ez daukan adibide bat ipintzearren: turroiak, mazapanak eta Ferrero Rocherrak serbileta brodatuekin estalitako hiru plater zatarretan banatzea, zerbait gertatzea da? Eta hiru plater horiek arrain-zopaz eta ardoz orbanduriko mantel desluzitu baten gainean ipini beharra. Eta mantela mahai loka baten gainean dingiliz egotea. Eta, mahaiaren bueltan, gure pamilia, p-rekin. Gure pamilia p-rekin esatea, zerbait gertatu izanaren seinale da? Telebistan Euskal Kantuen Gaua jartzea eta estreinako alkandoradun lau pelotari Furra-furra kantatzen entzutea, Largok Olai-zola-kanpe-on, Olai-zola-kanpe-on errepikatuaz mahai ertza esku ahurrarekin kolpatzen duen bitartean. Zerbait gertatzea da hori? Eta koilara txikia lurrera jausi zitzaionean, Bedak jaso zion arte zirkinik ere ez egitea? Bedak Largori aitte esatea, bada ala ez da zerbait gertatzea? Ez eixu mahaijje holan jo, aitte. Ez eixu mahaijje jo, aitte. Ez eixu jo, aitte, aitte, aitte. Tia Milak zigarroa musturrean eta titiak mahai gainean zituela, esku batekin Suchar puska bat erdibitzea eta bestearekin osaba Aitorri ahoa beteta hitz egiteagatik kokoteko bat ematea, zerbait gertatzea da? Ala ez? Eta osaba Aitorrek atzamar potoloa txupatu eta Alesanderri belarrian indarrez sartzea? Alesanderrek riņoneran ekarri zuen boligrafo laserrarekin nire bibotea seinalatzen afari puta osoa pasatu zuenean, ari al zen ezer gertatzen? Eta nik eskua zaplada batekin apartarazi eta bizkarra eman nionean? Eta Alesanderri bizkarra eman niolako ama ikusi nuenean? Hor zer, tia? Gertakizun bat zen ezpainetan zotz bat zerabilela berbetan entzuten nuenean sartzen zitzaidan lotsa preskolarra? Gertatu zen zerbait, ala ez zen ezer gertatu bere etxera itzuli nahi ote nuen galdetu ez zidanean eta nik bere etxera itzuli nahi nuela esan ez nionean, e? Edo bonboiak konpultsiboki irensteari ekin nionean. Edo Alesander belarriak eskuekin tapatuta Jiglypufen abestia tarareatzen hasi zenean. Edo osaba Aitorrek, kokoteko bat hartzen zuen bakoitzean, tontue nok pentsatzen zuenean. Osaba Aitorrek tontue nok pentsatzen duen bakoitzean txupito bat edango bagenu, gertatuko litzateke ezer? Zer koņo gertatzen zen tia Milak Alesanderren aita fiktizioaren izenean urteroko felizitazioa idazten zuenean, eta bere buruari bidaltzen zionean, eta sobremesan banan-banan erakuts ziezagun uzten genionean? Zer gertatzen zen? Zeozer? Erdi zeozer? Ezer ere ez? Eta amamak osaba Kepari karakolak jatea gustatzen zitzaiola presente del indicativoan esaten zuenean? Gertatzen zen ala ez? Zerbait gertatzea al da Largori ahotsa sikatzea osaba Keparen izena entzuten duen bakoitzean?
Erantzun zeozer, Polly. Bai. Ez. Igual. Zeozer. Ze, niri, ezer gertatu ez dela pentsatzen dudanetan, iruditzen zait, gertatu, ez dela ezer gertatu eta, gerta zitezkeen guztiak gertatu direla pentsatzen dudanetan, gerta zitezkeen guztiak gertatu direla iruditzen zait. Eta garunak leher egiten dit.