18.
Zuri Titanic-ekin gertatzen zitzaizuna gertatzen zait niri lokalarekin: errebobinatu eta berrikusten hasten naizen bakoitzean pentsatzen dudala ea oraingoan hondoratzen ez den, ea Leonardo Dicaprio onik irteten den oraingoan. Sentsazioagoa da pentsamentua baino; jende hark Proyecto Hombren sartuta, edo zipaio izateko prestatzen, edo biak konbinatzen barik, utzi nuen kantoian jarraitzen duelako gorputzaldia. Zubipeetan betikotutako pintaden moduan: nuklearrik ez. presoak kalera. olabe paga la koka. Ordu laurden barru lokalean presentatuko banintz, bertan topatuko nituzkeelako zer bat. Kotxeak eta motorrak giltzak aldean dituztela espaloi gainean utzita, Adri Tom Raiderrarekin biziatzen eta cd baten azalean xehe-xehe jarritako raia sartzen duen bitartean, musika ekipoa, edo aparkalekua, edo metxeroa mangatu dion putasemeari aurpegia zatituko diola iragartzen Olabe; Adri natilla tapa bat balitz lez speed hondakinak cdaren plastikotik bertatik miazten eta kick boxingeko zaku imajinario bati ukabilka Olabe. Aire mugimendu bat. Hotz mota konkretu bat. Sentsazio bat, esan dizut. Ala kareharrizkoa naizela pentsatzen jarraitzen duzu, ba?
Amorrazio retroaktiboan sartzen naiz istripua gertatu zenean zenbat kasu egin zenidan gogoratzen dudanean, tia: zeta, e, erre, o. Zero. Baina, era berean, aitortu beharra daukat giro hark eragiten zizun atzerakadarekin enpatizatzera iritsi naizela urteekin. Bat-batekoegia izan zen dena: gurasoak narrutan harrapatu izan bazenitu lez Loka Magazineko la postura de la semanari aurrez aurre begiratu nahi ezta zinduzkadan egun batean eta, hurrengoan, litroak egiten lokalean; besaulkia ez ukitzearren gerrian zenekarren txaketa bakeroaren gainean eserita, mutilak Zaldibarko tipa bat larrutzen ari ziren bitartean: hogeita bost pabo ordaindu zizkioten moto istripu bategatik ospitaleratuta zeukaten lagun bati mamada bat egitera joan zedin. Inbertitu anekdotatan, esaten zuen Olabek, hazi egiten dira denborarekin.
Ni, berriz, Agarreko katakumeak simaurtzara baino eginago nengoen putetxeetako batallitetara eta paja kolektiboetara; entzumena edo belarriak, ez dakit zer garatuko dugun lehenago, baina okela masatxo bat nintzenetik nago lengoaia animaliak aditzera ohituta.
Eta, zu, ba, kotarroa zelan manejatzen nuen ikus zenezan eramango zintudan hara, ze institutuan Sejiko batek noneko parkinean beste pintatzen nuen ordurako: batere ez. Atzera nirekin lilura zintezen eraman zintudan; hurrengo asteburuan ez-dakit-zeren alde edo kontra gaztetxean antolatu zenituzten kontzertuetara gonbida nintzazun. Zu bai zu antisistema, Polly, aitatxitok eta amatxitok emaniko paga zeuk eta zeure buruak parte hartzen zenuten asanblada horizontaletan barikuro-barikuro autogestionatzen.
Nik sekula ez nuen lokaleko alokairurik pagatu; belaunak flexionatzen eta bizkarra jartzen ikasi nuen, gurean zaldiek, pinuek, gizonezkoek eta andrazkoek eternitate puta osoan egin izan duten moduan, eskuak eta musturrak ondo belztuta. Eta gauza bat esango dizut: ez naiz okerren gestionatu duena izan; gehienetan ez nuen sufritzen eta, batzuetan, gozatu egiten nuen.
Eseriko gara aurrean? desitsatsi dut masaila Adriren papar biluziaren gainetik. Azaroaren hogeita hamarra da eta Olabek utzi dion alerodun Saxo doratu baten atzealdean tolestuta gaude haize-errota jigante biren erdian. Neure urtebetetzea zelako akordatzen naiz egunarekin, badakizu datekin eta orduekin zeinen despistatua naizen. Mila bider errepikatu nien zipaioei ere, baina zuk hori ez dakizu. Eta orain berdin dio, egia esanda.
Neure urtebetetzea zela, alegia. Eta hamasei bete nituela. Eta Oizko lautadaren erdian korritu berri nengoela, hilabeteko itxialditik orduantxe irtenda: utzi giltzak, tu, utzi kotxeko giltzak. Bolkan begiak jartzen zitzaizkidan Saxoa arrankatzen nuen bakoitzean eta, iluntze hartan, arnasari zaldi bati sokatik lez barrurantz tiratuta eraman nuen zelaiaren hegaletako bateraino, ertz-ertzera iristen ginenean motorra gelditzeko. Esku-frenoari tiratzeko. Bolanteari haginka egin eta azeleragailuari sakatzeko, sakatzeko, ostia. Bisonte familia bat galapan. Adriri muerdo bat eman eta berriz sakatu. Muerdo bat. Askatu. Muerdo bat. Sakatu, sakatu, sakatu. Harik eta opari bat ekarri zidala esanez gerarazi ninduen arte. Bisonteak amildegian behera.
Hau zeuretzat, luzatzen dit Betty Boopen kuxin bat asiento azpitik. Arakatzen du poltsikoan, ateratzen du gramo erdi eta diost: hau biontzat. Ez dut nahi. Ze, gehiengoari hala sinetsarazten nion arren, sekula tiro bat sartu bakoa naiz, tia. Garaiari zegokion superbibentzia estrategia bat gehiago baino ez zen: alu bat usaindu ez zuten adolestontoek narrutari saiatuak zirela intsinuatzen zuten, zuk etaren komunikatu bat zeneramala Futuroscopen ateratako familia-argazkiak zeneuzkan pendraifean, eta nik aspiradora batek baino hauts gehiago jaten nuela egiaz terrorea nionean. Genionean. Bakoitzak geure zerari terrorea genionean.
Osaba Aitorrek eta Largok Enbrari oiloarekin egiten ziotena egiten zidan niri Bedak osaba Keparen hil-argazkiarekin, bere mesanotxeko kaxoitik atera eta musturren aurrean ipintzen zidan bakoitzean: drogiek eitten dotsuz barruek jan, ume, bijjotza, pulmoiek eta danak, harrak tomate biguntxuek jaten dabezan moduen. Eta, azkenien, eitten zarena da betiko hil.
Haurtzaroan ereiten dizkiguten beldurrak haginen barruan koskortzen dira, Polly. Saia zaitez zeure kabuz bat ateratzen. Eskuarekin. Aliketekin. Berdin zait. Eta kontatuko didazu.